Aragoiera batzeko bidean

Aragoiko Hizkuntzaren Akademia sortu berriak hango hizkuntzaren ortografia araudi ofiziala onartu du. Batzuk erabakiekin ados ez egon arren, hizkuntza batasuna bultzatu beharra nabarmendu dute adituek eta elkarteek. Aragoiera ez da ofiziala inon, eta galtzeko arriskuan dago, Unescoren arabera.

Aragoiera batzeko bidean.
Iker Tubia.
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun

Ofiziala da. Ez hizkuntza, baina bai haren ortografia. Aragoieraren ortografia arautu eta onartu zuen Aragoiko Hizkuntzaren Akademiak apirilaren 3an, eta Aragoiko Aldizkari Ofizialean argitaratu hilaren 20an. Hemendik aurrera, hori izanen da ortografia ofiziala, eta, legez, erakunde ofizialek araubide horri jarraitu beharko diote. Orain arte, aragoieraz idazteko zenbait proposamen baziren: onarpen maila handikoak batzuk, bazterrekoak besteak. Duela bi urte paratu zuten martxan akademia, eta, orain, aragoiera batzeko bidean lehenbiziko pausoa eman dute. Horren garrantzia nabarmendu du Anchel Contek, Aragoieraren Institutuko lehendakariak: «Oso kontent naiz ortografia bat dugulako, eta hori ezinbestekoa da. Gainera, hizkuntza bati seriotasuna ematen dio horrek».

Galtzeko arriskuan dago aragoiera, Unescoren hizkuntza sailkapenaren arabera –euskara egoera zaurgarrian dago sailkapen horretan–. Latin hizkuntza da, katalanera, okzitaniera, gaztelania eta frantsesa bezala, eta inon ez da hizkuntza ofiziala. Horrek zaildu du haren iraupena eta normalizazioa. Aurretik ere egin dira hizkuntza idazteko proposamenak; 1987koa izan da zabalduena orain arte, baina akademia baten faltak autoritaterik gabe uzten zituen horrelako erabakiak. Ortografia araudi berriak kontrako iritziak ere sortu ditu, baita akademiaren barruan ere, beraz, denborak esanen du arau horiek gizarte osora zabaltzeko egokiak direnetz.

«Orain arte ez dugu izan arauak zehazteko gaitasun legala duen autoritate zientifiko bat», gogoratu du Contek. Akademia ofizialik ez izanagatik ere, aragoiera arautzeko bidea ez da orain hasi. Lehenbiziko urratsa 1974an eman zuten: aragoieraz idazteko lehenbiziko arau ortografikoak zehaztu zituzten zenbait idazle eta adituk. Bi urte geroago, Consello d'a Fabla Aragonesa elkarteak bere egin zituen, eta, 1987an, zuzenketa batzuk eginda, arau horiek berretsi zituzten Huescan (Espainia), aragoieraren normalizaziorako lehenbiziko kongresuan. Francho Nagorek zuzendu zuen ekitaldia. Hizkuntzalaria, idazlea, Aragoiar Filologiako espezializazio diplomako irakaslea eta Aragoiko Hizkuntzaren Akademiako kidea da. Esan duenez, orain arte «zabalduen» eta «onartuen» egon den gramatika proposamena hori zen. «Elkarteen %95ek onetsi zuten 1987an, eta oraindik grafia hori erabiltzen da nagusiki».

Haatik, ez da proposamen bakarra izan. SLA Sociedad de Linguistica Aragonesak 2004an egin zuen berea; EFA Estudio de Filologia Aragonesa elkarteak, 2010ean, 1987koari jarraikiz; Grafia Aragonesa de Compromis aurkeztu zuten 2016an, eta Aragoiko Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Nagusiak beste proposamen bat egin zuen 2017an, orain arte erakunde ofizialetan erabili dena.

Erronka ez zen makala. Conte izan da ortografia arautzeaz arduratu den batzordearen burua: «Eredu horiekin egin dugu lan, denak izan ditugu kontuan, eta neurririk egokienak hartu ditugu. Nagusiki hizkuntzalarien iritziak aditu ditugu». Ez da erraza izan, «interpretatzeko manera ezberdinak» baitzituzten; beraz, botoek erabaki dituzte arauak: batzuetan, adostasunez; beste batzuetan, gehiengo txikien bidez. «Lan hau oso-oso serioa da, eta uste dut emaitza nahiko ona izan dela».

Etimologia vs fonetika

Ortografia araudi berria defendatu du Contek: «Ortografia arrazionala da, dialekto guziak sartzeko modukoa». Adibidez, artikuluak hiru forma nagusi dituenez, guziei egokitutako ortografia osatu dute. «Eskuzabal» jokatu dutela esan du. Esaterako, gue edo hue soinuekin, g onartu dute dagoeneko errotuta dauden erabileretan: güello [begia], güevo [arrautza]... Berdin ñ edo ny idazkerarekin; biak onartu dituzte. «Erabilerak zehaztuko du 20-30 urte barru zein den nagusi».

Francho Nagore ortografia arautzeko batzordean aritu da, baina ez dago ados emaitzarekin; are, «zentzugabekeria» iruditzen zaio: «Akademiak egin duen proposamena etimologian oinarrituta dago; hau da, orain arte erabiltzen zen fonemen irizpidearen guztiz kontrakoa da. Aldea sekulakoa da». 1987ko proposamenaren arabera, betiquera [aihenzuria] idazten zuten, b-z; orain, etimologiari jarraikiz, latinez v-z idazten zenez, vetiquera da. Berdin vasuera [zaborra] hitzarekin. «Aragoieran ez dago v fonema; h ere ez». Baina orain ez da ibierno [negua], hibierno baizik; eta, bukaerako t ahoskatu ez arren, ez da fuen [iturria], fuent baizik. «Ezin da alboratu latinetik aragoiera modernora egon den bilakaera».

Egiteko manera ere kritikatu du Nagorek: uste du bederatzi akademiko ez direla aski errealitate osoa ordezkatzeko, eta salatu du kanpoko iritziak ez direla kontuan izan. «Irizpide etimologikoen alde egiteak aragoieraren normalizazio prozesua hausten du, zeina 1970ko urteetatik baitator; hutsetik abiatzea bezala da». Gainera, halako arauak denbora batez probatu behar direlakoan dago, jendeak onartzen dituenetz ikusteko. «Arantzazun euskara batua onartu zutenean, hamar urteko epea utzi zuten probatzeko».

Edukian sartu gabe, ortografia ofizialaren onarpenaren alde mintzatu da Chuserra Barrios Nogara-Religada kultur elkarteko kidea. Haien eginkizun nagusietako bat helduen alfabetatzea da; hortaz, ortografia beharrezkoa dute: «Oso-oso garrantzitsua da guretzat. Orain arte beste grafia bat erabili dugu, nahiko onartua zegoena eta zehatza zena [EFAk proposatutakoa]. Gramatika bat ere landu zuten, eta hiztegi ortografiko bat. Baina ez zuten talde guztiek onartzen. Nahasgarria zen egoera, eta adostasun bat behar genuen».

Ortografiarena hasiera baizik ez da izan. Hilabete bukaeran erabakiko dute nondik jarraitu: «Funtsezko bi afera daude: gramatika eta hiztegia. Hortik hasi beharko da, hori baita lanik gogorrena», esan du Contek. Toponimiaren garrantzia ere aipatu du: «Herri elebidun guzietan bi izenak onartzea aurrerapen garrantzitsua litzateke».

Aragoiera, larri

Egoera zailean dago aragoiera. Iris Orosia Aragoiar Filologiako espezializazio diplomako zuzendaria argi mintzatu da: «Egoera oso delikatua da. Aragoiera bizi dadin, ezinbestekoa da mantentzen den lekuetan gaztelaniak hura ez ordezkatzea eta hiztun berriak lortzea, eta horretarako hizkuntzak duen instituzionalizazio maila ez da aski gaur-gaurkoz». Hala ere, 2015ean Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Nagusia sortu zen, eta azken zortzi urteetan «inoiz ez bezalako aurrerapausoak» eman dituela esan du.

Zenbait haur aragoiera ikasten, Huescako haur hezkuntzako ikastetxe batean, artxiboko irudi batean. Berria

Conte «ezkorra» da egoerari begira. Bi faktore aipatu ditu hizkuntzaren galeran: herriak hustea eta familiako transmisioa etetea. Nagorek ohartarazi duenez, erabilera «atzera» egiten ari da «etengabe»: «Jende gaztearen erreakzio bat dago, baina ez da bilakaera historikoa orekatzeko gai».

Normalizazioaren bidean, Orosiak eskola aipatu du. «Hizkuntzaren ikasketa bigarren mailan egoten da zentroaren hezkuntza proiektuaren barruan, eta A2 maila lortzeko zailtasunak dituzte ikasleek», salatu du. 1997an, lau ikastetxetan hasi ziren aragoiera irakasten, baina 2015etik «bultzada» jaso du hizkuntzak, eta dagoeneko ia 60 ikastetxetan irakasten zaie 1.300 ikasleri.

Hizkuntza mantentzen den herrietatik kanpo, hirietan aragoiera ikasten dute batzuek: Huescan, Teruelen, Zaragozan, Jakan... «Baina, gizartean eta erakundeetan ez dagoenez normalizaturik, ikasle horiek zailtasunak dituzte hizkuntza egunerokoan erabiltzen hasteko». Denak kezkatuta daude egoeraz, eta bat egin dute aldarri batekin: aragoieraren ofizialtasuna. Barriosek hala esan du: «Aragoiera ez denez ofiziala, blokeo asko topatzen ditugu administrazioan, eskolan, unibertsitatean, telebistan, diru laguntzetan...». Orosiak argi du: «Urrats garrantzitsuak egin dira, baina asko geratzen da egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.