Zaintza partekatua

Zortzi urtean, hirukoiztu egin da zaintza partekatua

EAEko eta Nafarroako legedietan salbuespen izaera kendu diote neurriari, eta horrek erraztu egin du epaileek horren alde egitea. Hiru banaketatik batean ezarri zuten 2017an

Zortzi urtean, hirukoiztu egin da zaintza partekatua.
jokin sagarzazu
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Banatzen den hiru bikotetik bati ezartzen diote epaileek seme-alaben zaintza partekatua: sistema horren bidez, bi gurasoen ardurapean geratzen dira haurrak. Hamarkada honen hasieratik hirukoiztu egin dira horren aldeko ebazpenak Hego Euskal Herriko epaitegietan. 2010. urtean, %11 ziren; 2017an, %33. Duela bi urte, denera, 974 kasutan ezarri zuten epaileek zaintza partekatua. Banatzen diren bikoteen %57 dira haur baten edo gehiagoren guraso Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. 2.939 kasu 2017an.



Zaintza partekatua ezarri ez zuten ia 2.000 ebazpenetan, berriz, emakumeen ardurapean geratu ziren haurrak kasuen %92tan, eta gizonenean %8tan, sexu ezberdineko bikoteetan. Haurrekin egoteko egunak eta orduak ezartzeaz gain —bisita erregimenak—, ekonomiarekin loturiko hainbat auzi ere argitu behar ditu epaileak: ekonomikoak, bereziki. Hala, 2007an, zaintza banatuta ezarritako kasuen %71tan ezarri zion gizonezkoari elikagaietarako pentsio bat ematea hilero emakumeari; lautik batean bien artean banatu behar zituzten gastu horiek, nahiz eta zaintza baten esku geratu; eta kasuen %5etan geratu ziren emakumeen esku gastu horiek.

CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren urtero kaleratzen ditu datuok, urteko memoria txostenean. Horretan, beste datu batzuk azaltzen dira, halaber: banandutako bikoteen adina 40-49 urte artekoa da batez beste, eta 16,6 urte egiten dituzte elkarrekin. Banaketa kasu gehienak gertatzen dira 5-9 urte arteko (kasuen %21) eta 20 urtetik gorako harremanetan (%33).

Ekimen legegilea

Zaintza partekatuaren aldeko ebazpenen gorakada denboran bat dator azken hamarkadan sistema hori arautzeko egin diren urratsekin: 2011n egin zuen lege bat Nafarroako Parlamentuak, eta 2015ean Eusko Legebiltzarrak. Espainiako legedian jasotakoa garatu dute, funtsean, Hego Euskal Herriko bi administrazioek beren araudi propioetan. Espainiako Kode Zibilean 2005ean sartu zuten lehenengoz zaintza partekaturako aukera. Ipar Euskal Herrian horri buruz indarrean dagoen legea 2002an onartu zuen Frantziak.

Espainiako Kode Zibilaren arabera, bi gurasoak ados badaude ezar dezake epaile batek zaintza partekatua. Adostasunik ez badago, «salbuespenez» batek bakarrik eskatuta ezar dezake, baina aurretik fiskalak aldeko iritzia eman behar du.

Nafarroako eta EAEko legeek «salbuespenezko» izaera kendu diote neurriari, horren interpretazioa epailearen esku utzita. Malguagoa da Nafarroakoa araudia: zaintza partekaturako aukera jartzen du mahai gainean, baina ez du lehenesten, aukeren artean bat gehiago da, eta epaileak du azken hitza. Euskal Autonomia Erkidegoan, bi gurasoen arteko harremana ona ez bada ere, epaileak zaintza partekatua ezarri ahalko du, baita gurasoetako bat aurka egonda ere. Baina hori ez egiteko baldintzak gertatzen ote diren aztertu behar du epaileak aldeetako batek eskatuz gero.

Irizpideen bateratzea

2005etik, askotariko ebazpenak kaleratu zituzten Espainiako Estatuko epaileek. Irizpideak bateratze aldera, 2013an, Espainiako Auzitegi Goreneko Zibil Arloko Salak ebazpen bat kaleratu zuen. Banaketa kasuan zaintza partekatua ezartzea «normalena eta desiragarriena» dela esan zuen. Eta haurren interesak lehenetsi behar zirela beste ezeren gainetik, eta epaileak, funtsean, aztertu behar zuela haurrek gurasoekin aurretik izandako harremana, sustraitzea, gurasoen arteko harremana, haien bizilekuen arteko distantzia... Handik gutxira, doktrina zehaztu zuen Gorenak: ebatzi zuen gurasoetako batek eskatzen ez bazuen epaileek ezingo zutela zaintza partekatua ezarri.

Ebazpen horiekin, Gorenak lehen aldiz egin zuen epai batean zaintza partekatuaren alde. Hori egin zuen, hain justu, Espainiako Gobernuak —orduan PPren eskuetan— zaintza partekatuari buruzko lege zirriborro bat aurkeztu zuenean; azkenean, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak atzera egin zuen.

Lekuko hori hartu du orain Ciudadanosek; iazko udazkenean aurkeztu zuen Diputatuen Kongresuan zaintza partekatuari buruzko lege egitasmo bat. Alderdi horren asmoa da Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetan dauden araudi guztiak «bateratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.