Kale Nagusian ordezkaritza zabala izango dute PSE-EEk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k

Hondarribiko alardera joango den ordezkaritzaz galdetuta, Eider Mendoza jeltzale eta Gipuzkoako Diputazioko eledunak «bitartekaritza» goraipatu du. PSE-EEko diputatu Itxasok eta Romerok erabaki dute Kale Nagusian txalotzea Jaizkibel

Jaizkibel konpainiaren azken entsegua, ostegunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Jaizkibel konpainiak bihar berriz desfilatuko du Hondarribian (Gipuzkoa), alardearen aurretik, eta, herriko usadio nagusiaren parte izan ezin duenez, aldarri ere izango da haren ibilera. Orain dela 23 urte erabaki zuten lehenengo aldiz emakumeek kalea irabazten hastea, desfile parekide bat helburu, baina andrerik ez du onartzen oraindik alardeak —5.000 gizon inguru elkartzen ditu; andreak soilik kantinera rolean—, eta bihar berritu egingo dute berriro eskakizuna, festa giroan, eta inoiz baino jendetsuago: entseguetan jendea erruz batu da, eta partaide asko espero dituzte. 07:55ean abiatuko da Jaizkibel Kale Nagusian gora, eta oraindik ere hautu parekidearen kontra dauden herritarrek hartzen duten jarrerak sortuko du berriro ikusmina; izan ere, modu askotara egin dute desfile parekidearen aurka, eta urteak daramatzate, esaterako, desfile parekidea aurrean pasatzen denean plastiko beltzak zabaltzen. Iaz, apartekoa izan zen aurkakoen oldarraldia; Jaizkibelen desfilea zapuztea lortu zuten, eta bihar ere egongo da haien jarreraren inguruko kezka. Kale Nagusian bertan dago Hondarribiko udaletxea, eta hango arkupeetan egoten dira Jaizkibeli babesa ematera joaten diren ordezkari politikoak eta agintariak, eta hango mugimenduek ere ematen dute urtero zeresan handia. Alkateen —jeltzaleak izan dira Hondarribian gatazka hasi zenetik— sostengurik ez du inoiz izan Jaizkibelek, eta kanpotik joandako politikariek hauspotu behar izan dute usu haien jarduna, beti ondoan izan dituzten Emakunde eta Arartekoko ordezkariekin batera. Oraingoz, aurtengorako, PSE-EE, EH Bildu eta Ahal Dugu-k iragarri dute ordezkaritza zabala Kale Nagusian.

EH Bildu eta Ahal Dugu beti egon dira hautu parekidea txalotzen: ordezkaritza zabalak bidali dituzte urtero. EH Bilduk foru gobernua bere esku izan zuenean, esaterako, aldaketa handia ikusi zen: ohikoak bihurtu ziren diputazioko ordezkari nagusiak Hondarribian. PSE-EEren partetik, azken bi urteotan urratsa izan da Denis Itxaso Kultura diputatua Kale Nagusian agertzea. Irunen (Gipuzkoa), Hondarribikoaren antzeko gatazka izan dute jai parekidea onartzeko bidean; han urratu zuten hautu mistoari onespena erakusteko bidea, eta urteotan bi desfileak ikusi ditu Hondarribian: Jaizkibelena, eta andreak soldadu gisa onartzen ez dituena. Aurten, PSE-EEko iturriek jakinarazi dute Mugikortasun diputatu Rafaela Romero ere izango dela harekin batera Kale Nagusian.

Diputazioak, erakunde gisa, ordea, ez du horren berri eman. Asteazken honetan, foru gobernuaren gaineko erabakiei buruzko agerraldian, Eider Mendoza eledun jeltzaleari galdetu zioten zer ordezkaritza bidaliko zuen instituzioak igandean Hondarribira, eta Mendozak ez zuen eman horren erantzunik: «Bitartekaritzaren alde egin dugu, eta horretara bideratuko ditugu ahalegin guztiak». Jaizkibel jeltzaleen txaloak jasotzen ere hasia da, hala ere. Iaz, Mendoza bera Hondarribian izan zen, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Kerman Orbegozo alderdikideekin. Kale Nagusian ez egotea erabaki zuten haiek, hala ere. Saindua aldean geratu ziren, tentsio gune nagusitik urrun, eta beste ordezkarietatik aparte. Jeltzaleak ere bi desfileei «errespetua» erakustera joan ziren.

Ez da hain antzua izan

Aurten airean egongo da lehengo astean Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk egindako proposamenaren lorratza ere; izan ere, iaz Kale Nagusian jazotako gertaeren antzekoak saiheste aldera, desfileen ordutegiak aldatzea proposatu zuen. Hautu parekidearen aurka daudenen aspaldiko eskakizuna da ordutegi aldaketa —ez dute Jaizkibel aurrean ikusi nahi—, eta konpainia parekideak ez du onartu; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako baimena du, eta horrekin desfilatuko du. Ordutegi aldaketaren auziak agerian utzi du gatazkaren alderik ilunena, baina igaro 11 hilabeteak aurreko urteetakoak baino emankorragoak izan dirakonponbidera begira. Abuztuaren hasieran, esaterako, jakin zengatazkako bi aldeak —Alarde fundazioa ,desfile baztertzailearen antolatzailea, eta Jaizkibel konpainia parekidea— bilera bat egitekotan egon zirela, baina azken unean bertan behera geratu zela, baldintza nahikorik ez eta. Jenny Pearce antropologoa ibili zen elkarrizketa prozesuaren «bideratzaile», eta aitortu zuen aurrerapausoak izan direla «elkarrizketa posibleari buruzko elkarrizketan», baina denbora gehiago behar dela. Aurreko hilabeteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere elkarrizketa prozesu bat abiatu zuen gatazkan zeresana zuten eragileekin eta pertsonekin.

Adierazpen bateratu bat atera dute alardearen inguruko Hondarribiko Udala osatzen duten alderdiek; alde guztiek emandako pausoak eta egindako ahaleginak eskertzen ditu agiriak. Emakundek eta Arartekoak ere elkarrizketaren aldeko mezuak ozendu dituzte. Elkarte eta eragile askok atxikimendua erakutsi diote konpainia parekideari. Mugimendu feministak bihar Hondarribira joatera deitu du; 07:30ean jarri dute ordua, Alamedan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.