KRITIKA. Zinema

Aristokratak eta bilauak

Joaquin Phoenix aktorea, Joker filmaren fotograma batean. WARNER BROS / EFE.
Gontzal Agote.
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun

'Joker'

Zuzendaria: Todd Phillips. Aktoreak: Joaquin Phoenix, Robert De Niro, Zazie Beetz, Frances Conroy. Herrialdea: AEB. Iraupena: 121 minutu.

Soilik ezjakintasunez eta hipokrisiaz justifikatzen ahal da Joker filmaren ustezko indarkeriaren apologiari buruzko polemika programatua. Ezjakintasunez, Batmanen unibertsoak bere barnean ezkutatzen duen iluntasuna ez ezagutzea baita, saguzar erraldoia eta haren jokamoldea ez baitira inongo eskola umerik doktrinatzeko modukoak.

Hipokrisiaz, indarkeriarekin—edozein motatako indarkeriarekin— askoz ere jokamolde arriskutsuagoa duten zientoka film estreinatzen baitira urtero. Eta zer esan, aisialdi orduak betetzen dituzten bideo jokoez.

Kontua da indarkeria —ez hemen, ez Gothamen— ez dela beti modu berean neurtzen; nondik datorren eta nora doan zedarritzen du haren gaineko epai morala. Baita haren gaineko oihartzun mediatikoa ere, jakina.

Hor dago koska, eta hipokrisia hori da Todd Philipsen filmak erabat biluzi duena. Ez ondorengo zalaparta histerikoan, filmean bertan baizik. Izan ere, Joker, bere bertute zinematografiko ugariez gain, historiaren zein istorioen ohiko ikuspuntua iraultzen duen tresna arriskutsua da.

Betidanik argi izan dugu superheroia nor den eta bilaua nor den, baita batek zein besteak izan beharreko ezaugarriak ere. Bada, orain, ustezko errealitate horri begiratzeko beste proposamen bat luzatzen digu Joker-ek, gurtu dugun orbanik gabeko ispilua hamaika zatitan txikituz.

Batman ez zen superheroi jaio, superheroi egin zuten. Eta Joker ere sistemaren asmazio bat da, beharrezkoa den etsaia, kontzientzia lasaigarria. Gertatzen dena da saguzarra aberaskumea dela, bestea historiarik gabeko hondakin bat dela, defendatzeko eskubiderik ez duen pieza ordezkagarria.

Horren ondorioz, batak indarkeriaren monopolioa izan du jaio zutenetik, bere balio eta nahien arabera justizia egiteko monopolioa. Hala izan da luzaroan. Kontua da, 80 urte geroago, Joker matxinatu dela eta berea dena eskatzera etorri dela. Hortik hipokrisia, hortik zalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.