Elixabete Imaz Antropologia irakaslea EHUn

«Emakume gazteak ez dira amatasun eredu nagusiarekiko inozenteak»

Maider Galardi
2016ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Emakundek saritu duen ikerlaneko egilea da Elixabete Imaz beste zenbait ikerlarirekin batera (Errenteria, Gipuzkoa, 1969) eta EHUko Antropologia fakultateko irakasle ere bada. Gazteek genero harremanekin zein nolako lotura duten aztertzen duen ikerketak hainbat gai jarri ditu mahai gainean; horien artean, amatasuna eta familia ereduak.

Ikerketaren arabera, amatasunak garrantzia du emakume gazteetan euren identitatea eraikitzeko orduan. Zein dahorren inguruan egindako hausnarketa?

Emakume gazteekin hitz egiteaan, horizontean beti ateratzen den gai bat da amatasuna, baina ezberdintasunak daude 15 urte edo 25 urteko gazteekin hitz egitean. Lehenengoek oso markaturik dituzte oraindik ere estereotipoak. Nahiz eta euren inguruan horrelako eredurik ez ikusi, oso barneratuta daukate emakumeak ama izan behar duela, eta familiak, nuklearra.

Bigarren kasuan, berriz, amatasuna, kanpoko gauza baten moduan baino gehiago, planteatu beharreko zerbaiten moduan ikusten dute. Beraz, horren inguruko hausnarketa sakonagoa egina dute, eta jabetzen dira kostu handia dakarrela horrek. Hau da, emakume gazteak ez dira amatasun eredu nagusiarekiko inozenteak, eta badakite galerak ekar ditzakeela; hala, balioa ematen diete adiskide sareei eta enpleguari.

Ikerketan bertan, familia eredu nuklearrak zein garrantzi duen ere aipatzen da. Badu amatasunak ulertzeko erak lotura zuzenik familia eredu horrekin?

Batetik, esan genezake familia eredu estereotipatuaren ideiak jarraitzen duela, hau da, familia nuklearrarenak. Ordea, badaude haustura interesgarriak ere, eta horiek dute garrantzia. Gazteek, ingurura begiratzean, aukera aniztasuna aurkitzen dute familiari dagokionez. Emakumeek ere, bikotetik kanpoko amatasuna aukera moduan planteatu dute sarritan; adopzioa edo ernalketa lagunduaz aritu dira hizketan. Gainera, euren burua homosexualtzat duten elkarrizketatuek ere familia izatea aukera moduan azaltzen dute. Hori berria da ikerketan, ortzadar familiek lekurik ez baitzuten irudikeria sozialean orain arte.

Biolentzia sinbolikoa edo genero rolen arteko desoreka nabaritu daiteke familia eredu nuklearrean?

Oro har, gazteek ez dute ikusten beren familia biolentzia esparru gisara. Haien aitona-amonen garaian ezberdintasunak gertatzen zirela onartu arren, gurasoek harreman parekideak dituztela kontatzen dute. Horrek ez du esan nahi, ordea, horrela denik; izan ere, zaila da biolentzia sinbolikoa onartzea. Dena den, gaurko gazteek euren harremanetan ere badituzte gatazka guneak, eta esanguratsua da emakumeentzat horietako bat dela egunerokotasunaren eta bizikidetzaren antolaketa, are gehiago haurrak tartean badaude.

Harremanak izateko eta bizitzeko eredu berriak ere azaldu zaizkizue ikerlanean. Nolako hausnarketa dago horien atzean?

Batetik, talde feministetan aritzen diren gazteekin aritu gara hizketan, eta agerikoa da amatasun eta familia ereduen inguruko hausnarketa egina dutela. Baina, are interesgarriagoa daberez politizatu gabeko eremuetatik zenbait esperientzia eskuratu dituztela gazteek; bizi eredu berriak jasoz eta genero rolen inguruko hausnarketa bultzatu dutenak. Horrela, aintzat hartu dute familia eredu tradizionaletik haratago gaur egun dagoen aukera aniztasuna.

Aipatutakoaren adibide bat da pisukideen arteko harremana. Zenbait gaztek, ikasketak direla edo bestelako arrazoiak direla medio, lagunekin etxe bat hartzea erabakitzen dute. Familia gunetik ateratzean, ohartzen dira jaso dituzten rol banaketak eta bakoitzak egiten duen lan kopuruak genero ezberdintasunak dituela bere barruan. Bizipen horiek, ustekabean, bizi ereduei, harremanei eta zaintzari buruzko hausnarketak ekarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.