Urrezko aro berria

Lesakako Beti Gazte sokatira taldea gorenera iritsi da. Lehen aldiz eman dio euskal selekzioari urrezko domina bat Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan, eta, gainera, lehenengo aldiz izan da munduko txapeldun maila mistoan, lur gainean eta goma gainean.

Maria Iantzi eta Karmelo Mitxelena Beti Gazteko tiratzaileak, Lesakako plazan, Ipar Irlandatik ekarritako sariekin. LUR GIL.
Lur Gil.
Lesaka
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Heldu den urtean hiru hamarkada beteko dira Lesakako sokatira taldea Beti Gazte kirol elkartearen izenean lehiatzen hasi zela, eta 1994an bertan lortu zuen Nafarroako lehenbiziko txapela, gizonezkoen 680 kiloko kategorian. Urrezko hamarkada izan zen hura, eta 2004ra arte han eta hemen ibili ziren lesakarrak lorpenak pilatzen. Orduan lortu zuten azken urrea munduko txapelketetan, Glasgown (Eskozia). Taldearen laugarren urrea izan zen. Ordutik hona bi hamarkada pasatu dira Munduko Txapelketa berriz irabazi duten arte, gizonezkoen 560 kiloko kategorian. Duela bi aste jokatutako txapelketan izan zen.

Ikusi gehiago:Taldearen ibilbidea

Lesakako plazan herritarren zorion mezuak jasotzen jarraitzen dute Karmelo Mitxelena Mitxelena sokatira taldeko aurrelari beteranoak (Lesaka, Nafarroa, 1974) eta Maria Iantzi Irigoien duela gutxi hasitako atzelariak (Igantzi, Nafarroa, 1998). Ipar Irlandako Munduko Txapelketatik bueltatzean jaso zuten ongietorria ere handia izan zen: jendetza bildu zen Beti Gazte elkartearen futbol zelaian taldea omentzeko asmoz. Iantzik oroitzapen «ederra» du: «Jende pila bat atera zen kalera gure lorpena ospatzera», azaldu du.

Iritsi da azken urteotan ortzimugan zuten helburua: Munduko Txapelketa irabaztea. Nahiz eta Iantzik «gozokia, azken oparia» deitzea nahiago duen. Izan ere, «gogoan ongi grabatuta» dauka taldekide batek esandakoa: «Ahaztu Munduko Txapelketaz, eta zentratu orainean, Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetan lan ona egin, eta iritsiko da saria».

2014an bildu zen berriz Beti Gazteren gizonezkoen taldea, hamar urteko geldialdiaren ondoren. Emakumezkoek, berriz, 2017an sortu zuten taldea, aurretik hainbat saiakera egin ondoren. Denbora gutxian lortu dute lehenbiziko aroan izandako distira, eta azken urteotan nagusi dira Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketa gehienetan. Aurten gizonezkoen 560 kiloko kategoria izan da galdu duten bakarra, Laukizko (Bizkaia) Gaztediren aurka. Bi talde horien arteko lehia gogorra sortu da azkenaldian, eta Munduko Txapelketetan ere derbi itxura hartu du gainerako herrialdeen begietara.

Sokan aritzeko moduari erreparatuta, teknika berezia du Beti Gaztek. «Talde bakoitzak bere teknika garatu du. Guri hobekien heldu zitzaigun teknika garatu genuen hasierako denboretan, eta orduko bera erakusten diegu orain taldekide berriei», dio Karmelo Mitxelenak. Iantzik uste du «erraztua» izan dutela bidea: «Sokan hasi ginenean, beteranoek garatutako teknika erakutsi ziguten, eta gure maila hobetzen ikusi dugu denbora gutxian».

Mitxelenak aitortu du orduak pasatu dituztela beste taldeen teknika aztertzen eta bideoak errepasatzen, eta entrenamenduaren parte zela lan hori ere: «Proba pila bat egin genituen, batzuk okerrak, baina azkenean sortu genuen gaur egun lantzen dugun teknika». Estilo horren giltzetako bat iraupena da: «Tiraldia luzatzeak egiten digu mesede guri», azaldu du Mitxelenak.

Alderdi fisikoak berebiziko garrantzia du iraupen lan horretarako, baina, gaur egun, bakoitzak bere kabuz egiten du. «Hasierako garaietan, astean bost egunez geratzen ginen entrenamendu ezberdinak egiteko: iraupena, potentzia, fisikoa... Baina orain bizitza beste era batekoa da, eta astean bi egunez elkartzen gara sokan aritzeko».

Sokari eusten irauteak sufritzeko gaitasun handia izatea eskatzen du, hori da sokatiraren oinarrietako bat. Alderdi psikologikoak zeresan handia dauka lan horretan, baina, Iantziren esanetan, ez dute lanketa berezirik egiten: «Horrek berezkoa behar du; ez duenak ez du sokatiran segitzen».

Mitxelenaren ustez, «talde konpromisoa» eskatzen du sokatirak. «Denek argi izan behar dute kide bati pasatzen zaionak eragina duela besteengan». Iantzik garrantzi berezia ematen dio taldeak beharrezkoa duen «zaintza lanari»: «Maila honetan aritzeko, denbora asko eman behar dugu elkarrekin; ez da kirola bakarrik, eta besteen feedbacka behar dugu. Miseria pasatu eta kaskartu arren, hurrengo egunean hurbildu, galdetu eta arazoak kudeatu behar ditugu».

Munduko txapeldun izatera iristeko urteetako konpromisoa eskatzen duen kirola da sokatira: gorputza eta gogoa ondu behar dira. Ikusi dira maila gorenean eta konpromiso berarekin aritutako taldeak erortzen, erreleborik ezaren eta konpromisoari eutsi ezinaren ondorioz: Nuarbe talde historikoa, kasurako.

Arrisku horretaz galdetuta, zera uste du Iantzik: «Denak badu bere prozesua. Sokatirara batzen direnak teknika ikasten hasten dira, sentsazioak probatzen, eta sokan gero eta gusturago aritzen dira. Hasieran ezin da erabateko konpromisoa eskatu, baina modu naturalean hartzen da, taldearen parte sentitzearekin batera».

Mitxelenak bestelako konpromisoen aukera ere jarri du mahai gainean: «Jende pila batek probatzen du sokatira, baina garrantzitsua da bakoitzaren helburua argi izatea. Onargarria da astean behin entrenatzeko erabakia hartzea, eta maila apalago batean aritzea; horrela, jende gehiago animatuko da. Hori erabakitzen bada, aurrera, eta horretan lagunduko dugu».

Hala ere, aurrelari beteranoaren ustez, sokatira «entrenatzeko gogorra eta itsusia» izan arren, «badu zerbait harrapatzen duena, eta asko horregatik geratzen dira, eta konpromisoa hartzen dute».

3.000 biztanlera ez da iristen Lesaka. Kirol arloan urteetako lana egin du Beti Gazte elkarteak, eta futbol eta esku-pilota eskolak kudeatzen ditu. Bi horiek eta batez ere futbolak lotzen dituzte haur eta gazte gehienak. «Lagun kuadrillek elkarrekin egiten dute kirola, eta gehienak futbolean hasten dira elkarrekin. Futbola uzten dutenean sortzen da sokatiran aritzeko aukera; gazte horiek lotzen saiatzen gara gu», Mitxelenaren esanetan.

Herri-kirol eskolarik ez da Lesakan, eta, eskolako haurrek sokatira ezagutzen duten arren, beste kiroletan hasten dira txikitatik. Bortzirietako Igantzin, ordea, kontrakoa pasatzen da: herriko haur asko aritzen dira herri kiroletan. Joan zen asteburuan jokatu zuten, Antsoainen, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Nafar Kirol Jolasetako hirugarren jardunaldia. Proba konbinatuan eta sokatiran aritzen dira gaztetxoak, baina Lesaka eta Igantzi artean bost kilometro eskaseko bidea egon arren, Pietateko mendateak bereizita, Beti Gaztek ez du iturri aberats horretatik edaten.

Sokak ez du etenik

Amaitu da Munduko Txapelketa, baina ez, ordea, sokatira denboraldia. Apirilaren 1ean hasiko da, Lesakan bertan, Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa, zortzikoen ordez, lauko taldeen arteko lehia. Bost jardunaldi izanen dituzte, eta maiatzaren 20an izanen da azkena, Iruritan.

Sasoiko dago sokatira Nafarroan. Amaiur, Antsoain, Araxes (Araitz-Betelu), Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea aritzen dira maila nagusian, baita Sakana ere 20 urtez azpikoan. Beste lurraldeetan ez dagoen lehia honek mesede egiten die, zalantzarik gabe, Nafarroan aritzen diren talde guztiei.

Eta hurrengo Munduko Txapelketa ere ez dute urruti, aurten 2022koa jokatu dutenez, heldu den urtean izanen da hurrengoa, Helsingborgen, Suedia hegoaldean. Mitxelenaren esanetan, hitzordu horri begira, aurten egindakoaren eskarmentua ongi heldu zaie denei: «Guretzat [gizonezkoen taldearentzat] 2020ko Letterkennyko Munduko Txapelketa baliagarri izan zen bezala, aurtengoa ongi etorri zaie neskei ere beste salto bat emateko, heldu den urtean urrearen lehian aritzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.