Antton Kurutxarri. Euskal Elkargoko lehendakariordea

«Gure gain gehiago hartuko ditugu talde profesionalak»

Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak kultur proiektu bat aurkeztuko die laster beste hautetsiei. Kultur eragile profesionalak kontsultatu zituzten norabide orokorrak aurkezteko, baina ez dira denen gustukoak.

GUILLAUME FAUVEAU.
Joanes Etxebarria.
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Kultur proiektua aurkeztu aitzin jadanik, hogei konpainia profesional —bereziki, antzerki eta dantza taldeak— biltzen dituen Taula federazioak gutun ireki bat plazaratu zuen, abenduan, kexu agertuz. Antton Kurutxarri (Baigorri, 1978) Euskal Elkargoko lehendakariorde, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, otsailaren 4ko biltzarrean aurkeztuko die plana beste hautetsiei, bozkatzea proposatuz. Zehaztasunetan sobera sartu gabe, ardatz nagusiak aurkeztu ditu.

Taula federazioak kultur proiektua kritikatu zuen abenduan.

Nik, hautetsi gisa, hori bizitzen dut presio kolpe bat balitz bezala; ematen didate presio pixka bat, eni edo Elkargoari, ez baitira kontent edo satisfos gauza batzuekin. Ezagutzen zituzten norabide handiak, ez azken-azken dokumentua, ez baitzen oraino aurkeztua, baina bazekiten norat ari ginen. Parte hartu zuten hiru tailerretan, udaberrian egin genituenak, eta Taula federazioa lehenago errezibitu genuen, zer kezka zituzten adierazi baitzuten eta ezagutu nahi baikenituen. Elkargoko kultur zerbitzuak biziki ontsa ezagutzen dituzte Taula federazioko konpainiek; horrek erran nahi du harremana eta elkarrizketa beti izandela gure artean. Horregatik, prentsan agertzea hola, presio kolpe gisa hartzen dut.

Orientabide nagusiak ezagutzen bazituzten, erran nahi du arrazoiak badituztela konpainien finantzabideaz eta lanen hedapenaz kezkatuta izateko?

Horretan ez dut sobera prezatzen, baitakite hori ez dela egia. Aipatzea «desastre kultural» bat, eta ez dela gehiago diru laguntzarik izanen... Horretan da ez-zuzena errana izan dena. Arrangura bazuten —bereziki, antzerki eta dantza konpainiek—, ikuskizun biziaren sorkuntza eta banaketa segurtatzen zituen Hameka fabrika gelditu delako. Hori gelditu da, baina erran dugu Hamekaren bidez erdiesten zituzten diru laguntza guztiak baieztatzen genituela. Konpainiekin —eta, bereziki, Le Petit Theatre de Pain konpainiarekin—, lanean ari gara atzemateko funtzio hori beteko lukeen eragile bat, baina Elkargoak ez du funtzio hori beteko. Hameka desagertu zen 2022ko urtarrilaren 1ean, eta 2022. urte osoan ukan dute erraten genuenaren froga, zeren eta sorkuntzarako diru laguntza guztiak eman ditugu, eta aurten berdin-berdin eginen dugu. Gure proiektuan, programazioa ez da instituzio baten eginmoldeetan.

Proiektuaren prestatzeko, profesionalengana jo duzue. Amaturrengana ere bai?

Euskal Kultur Erakundeak [EKE] egina du lan hori, bilduz amateurrekin eta kultura herrikoiaren eragileekin. Egin duguna da EKErekin lana indartzea. Gure proiektuan esplikatuko dugu, bestalde, eta guhaurrek kultura herrikoiarekin ditugun xedeak ere bai. Baina Euskararen Erakunde Publikoarekin [EEP] bezala, konpetentziak banatzen ditugu EKErekin: bere proiektu orokorra idatzi du, eta konpetentzia banaketa egiten ari gara. Erran nahi du EKEk konpainia profesionalak diruz laguntzen bazituen, orain aise gutiago eginen duela, diru gehiago emateko kultura herrikoiaren taldeei edo; eta guk hartuko ditugu gehiago gure gain konpainia profesionalak.

Euskarazko sorkuntza sostengatzea noren esku izanen da?

Ez gara hizkuntzatik urruntzen; gure kultur proiektuaren laugarren ardatza da. Ez da ardatz bat besteetatik kanpo, ez da besteen gainetik, baina nahi izan dugu idatzi argi izan dadin euskara eta gaskoia transbertsalak direla eta diru laguntza bereziekin tratatuko ditugula; mako handien artean, zeren eta badakit politikoki beldurgarria izan daitekeela, eta diskriminazio positiboa egin nahi genuke euskaraz ari diren eragileekin. Egia da antzerkian euskaraz ari direnak ez direla hainbeste, baina eragile profesionaletan bada denetarik. Arte bisualetan ari direnak edo musikariak, horiek guztiak nahi genituzke lagundu.

EKErekin egin bezala, EEPrekin ere koordinazio bat bada euskarazko sorkuntza sostengatzeko?

Ez baitezpada, baina hor ere egin zen banaketa: euskara hizkuntzaren garapenerako argi delarik, EEPren esku da, eta euskara kulturari lotua delarik, EKEren esku. Gertatzen da EKE eta EEP artean elkarrizketa badela, eta EKEk bere proiektua EEPri aurkeztu zion ikusteko elkarren artean nola egin eta nola ontsa banatu. Gu EKEren partaide gara, Euskal Elkargoa EKEren barnean da, eta gisa batez gure beso armatu bat balitz bezala pentsatzen dugu. Hola dugu eraikitzen, elkarren artean, politika orokorra euskararendako.

Otsailaren 4ko batzar orokorrean aurkeztuko duzu proiektua zehazki, baina zeintzuk dira ardatz orokorrak?

Lehen ardatza haurtzaroa da, kolegio eta lizeoak ez baitira gure eskumenetan. Bigarrena da parekidetasun handiagoa xerkatzealurraldean, kostaldea eta barnealdea elkarren osagarri izan daitezen oposizioan sartzeko partez; bada kultur bizi bat eta eskubide kulturalen aisa gehiago jabe gara barnealdean, eta kostaldean badituzte tresna kultural ofizialak, indartsuak. Hirugarren ardatza da gure barneko zerbitzua berriz antolatzea, solaskideak izateko ez bakarrik ikuskizun bizian, baizik eta musikan, zineman, dantzan eta arte bisualetan ere bai. Laugarren ardatza, transbertsala dena, euskarari eta gaskoiari arreta handiagoa ekartzea orain arte baino. Horiek dira ardatz nagusiak.

Lurraldearen oreka nola xerkatuko duzue?

Ene amets politikoa litzateke ditugun tresna batzuk Zuberoara jinaraztea, adibidez. Gertatu da: orkestra sinfonikoa bi aldiz joan da Maulera, eta, joaten delarik, lan egiten du musika eskolarekin, joaten da musika tresnen aurkeztera eskola batzuetara... Hori da, adibidez, kostaldeko tresna batek egin lezakeena barnealdean. Alderantziz, kostaldean gutiago den kultur bizi hori lagundu nahi genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.