Jaiak Gasteizen

Gogotik ospatzeko egun handia

Gasteizko blusek eta neskek doinuz eta kolorez jantzi dute hiria Andre Maria Zuriaren egunean. Txarangaren musikak lagunduta, festa giroan egin dituzte jaietako aurreneko joan-etorriak erdiguneko kaleetan. Ehunka fededun elkartu dira hiriko zaindariari gorazarre egiteko.

Ehunka fededun bildu zen Egunsentiko Arrosarioan, goizean goizetik, zaindariari gorazarre egiteko. J.FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gauaren eta egunaren erritmoak uztartu ziren atzo goizean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Bi egun handi elkarren segidan ospatzearen ondorio izaten da hori: batzuk Zeledonen jaitsieraren ospakizunaren hondarrean ziren bitartean, beste batzuk jaietako egun handia hasteko prest ziren egunaren aurreneko orduetan. Bada, jaietako protagonista nagusien elkargune bilakatu zen plaza egun osoan.

Protagonisten eguna izan baitzen atzokoa Gasteizen. Goizeko zazpietan jaien izaera erlijiosoaren aldekoak izan ziren plazara hurbiltzen aurrenak. Tradizioak hala aginduta, ehunka fededun batu ziren Gasteizko zaindariaren omenezko Egunsentiko Arrosarioan. Andre Maria Zuria: hura izan zen eguneko lehen protagonista. Festaren burrunbaren gainetik isiltasuna gailendu zen plazan goizeko lehen orduetan. Ez ziren plazako erromes bakarrak, ordea: gau osoko festaren ostean etxerako bidean ziren parranda zale ugari ere plazatik igarotzen ziren aldian-aldian. Udaltzainek kargu hartu zieten batzuei, isiltasuna eteteagatik.

Goizeko bederatziak pasatxoan iritsi zen eguneko bigarren protagonisten txanda: blusa eta nesken kuadrillak lehenbiziko aldiz atera ziren kalera jaietan. Haiek ere ohiturari men eginez, nor bere jantziekin dotore atonduta bildu ziren plazara. Txaranga doinuekin hasi zuten egun handia goiztiarrenek. Andre Maria Zuriari lore eskaintza egin zioten aurrena San Migel elizako balkoian, aurreskua dantzatu eta talde argazkia atera zuten ondoren guztiek: Zintzarri, Luken, Karraxi, Basatiak, Siberiarrak, Petralak... erritu bera egin zuten denek bata bestearen atzetik.

Egun berezia baita abuztuaren 5a gasteiztarrentzat, ezbairik gabe. Hala aitortu zuen Ane Fernandez de Larrea Siberiarrak kuadrillako kideak: «Urte guztia egun honen zain egoten gara, baina konturatu orduko pasatzen da; berezia izaten da». Aurpegi onarekin ziren gehientsuenak, jaietako egun handia indartsu ekiteko behar adina deskantsatuta. Mikel Gonzalo Basatiak kuadrillako kideak ahotsa urratua zuen goizeko hamarretarako, halere, baina nabarmendu zuen lore eskaintzako oihuen ondorio zela: «Goizaldeko ordu baterako etxeratua nintzen, formal-formal».

Unai Salazar eta Uxue Martinez gaztetxoen ardura izan zen Zoroak kuadrillakoen lore eskaintza egitea. Belaunaldi berrien erreleboaren isla dira biak, txikienek ere protagonista izateko duten eskubidea aldarrikatu zuten biek Gasteizko zaindariaren irudiaren aurrean. «Gora Gasteizko Jaiak!», oihukatu zuen Salazarrek eskailera goitik; «Gora Andre Maria Zuria!», Martinezek. Aho batez erantzun zioten gainerakoek: «Gora!». Ehunka lagun begira izan arren, ez ziren kikildu bi gaztetxoak. «Pixka bat urduri nengoen, baina ongi atera da», adierazi zuen Martinezek, ostean.

Kuadrillak hamaiketakoa egiten ari ziren bitartean, Gasteizko zortzikoa dantzatu zuten Plaza Berrian. Sokadantza ere egin zuten agintariak bertan zirela baliatuta, Udal Txistulari Bandaren laguntzarekin. Eguerdi parteko ibiliaren ostean, geldialdia egin zuten eguneko bigarren ekitaldi nagusirako indarrak hartzeko.

Arratsaldeko bostetan ekin zioten blusek eta neskek aurtengo jaietako lehen kalejirari. Lepo bete ziren erdiguneko kaleak Berpizkundearen plazaraino egiten duten ibilbidea ikusteko. Eguraldia lagun, festa giroan egin zuten ehunka lagunek ibilia. Pankartek jarri zuten umore puntua, urtero legez. Iluntzean, afalordurako egin zuten itzulerako bidea. Txarangen doinuak lagun, dantza eta algara artean igaro zuten hiriaren erdigunea ostera, festari etenik jarri gabe. Jaietako egun handia gogotik ospatzekoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.