Ateak itxi dizkiete errefuxiatuei

Errefuxiatuei Buruzko Nazioarteko Foroa egin dute Genevan. Mundu osoan 71 milioi desplazatu daude, eta horietatik 25 milioik dute errefuxiatu estatusa. Europako Batasunak konpromisoa hartu du datorren urtean 30.000 errefuxiatu hartzeko, baina aurrekoetan ez zuen bete hitzemandakoa.

Ateak itxi dizkiete errefuxiatuei.
Arantxa Elizegi Egilegor - Leire Artola Arin
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun

Herrialde pobretuetatik datoz; gerran dauden estatuetatik; edota euren izaeragatik jazartzen dietenetatik. Eta garabidean dauden estatuek hartzen dituzte. Besteek, aberatsek, ateak itxi dizkiete, edota beste herrialderen batekin akordioak adostu euren etxean hartu beharrik ez izateko —Europako Batasunarekin hitzartutako akordioaren ondorioz, Turkia bilakatu da harrera estaturik handiena, 3,7 milioi errefuxiaturekin—.

Migratzaileen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta horren harira egin dute astelehenetik atzora bitartean Errefuxiatuei Buruzko Nazioarteko Foroa. NBEk deituta, Genevan (Suitza) elkartu dira nazioarteko ordezkariak, errefuxiatuen gatazkari irtenbidea emateko asmoz. Agerian geratu da, ordea, ez dituztela bete aurreko bileretan hitzemandako helburuak. Konpromiso gehiago hartu dituzte oraingo honetan.

Europako Batasunak iragarri du datorren urtean estatu kideek 30.000 errefuxiatu hartuko dituztela, baina kopuru hori txikiegia da mundu osoko 71 milioi desplazatuak aintzat hartuz gero —horietatik 25 milioik dute errefuxiatu estatusa—. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ahoan bilorik gabe hitz egin die estatu aberatsetako buruzagiei: «Nazioarteko agintariek esker oneko mezuak helarazten dizkiete errefuxiatuak hartzen dituzten estatuei. Baina esker ona ez da aski. Nazioarteak bere gain hartu behar du erantzukizun hori».

Nabarmentzekoa da errefuxiatu estatusa duten 25 milioi horietatik ia erdiak adingabeak direla, eta horietatik 138.600 dira bakarrik ihes egin dutenak. Horrez gain, 41,3 milioik utzi behar izan dute beren etxea, nahiz eta euren herrialdeetan jarraitu, eta beste 3,5 milioik asiloa eskatu dute beste estaturen batean.

Turkiaz gain, Costa Rica, Pakistan eta Etiopia dira iheslari gehien hartzen dituzten herrialdeak. «Milioika lagun arriskuan edo linbo batean harrapatuta daude herrialdeek euren erantzukizunari uko egin eta laguntzarik ematen ez dietelako», salatu du Oxfameko buru Danny Sriskandarajahek.

Siriako gerrak eragin du azken urtean errefuxiatu gehien, 6,7 milioi orotara. Haren atzetik legoke Afganistan (2,7 milioi), eta gero Hego Sudan (2,3 milioi). Horietatik gehienek garatzeko bidean diren herrialdeetan amaitzen dute (%80k), eta betiko geratzen dira han. Kontua da, harrera herriek denei laguntzeko nahikoa baliabide ez dutenez, askok kanpalekuetan igarotzen dituztela urteak, lanik gabe eta laguntzaren menpe.

Pobrezia Arintzeko Koalizioak proposatu du hartzaileei laguntzeko funts bat sortzea. Helburua litzateke munduko 35 herrialdetan dauden 500.000 errefuxiaturen egoera hobetzea bost urteko epean. Horretarako, 176 milioi dolar eskatu dizkiete gobernu eta enpresei. «Errefuxiatuok boterea dugunean, ez ditugu aldatzen harrera egin diguten herrialdeak soilik; gure jatorrizko estatuak ere aldatzen ditugu», nabarmendu du Foni Joyce Vuni UNHCRko Gazteentzako Aholkularitza Batzordeko kideak.

Emakumeak, kaltebera

Iheslarien artean ere, kaltetuago daude emakumeak eta haurrak gizonak baino. Munduko Osasun Erakundearen arabera, sexu indarkeria jasaten dute errefuxiatuta edota desplazatuta dauden bost andre eta haurretatik batek. Genevako Foroan hizlariek salatu dute ezin dela arazo hori gutxietsi, denbora luzeko ondorioak eragiten baititu. «Bere izenez deitu behar diogu: bortxaketak krimenak dira. Emakumeen integritatearen eta duintasunaren aurkako krimenak dira», azaldu du Athalia Lesiba Molokommek, Botswanako NBEren ordezkariak. Halaber, eskatu du emakumeen aurkako sexu indarkeria «mahaigaineratzeko» errefuxiatuen inguruko auzietan.

Harago joan dira beste hizlari batzuk, eta exijitu dute emakume eta neska errefuxiatuak ez hartzeko «biktima pasibo» moduan. Irtenbidearen parte direla gogorarazi du Hafsar Tameesuddinek, Zeelanda Berrian bizi den rohingya errefuxiatu ohiak: «Emakumeak eta neskak ez dira soilik salbatu beharreko horiek. Ahotsa eman behar zaie, eta euren burua defendatzen utzi». Azpimarratu dute inklusioa behar dela.

Bestalde, NBEk ohartarazi du errefuxiatuen egoera laztu egingo dela neguko eguraldi hotzarekin. 3,88 milioi errefuxiatuk behar dute «berehalako» laguntza negurako prestatzeko. Izan ere, gehienek dena utzita alde egin zuten etxetik, eta ez dute nahikoa arropa eta baliabide. Jakinarazi dute haurrak izango direla zaurgarrienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.