Txile. Konstituzioari buruzko erreferenduma. Ezio Costa. 'Aprueba x Chile' kanpainako eleduna

«Maila kolektiboan babesa galduz joan da Biltzar Konstituziogilea»

Costaren iritziz, sistema politikoarekin ados ez egoteak zerikusia izan du ezezkoaren garaipenean. Baina badu esperantza hurrengo fasean herri mugimenduek eta erakundeek pisu handiagoa izango dutela.

GABRIEL PURICELLI.
Gabriel Puricelli.
Santiago
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ezio Costa abokatua da, zuzenbidean doktorea eta Ingurumeneko Fiskaltza gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari exekutiboa. Bera izan da Aprueba x Chile kanpainako bozeramaileetako bat ere, independenteen ordezkari gisa. Kanpaina horren helburua izan da Biltzar Konstituziogileak 2021eko uztailetik 2022ko uztailera bitarte landutako konstituzioaren aldeko botoa bultzatzea. Ez dute lortu, ordea, ezezkoa izan zen garaile igandeko erreferendumean. Hala, emaitzen berri izan ostean hartu du Costak BERRIA, herritarren erabakiari buruz eta prozesu konstituziogilearen hurrengo urratsez hitz egiteko.

Zein dira, zure ustez, porrotaren eta ezezkoak jasotako babesaren faktore nagusiak?

Ebaluazio osoa eta zehatza egiteko goiz bada ere, iruditzen zait hiru faktore aztertu behar direla. Lehenengoak kanpainarekin du zerikusia: agian, Rechazo-koek jakin zuten eskura zituzten baliabideak erabiltzen, eta guk ez genuen asmatu haiei aurrea hartzen. Bigarrena konstituzioa bera litzateke: agian bertan jasotzen ziren zenbait elementuk aurkako erreakzioa eragin dute herritarren gehiengo handi batengan. Hirugarrenak, azkenik, sistema politikoarekin, eta bereziki gobernuarekin, ados ez egotearekin edo kritikarekin du zerikusia, baita herrialdean bizitzen ari garen garaiarekin ere. Uste dut hiru faktore horiek aztertu behar ditugula, baina nik, behintzat, hausnarketarako denbora behar dut ondorioztatu ahal izateko faktore horietako zeinek izan zuen pisurik handiena, eta zein zentzutan.

Herritarrek 2021ean hautatu zuten Biltzar Konstituziogileak jakin du hautesleen babesari eusten prozesuak iraun duen bitartean eta azken proposamena aurkeztu artean?

Uste dut Biltzar Konstituziogileko ordezkari gehienek beren lurraldeekin eta horietan zituzten interesekin loturak mantendu zituztela: maila indibidualean uste dut hautetsiek egin zuten lana oso garrantzitsua izan zela. Hala ere, maila kolektiboan, organikoan, Biltzar Konstituziogile gisa, herriaren babesa galduz joan ziren, gertatu ziren hainbat fenomenorengatik eta fenomeno horiek herritarrengan eragina izan zuten moduagatik.

Nola eragingo dute gizarte mugimenduek konstituzio berri baterako prozesuan? Hurrengo fasea gehiago egongo da alderdien kontrolpean, independenteen eta gizarte zibilarenean baino?

Benetan espero dugu indar politikoek beren hitza betetzea, eta prozesu konstituziogileak bere bidea askatasunez jarraitu ahal izatea. Era berean, espero dut erakundeek eta mugimenduek parte hartuko dutela prozesuaren fase berri honetan.

Prozesu konstituziogileak aurrerantzean aukeratzen duen formatuaren araberakoa izango da hori. Baina bidea edozein dela ere, erakundeen eta mugimenduen parte hartzea funtsezkoa izango da konstituzio berri bati behar besteko zabaltasuna eta zilegitasuna emateko.

Gabriel Boric presidenteak bere burua eskaini du fase berria «errazteko», bere zeregin nagusia gobernatzea eta gizartearen premiazko eskaerak ebaztea izango dela azpimarratuz. Nola irudikatzen duzu estatuburuaren egitekoa hemendik aurrera?

Lehendakariari dagokio, egoera honetan, legeek eta konstituzioak ezartzen dituzten tresnak erabiltzea bide konstituziogilea errazteko. Baina, horrez gain, berak bultzatu zuen estatuaren ordezkaritza erabiltzea, zeinu desberdinetako erakunde, mugimendu eta alderdi politikoei dei egiteko, sistema bat sortzeko, guztiontzat zentzua izango duen prozedura bat, eta, beraz, demokratikoki sortua eta onartua izango den konstituzio berri baterantz eraman gaitzakeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.