Trikornioek belztu zuten festa

Gaur 25 urte dira Guardia Zibilaren 30 patruila Berako Labiaga ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez-en ibilbidean sartu eta jendearen kontra oldartu zirela. Espainiako Gobernuaren esanetan, «neurriko» jokabidea izan zuten; herriko bizilagun eta eragile gehienentzat, «basakeria» izan zen.

Istilu gogorrak piztu ziren Guardia Zibilaren eta Nafarroa Oinez-era joandako zenbait lagunen artean. Poliziek ke poteak jaurti zizkioten jendeari.
Istilu gogorrak piztu ziren Guardia Zibilaren eta Nafarroa Oinez-era joandako zenbait lagunen artean. Poliziek ke poteak jaurti zizkioten jendeari. LEIRE ARZUAGA

Ion Orzaiz -

2019ko irailak 18

Izan zitekeen mugarri bat Nafarroa Oinez-en historian, baina azken orduan hondatu zen. 19:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirela, pozarren ziren oraindik Berako Labiaga ikastolako antolatzaileak, eta kazetari askok idatzia zuten jada hurrengo eguneko kronika. Ordura arte, datu aipagarri bakarrak hauek ziren: eguraldi bikaina, jai giroa, eta, batez ere, ibilbide osoan bildutako jendetza. Biharamunean, baina, oso bestelako irudia islatu zuten egunkariek: gomazko pilotak, ke poteak eta herriko kaleak barrikadek hartuta, Guardia Zibilaren hogeita hamar bat patruila ibilbidearen erdian sartu izanaren ondorioz.

Azkenean, 1994ko irailaren 18an Beran gertatutakoa mugarri bihurtu zen Nafarroa Oinez-en historian, baina ez ospakizunengatik edo euskarari emandako bultzadarengatik, baizik istiluengatik eta polizia indarkeriagatik.

«Xanpain botilak hozkailuan gordetzen hasi, eta, ordu gutxiren buruan, botilok alde batetik bertzera hegan ikusten ari ginen», laburbildu du Joxan Oizek, urte hartan Labiaga ikastolako zuzendari zenak. «Hasieran, pozez txoratzen ginen denok. Nafarroa Oinez hura irailera aurreratzeko apustua egin genuen, eta ongi atera zitzaigun: eguraldia lagun izan genuen, jende andana etorri zen, ibilbide zoragarria prestatu genuen, eta kultur eskaintza ere berebizikoa izan zen. Tamalez, festa belztu ziguten».



Ilusioz beterik ziren ikasleak ere. Garbiñe Goia beratarrak 14 urte zituen, eta OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko zortzigarren mailako ikaslea zen: «Urte eta erdi generaman festa prestatzen, eta oso pozik ginen. Ikasle zaharrenak ginenez, aurpegia margotu behar genien txikienei». Ez du gogoan Guardia Zibilaren oldarraldia, ikasleak «babesleku batera» eraman zituztelako berehala, iskanbilatik eta arriskutik urrun. «Oso gogorra izan zen guretzat horrenbesteko ilusioarekin prestatutako ekitaldia hala bukatu behar izatea».

Istiluen aurreko tentsioa

Istilurik larrienak 19:00 aldera piztu ziren, baina, ikastolako zuzendariaren esanetan, askoz lehenago sumatu zituzten lehen «txinpartak»: eguerdi partean. «Guardia Zibilaren lehen probokazioak 13:00 aldera antzeman genituen. Guk segurtasun kontu guztiak hitzartuta genituen Foruzaingoarekin, eta, hortaz, ez genuen Guardia Zibilarekin inolako negoziaziorik edo harremanik eduki. Hala ere, haiek erabaki zuten hiru patruilarekin sartzea jendez beteta zegoen ibilbidera. Eta hor hasi zen sestra».

Kuartelera iritsita, Espainiako bandera handi bat eskegi zuten guardia zibilek, eraikinaren atarian. «Berako kuartelean ez zen egoten banderarik normalean; egun horretarako paratu zuten, propio». Eztegara pasealekuan bilduta zeuden gazteetako batzuek txistu eta oihu egin zuten orduan guardia zibilen aurka, eta, zenbait lekukoren arabera, edalontziak ere jaurti zituzten. Botila batek kuarteleko hesia jo zuen. «Jendea hasi zen asaldatzen, eta ni neu joan nintzen gazte batzuengana, lasaitasuna eskatzera. Eskatu nien ez erortzeko probokazioetan, eta, itxura batean, hor bukatu zen kontua».



Handik oso hurbil zebilen Manuel Iriarte ere, garai hartan Berako alkate zena: «Jendea aztoratuta zebilen, Guardia Zibilaren ibilgailuak Nafarroa Oinez-era sartu zirelako. Ibilbide erditik zihoazen patruilak, kontrako noranzkoan. Norbaitek botila bat jaurti zuen, eta kuarteleko ate automatikoa izorratu zuen. Une horretan, polizietako batek airera egin zuen tiro».

Guardia zibilekin hitz egiten saiatu zen alkatea: «Arduraz eta lasaitasunez jokatzeko eskatu nien, ibilbidean zegoen jendetza ikusita egoera hura triskantza bihur zitekeelako». Iriartek propio galdegin zien polizia gehiago ez ekartzeko. Guardia Zibilak, baina, laguntza eskatua zuen irrati bidez. 30 patruila inguru atera ziren Tafallako, Iruñeko eta Intxaurrondoko kuarteletatik, eta Berara bidean ziren ordurako.

Istiluak eragozteko garaiz zebiltzala iritzita, operazioa geldiarazteko eskatu zuen alkateak: «Hori eginen zutela ziurtatu zidaten: patruilak herriko sarreran geldituko zirela, eta auzia hortxe bukatuko zela». Ez zen horrela izan. «19:00 aldera deitu zidaten aguazilek: Guardia Zibila negarra eragiteko gasa botatzen ari zen, jendearen aurka».



Orduan, izua nagusitu zen Beran, eta jendea norabide guztietan hasi zen korrika, eztulka eta malkoak begietan. Kaosaren lekuko izan zen Edurne Elizondo BERRIAko kazetaria ere. Garai hartan, Euskaldunon Egunkaria-n lan egiten zuen kazetari beratarrak, eta, astelehenetan berripaperik argitaratzen ez bazen ere, gertutik jarraitu zituen igande hartako istiluak, hurrengo egunean kronika idatzi ahal izateko: «Istiluak piztu zirenean, lagun baten amatxiren etxean nintzen, eta tiro hotsak aditu genituen. Hasieran pentsatu nuen suziriak jaurtitzen ari zirela, Nafarroa Oinez-en bukaera ospatzeko edo. Gero, terrazara atera, eta jende mordoa ikusi nuen errekan sartuta».

Noraezean zebilen jendea. Batzuek ibaira egin zuten salto; beste asko mendian gora joan ziren ihesi. Hainbat orduz, etxe hartan harrapatuta gelditu zen Elizondo: «Ezin ginen handik atera, kalean sekulako istiluak zeudelako». Gomazko pilota eta ke pote ugari jaurti zituen Guardia Zibilak. Herritar batzuek barrikadak jarri zituzten, eta harriak, botilak eta bestelakoak bota. «Ika-mika oso gogorra zen ordurako», gogoratu du Iriartek. Egoera ikusita, Guardia Zibilaren kuarteleko arduradunarekin, Moreno koronelarekin, solastatu zen alkatea: «Esan zidan bazter nahastaile gehiegi zeudela inguruan, eta nik erantzun nion istiluak gelditzea bere esku zegoela bakar-bakarrik».

Megafoniaren bidez lasaitasuna eskatzen zuten bitartean, antolakuntzako kideek giza katea egin zuten, egoera baretzeko asmoz. Azkenik, 22:30 aldera lasaitu zen giroa, eta handik ordu erdira alde egin zuten Guardia Zibilaren patruila gehienek.

Istiluen ondorioz, 50 lagun zauritu ziren, eta Hondarribiko Bidasoa ospitalean eta Donostiako Arantzazuko Ama ospitalean artatu zituzten, gomazko pilotek eragindako zauriekin, edo Poliziak erabilitako gasen kutsaduragatik. Hurrengo egunetan jaso zuten sendagiria denek. Guardia Zibilaren operazioaren eragin politikoak, ordea, askoz gehiago iraun zuen.

Hurrengo egunean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak adierazi zuen gertatutakoaren bertsio ofizial bakarra Guardia Zibilak emandakoa zela: «Polizia indarrek erantzun besterik ez zieten egin Berako kuartelak eta Guardia Zibilen ibilgailuek jasandako erasoei». Horrekin bat egin zuten Espainiako Barne ministro Juan Alberto Bellochek eta Nafarroako lehendakari Juan Cruz Allik. Bertsio horretan sakondu zuen ABC egunkariak, eta, iturri anonimoak erabiliz, salatu zuen «3.000 astapotro etazale» saiatu zirela kuartela indarrez hartzen eta hari su ematen, «familiak barruan ziren bitartean».



Alderdi abertzaleek gogor salatu zuten Guardia Zibilaren jokabidea: jendez betetako ekitaldi baten erdian istiluen aurkako materiala erabiltzea «burugabekeria» dela esan zuen Herri Batasunak, eta erantzukizunak eskatu zizkion Alli lehendakariari. EAk, berriz, Espainiako Gobernuko ordezkari Pedro Ruiz Alegriaren dimisioa eta Guardia Zibilaren buruaren kargugabetzea galdegin zituen. EAJrentzat, Guardia Zibilaren jokabidea «basakeria neurrigabea» izan zen, nahiz eta «tartean egon zen erradikal talde baten probokazioa».

Bertsio ofizialaren kalteak

«Herrian, inork ez zuen bertsio ofiziala sinetsi», azaldu du Oizek. Haren irudiko, gertatutakoa ez zen «bat-bateko erreakzioa» izan, «Guardia Zibilak aurretik prestatutako ekintza bat» baizik: «Istiluen ostean, kuartelean bizi ziren familietako batzuek barkamena eskatu zioten Helena Santesteban ikastolako lehendakariari. Esan zioten eurek ez zutela zer ikustekorik. Areago: bezperan, kuarteleko etxetik alde egiteko agindua jaso zuten». Oizen esanetan, «Guardia Zibilak bazekien egun hartan zerbait gertatuko zela. Gatazka nahi zuten».

Bertsio ofiziala gailendu izanak «kalte izugarria» eragin diela uste du ikastolako zuzendari ohiak: «Kolpekatutako eta azpiratutako ikastetxe bihurtu zen Labiaga ikastola. Gaiztotu egin ziren beste ikastetxe batzuekiko eta administrazioarekiko harremanak, eta, Javier Markotegi Hezkuntza kontseilariarekin izandako bileretan, sekulakoak eta bi entzun behar izan genituen: 'Erauzi beharreko pikorta zarete', esaten zigun, mespretxuz». Oizen ustez, oldarraldiak utzitako kalte materialak eta fisikoak baino larriagoa izan zen ikastolako komunitateari eragindako kalte morala: «Askok inozentzia galdu genuen 1994ko egun hartan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna