Albistea entzun

Katixa Agirre. Idazlea

«Beharbada gu ere iraultza bat bizitzen ari gara»

Etorkizun hurbilean, Parisen, hiria errefuxiatu klimatikoz beteta dagoenean eta ia jende guztiak errealitate birtualerako betaurrekoak aldean daramatzan inguru batean girotu du idazleak 'Berriz zentauro' eleberria. Agertokiak agertoki, baina, adin ertaineko emakume baten galderak ikusten ditu ardatzean.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko abenduak 4 - Bilbo

Errealitate areagotuko betaurrekoak, mundu digitalean mugitzeko eskularruak eta laztan birtualak azalean sentitzeko neoprenoa. «Oraindik ez daude garatuta», azaldu du Katixa Agirre idazleak (Gasteiz, 1981), «baina guztiak existitzen dira; ez dut ezer asmatu». Ezinbesteko elementuak izan ditu denak Berriz zentauro (Elkar) nobelan sortu duen mundua eraikitzeko. Egun minoritarioak diren tresna horiek herritar gehienen artean zabaltzen direnean gerta daitekeena irudikatu du liburuan. Hirugarren eleberria du, eta XXI. mendearen erdialdera eraman du Paula Pagaldai protagonista, errealitate fisikoa eta birtuala, areagotua eta hedatua nahasian doazen mundu batera. Parisera joango da hura, Mary Wollstoncraften inguruan ikertzera, eta bere gorputza berriro deskubritzeko parada bihurtuko zaio. Gorputza baita errealitate guztien bidegurutzea. «Dena gertatzen den lekua».

Oihartzun handia izan zuen zure aurreko liburuak [Amek ez dute, 2018, Elkar]. Nola bizi ohi dituzu lan batetik besterako jauziak?

Aurreko liburuaren itzulpen batzuk oraindik ez dira atera, eta ez dut erabat moztu zilbor hestea. Baina hau idazteko, beste toki eta egoera mental batean egon naiz. Beti egin dut pixka bat nahi izan dudana, baina sentitu dut aurrekoaren arrakastak kreditua eman didala hemen askeago aritzeko.

Azala sormen gunearen enkargu batek hurbildu zintuen fikzio espekulatibora. Gehiagorako gogoz gelditu zinen?

Bai, oso librea eta aberasgarria izan zitekeen bide bat ikusi nuen. Azalakoa oso proiektu polita izan zen hasieratik. Premisa argia zen: Araban gaur egun garatzen ari den proiektu utopikoren bat abiapuntutzat hartu eta etorkizunean proiektatu behar nuen istorioan. Gasteizko Errekaleor auzo okupatua aukeratu nuen, eta prozesu kreatiboa lantaldean egin genuen. Idazten nuen bitartean, jendea nahiko gainean zegoen, eta lan egiteko modua desberdina izan zen, ez hain bakartia. Maila pertsonalean ate batzuk ireki zizkidan: etorkizuna hor dago, ez dakigu ezer haren inguruan; beraz, imajinaziorako esparru erabat librea dela ikusi nuen.

Errealismoa baino libreagoa?

Zentzu batean, bai. Jolasteko aukera gehiago eman dezake, baina, gero, azkenean, idazketa bera da. Pertsonaia da inporta duena, hari benetako bizitza bat ematea, pertsona bihurtzea eta ez pertsonaia. Hortik aurrera liburu bakoitzak eskatzen dizuna beti da diferentea. Hau bai izan da nire nobelen artean azkarren idatzi dudana, hori bai; Amek ez dute-rekin hiru urte egon nintzen, Atertu arte itxaron-ekin bost, eta hau urtebetean idatzi dut. Baina zirkunstantzia pertsonalengatik ere izan da, eszedentzia hartu nuelako, umeak koskortuago daudelako...

Nahasketa da eleberriaren ideia zentrala, azalak eta izenburuak ere aurreratzen dutenez. Errealaren eta ez-errealaren arteko tentsioa jarri duzu beti jokoan. Non sumatzen dituzu mugak?

Oso barneratuta daukadan sentimendu batetik dator dena, eta da errealitatearen eta fikzioaren arteko elkarbizitza. Askotan uste da gauzak errealak direla, eta mundu aparte batean dagoela fikzioa; ipuinak, pelikulak... Baina nik askoz nahastuago ikusten ditut. Fikzioak sekulako eragina dauka errealitatean, eta kontrara. Batzuetan galdetzen didate idatzi dudan zerbait ea benetan niri gertatu zaidan, eta beti ez dut jakiten zer esan; edo ahaztu zait edo nahastu dut. Hori dago funtsean, baina, kasu honetan, teknologiak errealitate birtuala sartzen du, eta horrek gure zentzuak engainatu, eta sinetsarazten digu gauza bat ez duguna fisikoki bizi izan. Baina gure burmuinak erregistratu badu eta mezu hori bidali badigu, bizi izan dugu... ez?

Horrelako galderak utzi dituzu liburuan. «Zer da erreala eta zer ez? Jainkoa, maitasuna, desira? Noraino pertzibitzen ditugu gauzak benetan diren momentuan? Zer da benetan?».

Jainkoarena oso argi dago, ez? Guretzat igual fikzioa da, baina beste batzuentzat bizitzeko arrazoia bera da. Esan dezakegu ez dela existitzen? Zentzu batean existitzen da, ze benetako efektuak ditu jende askorengan. Edo Olentzero. Ez da existitzen umeentzat?

Liburuan esaten da mundu «errealetik» harago bizi ahal izateko dugula irudimena. Hala uste duzu zuk ere?

Bai. Fikzioa gizateriaren beharrizan oinarrizko bat da. Horrek bereizten gaitu beste animaliengandik: imajinatu ditzakegula bestelako munduak eta, horri esker, sortu ere bai. Beti imajinatzen dugu egin baino lehen, hori da Homo sapiens-a bultzatu duena.

Generoaren auzira ere eraman duzu nahasketaren ideia. Besteak beste, Andrea Long Churen aipu teoriko hau jarri duzu pertsonaia baten ahotan: «Generoa bestearen desioaren araberako konstrukzioa da, bestearen desioaren espresio soziala».

Bai. Beti interesatu zait gaia, eta mundu birtualak aurrerapauso bat emateko aukera eman dit, ze metabertsoan ez badugu gorputzik izango, ez dugu zertan generorik izan. Generoen desitxuratzea aspaldi hasi zen, baina azeleratzen doa. Eta iruditzen zait XXI. mendeko aldaketa nagusia generoarena izango dela.

Deigarria da protagonistak gizonezko baten abatarra erabiltzen duela, batik bat, mundu birtualean neskekin sexua izateko.

Bai. Bere kasuan, maskulinitate tradizionalaren genero rola errepikatzen du, boterea izateko.

Mundu birtualetik kanpo, berriz, senarrarekin duen harremanean rolak nahiko bere hartan erretratatu dituzu.

Bai... Historiak erakusten digu aurrera egiten dugula, baina bidea kurbaz beterikoa dela, eta atzera ere egiten dela. Liburuan ikusten da belaunaldi bat genero arau ugari apurtu dituena, baina ikusten da antzinako rolen arrasto handia gelditzen dela ere.

Sexualitateak eta desirak dezenteko pisua dute kontakizunean. Teknologiak eremu horietara zer dakarren, askapena edo bakartzea eta alienazioa, nahiko modu anbiguoan ageri da...

Gogoeta hori etorri zitzaidan irakurri nuenean gaurko gazteena dela sexu gutxien praktikatu eta porno gehien kontsumitzen duen belaunaldia. Horrek galderak planteatzen ditu: bata bestea ordezkatzen ari ote den, zergatik pornoa ezin daitekeen sexu harremantzat hartu... eta, noski, baita esplotazio kapitalistaren ideia ere. Diruaren truke, edozein beharrizani erantzun nahi dio sistema honek. Aterki bat behar duzula? Tori. Orgasmo bat behar duzula? Tori. Sexualitatea bada askatasunerako eremu bat, horren froga da diktadurek eta erlijioek erreprimitu duten zerbait dela. Orain galdera da teknologia zer ari zaigun ematen.

Liburuan gehien errepikatzen den esaldietako bat da: «Hemen zaude eta bat-batean hor». Errealitate fisikotik birtualerako igarobidean gorputza galtzen da. Zer galtzen da harekin, zure ustez?

Gorputza gozamenaren eremua da, eta kontrakoa. Gorputza da heriotza; gorputza baldin badaukazu, hiltzera zoaz. Orain badago korronte bat esaten duena erabat digitalizatu behar garela, heriotza gainditzeko. Gure kontzientzia digitalizatu, beste batzuekin konektatu eta megainteligentzia baten parte bihurtu, eternitaterako.

Bai?

Bai, eta ez da bi eroren kontua. Silicon Valleyko aberatsek hori dute hurrengo helmuga, diruaren bidez heriotza gainditzea.

Gainontzean, iruditzen zait gorputzetik nahiko aparte bizi garela. Ez gara konturatzen gorputz bat dugunik minak datozen arte. Haurdunaldiekin deskubritu nuen hori: bat-batean gorputz bat neukan, eta gauza asko ari ziren gertatzen, denak arraroak. Orduan hasi zitzaizkidan gorputzari buruzko hausnarketak, ikusita azkenean hau dela [bere gorputza begiratzen du] daukagun dena.

Amatasunarena ere bada liburuan azpitik doan beste gai bat.

Bai. Bizitza eta heriotza aipatzen dira asko. Hor, adibidez, inportantea iruditzen zait Mary Wollstoncraften amaiera, erditu eta gero hil zen [Mary Shelley idazleaz erditu ostean, zehazki].

Wollstoncraf Ilustrazio garaiko idazle eta ekintzaile feministarena da, hain justu, nobelako beste hari nagusia. Nola gurutzatu zitzaizun istorioan?

Aspalditik nuen radarrean. Amek ez dute-n sartu nahi nuen, baina ez nuen tokirik ikusi. Pertsonaia bezala sartzea bururatu zitzaidanean, Parisko hotel batean elkartzea, ohe berean, bera eta protagonista, orduan hasi nintzen benetan idazten. Oso pertsonaia interesgarria da. Gauza asko bizi izan zituen, gaur oso modernoak iruditzen zaizkigunak; maitasun librea, demagun, gaurko polimaitasuna, izan zuen alaba bat ezkonduta egon gabe... Bertatik bertara bizi izan zuen azken mendeetako iraultzarik inportanteena. Baina, beharbada, teknologia inoiz baino azkarrago garatzen ari dela ikusita, gu ere iraultza bat bizitzen ari gara. Interesantea egiten zitzaidan paralelismo horiek ikusaraztea.

Iragana eta etorkizuna lotu dituzu, horrela.

Uste dugun baino askoz lotuago daude. Bizi gara orainaldian, baina geroan asko pentsatzen dugu, zer egin nahi dugun bizitzan, eta baita iraganean ere; gertatu dena, bai sozialki eta bai norberaren bizi istorioan, beti dago bultzaka. Historia lan kolektibo bat da beti, denok gaude gurpil horretan. Niri historia irakurtzeak asko lasaitzen nau. Desastre hain handiak gertatu dira... eta hemen gaude. Herri batzuk ez, baina gizateria bera beti berreskuratu izan da.

Horregatik urrundu zara distopia tonuetatik? Nahiz eta klima larrialdiaren ondorioak azpimarratu dituzun, adibidez, sentsazioa ez da guztiz etsigarria.

Klimarenak ez du atzera-bueltarik: argi dago zerbaiten amaierara iristen ari garela. Baina erabaki kontziente bat izan da katastrofismotik aldentzea, nire izaeragatik, baina baita politikoki horrek dituen efektuengatik ere; apokalipsia badator, pentsatuko dugulako gaur ez gaudela hain txarto.

Gehiegizko bizimodu teknologizatuekin kritiko den belaunaldi gazteago bat ere bada nobelan. Zeri egiten diote egiaz erresistentzia?

Konfiantza guztia teknologian jartzeari. Salbatuko gaituena lan kolektiboa izango da, beti, elkarlana. Teknologiak lagundu dezake bidean, baina dena haren esku uzteak ez du funtzionatuko. Nobelako belaunaldi horrek zaharragoak teknologiarekin oso alienatuta ikusten ditu, eta egin daiteke paralelismo bat gurekin: denbora pila bat pasatzen dugu Instagramen, Tik-Token, gure bizitza kontatzen... Uste dut une batean konturatuko garela... stop, ez dugula hori gehiago nahi.

Ursula K. Le Guinek zioen istorio guztiak gatazketan oinarritzeak ikuspegi oso mugatu eta maskulinoa ezkutatzen duela. Irudipena da zuk ere ez duzula gatazka zentral baten bueltan idatzi.

Baina niretzat badago gatazka bat, nahiz eta ez den esplizituena, eta da emakume horrek zer egin nahi duen bere bizitzaren bigarren erdiarekin; lanarekin, familiarekin, senarrarekin. Gauza asko gertatzen dira, baina nire galdera zen zerk kezkatzen duen benetan protagonista, eta da bere bizitza pertsonala. Beste guztia, Paris, metaunibertsoa... antzerkiaren parte da, gure bizitzetan bezala. Ukrainan gerra egon daiteke, bai, baina gu benetan kezkatzen gaituena gure bizitza da.

Euskarazkoa plazaratu eta gutxira atera dira katalanezko eta gaztelaniazko itzulpenak. Horrek eragin dizu idazketan?

Itzulpenen editoreak bazekien idazten ari nintzela, eta nahiko gainean egon da, baina ni idazten nagoenean, horretara nago. Kontzienteki ez dit eragin, baina agian bai inkontzienteki.

Berdin-berdin sartu duzu Jon Miranderi loturiko kasu baten aipamena, esaterako.

Bai, lehen aldia izan da ez dudala nik itzuli, eta bai pentsatu nuen Miranderena itzultzailearentzat arazo bat izan zitekeela. Oin-oharren bat jarriko ziola uste nuen, baina esan dute ez duela behar.

Ezer aipagarririk topatu duzu kanpoko literatur giroetan?

Poztasunak eta ezustekoak. Adibidez, Las madres no atera da Argentinan, eta nik pentsatzen dut hango populazioa ez dela oso handia, liburuak irakurtzen dituztenak gutxi direla, nire liburua irakurri dutenak are gutxiago, eta, hala ere, bi hilabete daramatzat Instagrametik egunero zorion mezuak jasotzen. Nire irakurketa zein da? Jendea espansiboa dela han. Euskal literaturan ez da kariño handirik nabaritzen, jakina da hori. Liburu batek noiz funtzionatzen duen kanpoan, noiz hemen... hori beti da misterio bat. Idatzi behar duzu idatzi behar duzula sentitzen duzuna, hori da gida bakarra.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.