KRITIKA. Musika

Erromantizismoaren bidetik

2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Musika-Musica

Orkestrak: Bilbo Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendariak: Yaron Traub eta Jose Miguel Perez Sierra. Abeslariak: Bilboko Korala eta Easo Abesbatza. Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia.Eguna: Martxoak 4.

Jendez betezen Euskalduna jauregia Musika-Musica jaialdiari hasiera emateko eta BOSen nahiz EOSen emanaldiez gozatzeko. Lehenengo kontzertuan Bilboko Orkestrak, Bilboko Koralak eta Easo Abesbatzak Richard Wagnerren operatako piezak eta koroak eskaini zizkiguten. Guztiz erakargarria da publikoarentzat holandar alderraiaren elezaharra, non azaltzen den itsasoko kapitainaren zigor-ibilbidea emakume baten maitasunak askatu arte. Bada, Obertura-n antzeman genuen Bilboko Orkestra juxtu samar zebilela baliabidez. Gure ustez, wagnertar orkestrak tronpa gehiago behar ditu, kontrabaxu gehiago , biolontxelo gehiago... Kontuan harturik egitarau osoa tankera horretakoa zela eta Bilbokoek eskarmentua dutela opera horietan, ez dut azalpenik aurkitzen. Hurrengo piezetan, Norvegiako Marinelen koruetan, hain zuzen, koruko gizonak zalantzati hasi ziren. Tinbrearen kalitate makalarekin, ez zuten behar bezalako indarrik adierazi, eta batzuetan batasunik ere ez. Koruen emaitza hobetu egin zen Lohengrin-eko Eztei Martxa ospetsuan; batez ere, emakumeak sartu zirenean. Horiek tinbre egokia, dinamika aproposa, lerro kantua erakutsi zuten, nahiz eta goi tonuetan batzuek arazoak izan. Tanhäuser-eko erromesen koroan, nabarmen erakutsi zuten ez zutela egunik onena gizonek: hasierako esaldi soinubakarretan —orkestrarik gabe— ozta-ozta eutsi zioten tonuari, eta tarteetan ere beldurrez aritu ziren. Azkenean, zuzendariak harizko tresnak jotzen jarri zituen.

Gizonezkoen haria gaztetu egin beharko da ahotsen kalitatea bermatzeko. Yaron Traub zuzendariak ondo ezagutzen ditu bai orkestra eta bai koroa, baina entsegu gehiago behar zituzten abesbatzek, eta, beharbada, orkestra ere bai.

Euskadiko Orkestrak behar diren instrumentuak aurkeztu zituen Wagnerren eta Richard Straussen bakarreko lanak jotzeko. Tristan eta Isolda-ko Isoldaren heriotza da operak izan duen maisulanetako bat, konplexutasun handikoa. EOSek eder kontrajarri zituen lanak dituen tonu, gai eta erritmo ezberdinak, ñabarduraz bete zituen dinamikak: esaterako, crescendo zirraragarriak maisutasunez biribilduak. Straussen Heriotza eta Antzaldatzea poema sinfonikoa lan urragarria da, hilzori luzearen deskribapena eta Beste Mundu-ko askapenaren deskribapen laburra egiten duena. Lan sakon eta idealista oso ondo gauzatu zuten Jose Miguel Perez Sierra zuzendari entregatuak eta Euskadiko Orkestra beteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.