Netanyahuren aldeko blokeak gehiengo osoa berreskuratu du Israelen

Botoen %85,9 zenbatuta, lehen ministro ohiaren aldeko blokeak 120 eserlekuetatik 65 bereganatu ditu Israelgo bozetan. Likud alderdi eskuindarrak izan du babesik handiena: 32 aulki lortu ditu

Netanyahuren aldeko blokeak gehiengo osoa berreskuratu du Israelen.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Benjamin Netanhayu da Israelgo historian lehen ministro karguan denbora gehien iraun duen politikaria. Guztira hamabost urtez aritu da Israelgo Estatua zuzentzen: 1996tik 1999ra, eta 2009tik 2021era. Laster berrekingo dio gobernua zuzentzeari. Herenegun egin zituzten Israelgo Parlamenturako hauteskundeak, eta, alderdi ugari aurkeztu baziren ere, bi blokeren artekoa izan zen lehia: Netanyahuren aldekoen eta aurkakoen artekoa. Lehenek eskuratu dute gehiengo osoa, eta, ondorioz, lehen ministro ohiak dena du aldeko agintera itzultzeko.

Gaur arratsaldean emango dute behin betiko emaitzen berri, baina botoen %85,9 zenbatuta, Netanyahu babesten duen eskuineko blokeak eskuratu du Knesseteko —herrialdeko parlamentuko— eserlekuen gehiengo osoa. Behin-behineko emaitzen arabera, 32 eserleku eskuratu ditu Netanyahuren Likud alderdiak, eta, babesa adierazi dioten gainerako alderdiekin, 65 aulki ditu bere alde lehen ministro izandakoak—gehiengo osoa eskuratzeko parlamentuko 120 diputatuetatik 61 lortu behar dira gutxienez—. Izan ere, Sionismo Erlijiosoa eskuin muturreko koalizioak 14 eserleku lortu ditu; eta Xas eta Tora Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoek, berriz, 11 eta 8 eserleku eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Sionismo Erlijiosoa aliantza ultraeskuindarrak Netanyahu babestu du, baina ez musu truk. Itamar Ben-Gvir buruzagi ultrak Segurtasun ministro kargua eskatu dio trukean, eta Defentsa ministroarena Bezalel Smotrich koaliziokidearentzat.

Atzoko ordu txikitan igo zen Netanyahu oholtzara, Jerusalemen, emaitzen inguruan hitz egitera. Behin betiko emaitzen «zain» dagoela esan bazuen ere, bere burua garailetzat jo zuen: «Argi dago herriak aldaketa nahi duela. Ez du ahultasuna nahi, indarra baizik».

Yesh Atid, bigarren

Aurkako blokean, Yair Lapid jarduneko gobernuburuaren Yesh Atid alderdi «zentristak» jaso du boto gehien, 24 parlamentarirekin. Netanyahuren aurkakoen artean, Batasun Nazionala koalizioa da bigarren indarra eserleku kopuruan, 12 beretu baititu; zentro-eskuineko Urdina eta Zuria eta Itxaropen Berria alderdiek osatzen dute.

Netanyahuren aurka dauden beste lau alderdik ere lortu dute ordezkaritza; besteak beste, Alderdi Laboristak eta Zerrenda Arabiar Batuak. Lehen ministro ohiak, beraz, 55 parlamentari ditu aurka, behin-behineko emaitzen arabera.

Dena den, falta diren 700.000 botoak zenbatzean, eserlekuen banaketa alda liteke. Izan ere, ganberan sartzeko baldintza da gutxienez %3,25eko babesa eskuratzea, eta, langa hori gaindituz gero, lau ordezkari eskuratzen dituzte automatikoki. Meretz alderdi ezkertiarrak eta Balad alderdi arabiarrak ez dute eserlekurik bereganatu oraindik, ez dutelako parlamentuan sartzeko baldintza hori bete. Ez dabiltza urrun, ordea: Meretzek botoen %3,19 eskuratu du, eta Baladek, berriz, %3,04. Auzo arabiarretako botoak zenbatzea falta da, eta ganberan sartzeko langa gaindi lezakete behin betiko emaitzekin.

Netanyahu ustelkeriarekin lotutako auziengatik akusatua izan zenetik, ezegonkortasuna gailendu da Israelen. Horren isla dira herenegungo bozak, bosgarrenakhiru urte eta erdiko epean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.