Multinazional bat pagadietara so

Lannemezango Herri Elkargoak 2019ko abenduan aurkeztu zuen Florian multinazionalak duen segeria xedea. Pago asko hartu nahiko lituzkete Ipar Euskal Herriko oihanetatik ere.

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

2020ko urriak 3

Florian multinazionalak Lannemezanen (Okzitania) egin nahi duen segeria industrialak arrangura anitz piztu du azken hilabeteetan. Okzitanian egitekoa bada ere, Pirinio guztietako oihanetatik hornitu nahi luke enpresak segeria. Hastapen batean pagoa eta haritza aipatzen zituen, baina, azken bertsioaren arabera, pagoa soilik lantzea aitzin ikusten du proiektuak.

Egur kantitateek dituzte bazterrak asaldatu: ekologistek, oihanzainek, ofizioko profesionalek eta arduradun politiko batzuek bat egin dute proiektuaren kontrako kolektibo batean: Touche pas à ma forêt (Ez hunki ene oihana). Xedea neurri handikoa baita: Pirinioetako pagadietatik 50.000 metro kubiko segatu nahi lituzkete. Komertziorako kalitateko pagoa da datu horretan aipatua, baina, hori kausitzeko, gehiago moztu behar litzateke: 200.000-250.000 metro kubiko, kalitate oneko egur guti ateratzen baita Pirinoetatik —zuhaitzak oro ez dira aski lodiak, eta bakoitzetik ez da egur oro baliagarri zurerako—.

Kantitatearen berri ukaitean dute kontrako boza altxatu, pago merkatu bat sortzearen ideia bera ona baita eragile guztien iritziz. Baina Snupfen Solidaires sindikatuko ordezkari eta ONF erakunde publikoan oihanzain Ramuntxo Teletxearen esanetan, «ez da aski lehengai Pirinioetan halako kantitatea ateratzeko». Gaur egun mozten dena baino bi edo hiru aldiz gehiago moztuko litzateke.

Kudeaketa iraunkorra xede

Lannemezango Herri Elkargoa pagoarentzako bide berriak ikertzen ari zelarik jin zen Florian Italiako enpresa segeria industrialaren xedea aurkeztera. 2019ko abenduan aurkeztu zen herri elkargoaren sostenguarekin, eta, geroztik, Okzitania eskualdeak ere finantzatzeko nahia agertu dun Oihanak dituzten herrietako elkarteak ere (Cofor) baiezkoa eman dio, berme batzuk eskatuz, Milou Castan Atharratzeko hautetsi eta Cofor elkarteko departamenduko presidenteak dioenez. «Itun bat izenpetu genuen, eta zehaztu dugu ados garela ONFren kudeaketa sistema plantan ezartzen bada». ONF da oihan publikoen kudeatzailea. Ondoko urteetarako kudeaketa plana aurkeztu du, eta herri bakoitzak delibera lezake sinatu ala edo ez. Bide bera nahi luke elkarteak enpresarekin.

Castanek hirugarren ikerketa bat egitea eskatu du —bi egin ziren, baina emaitzak ez ziren «aski zehatzak», haren gustuko—, jakiteko Pirinioetan aski baliabide badenetz eta oihanaren kudeaketa iraunkorrarekin bateragarria den.

Kolektiboan antolatutako eragileentzat, argi dago ez dela posible. Teletxea: «Pirinioetako egur erreserba azkarki deskapitalizatu dugu azken hamarkadetan. Halere, oihana orekatzen dugu, baina egur lodienak kenduak izan dira. Kalitate handiko egur gehiena jada atera dugu». Sindikatu bereko Come Pettier oihanzainaren ustez, «oihana pobretua aterako litzateke, eta soilik diametro txikiko pagoak geldituko lirateke».

Oihana epe luzean kudeatzen denez, oihanzainek argitu dute moztu ondotik 30-40 urte behar dituztela pagoek «loditu eta ontzeko». Ondorioz, Pirinioetako gune gutitan daude tamaina oneko zuhaitzak, «biodibertsitate handiko guneetan», Teletxearen arabera, eta biderik ez dutenak.

Eredu ekonomikoa

Florianen eredu ekonomikoak ere galdera anitz eragiten ditu. Christian Lapassade enpresaburuak urtean 6.000-10.000 metro kubiko pago segatzen ditu, urteen arabera, besteak beste Iratiko oihaneko zuhaitzekin. Kantitate horietan ari den bakarra da. Lapassadek argi du: «Ez dituzte bolumen horiek atzemanen, ez bada oihana xehakatuz. Mendi zinez goretan gelditzen dira zuhaitz ederrak, baina ustiatzeko ezinezkoak dira, ezin delako haraino iritsi. Pagoa mozteko, behar dira xendak egin, dinamita baliatu; mendiko ustiapena konplikatua da». Enpresaburuak zehaztu du pago gutxi saltzen duela —haritzarekin eta egur erretxinadunekin ere ari da—, eta ulergaitza zaio xedea: «Nehork ez du pagorik nahi. Pixka bat saltzen diegu arabiarrei eta txinatarrei, baina Frantzian ez dugu bezerorik».

Florian taldeko lantegien hiru laurdenak ekialdeko herrialdeetan dira, Lapassadek dioenez, eta gehitu du eredu ekonomiko desberdinean jokatzen duela: «Zer soldatarekin ari dira? Aski da Europan diren soldata desberdintasunak ikustea... Nik gutieneko soldatan ari den langile batentzat 2.000 euro pagatzen ditut karguekin. Beraz, nazioarteko merkatuan talde hori lanjerosa da».

Eremu anitz erakunde publikoen esku dira, eta multinazionalak ezinbesteko du haiekin tratua egitea 50.000 metro kubiko segatzeko. Castanek ziurtatu du bere elkartearen sostenguak lekuko profesionalen errespetua duela berme: «Galdegin ditugun bermeetan da bigarren transformazioa [hondarrak berotzeko egur gisa, biomasa edo papera egiteko baliatzea] lekuan lekuko sarean ziurtatzea, lekuko enpresak lagundu eta lanpostuak sortzeko».

Multinazionalak Lannemezango Herri Elkargoa eta Okzitaniako eskualdea konbentzitu ditu, besteak beste, postuak hitzemanez: ehun bat lanpostu sortuko lituzkete segerian eta oihanetan mozketak eginen lituzketenak zenbatuz. Teletxearen ustez, lanpostu horiek ez lirateke hain duinak: «Mundu zaharreko errezetak dira: sirena kantua da sortuko diren lanpostuena, baina asma daiteke postu horiek baldintza txarrekoak izanen direla. Nahi duten adina egur ez dago, gure ustez, eta hamar urteko programa bat dute, baina, hamar urteren buruan baliabideak ustiatuak direlarik, segeria zerratu eta joanen dira, eta oihanaz futitzen dira».

Oihanaren defentsa elkarteak eta oihangintzako profesionalen sindikatuak biltzen dituen SOS Foret Pyrenees kolektiboak gutun bat igorri zien otsailean Pirinioetako instituzioei, ohar honekin: «Florian lantegiak eskatzen duen egur kantitateak arriskuan ezarriko luke Pirinioetako pagadien ondarea, eta biodibertsitatean kalte garrantzitsuak eragin. Lekuko egitura industriala eta artisautza ahultze edo desagertze bidean ere ezarriko luke».

Mauleren urratsa

Mauleko Herriko Etxeak segeriaren kontrako delibero bat bozkatu zuen. Louis Labadot, auzapeza: «Iratiko oihana hunkia litzatekeenez, beste hautetsiekin harremanetan sartu gara. Inguruko herriak ez dira oraino agertu, baina gure argudioekin espero dugu laster arranguratzen hasiko direla». Ipar Euskal Herriko hautetsien belarrietara heldu da xedearen oihartzuna, nahiz eta oraino arrapostu guti entzun —Euskal Elkargoko hautetsiek ez diete ihardetsi Hitza-ren galderei—. Teknikari baten erranetan, elkargoko hainbat hautetsiren alorrak hunkitzen ahal lituzke xedeak, sekula gauzatuko balitz. Oposizioa piramide azpitik abia daiteke, Labadoten ustez: «Elkargoa osatzen dute zuberotar hautetsiek ere, eta xedearen kontrako kolektiboaren argudioak heldu zaizkie. Etxean gertatuko da. Kontzientzia hartu beharko lukete».

Mobilizazioak berehala hasiko dira, proiektuaren aurkako kolektiboak antolaturik: hilaren 10ean hiri batzuetan ibilaldi bat eginen dute, eta hurrengo egunean deialdi bateratua egin dute Lannemezanera joateko, segeria egin nahi luketen gunera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ertzaintzaren autoak Donostian, atzo. ©Gorka Rubio / Foku

Ertzaintzak Donostiako Alde Zaharra hartu du berriz

Berria

Segurtasun Sailaren arabera, botilak jaurti dizkiete agenteei. Auzoko Gazte Asanbladak, ordea, ukatu egin du istilurik egon izana. Hamar lagun identifikatu dituzte. Pasaian, berriz, gazte bat atxilotu dute.

PCR proba bat joan den urtarrilaren 8an, Zaldibarren (Biziaia). ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du berriro ere azken orduetan

Gotzon Hermosilla

Positibo kopurua apur bat apaldu den arren, 1.400 kutsatuen langatik gora jarraitzen du. Osasun agintariek zazpi heriotzaren berri eman dute

Peon, Oiarbide, Otondo eta Salaberria, atzo Donostian egindako mahai inguruan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Arnasguneek arnasa hartzen segi dezaten

Irati Urdalleta Lete

Politika publikoek arnasguneetan nolako eragina duten aztertu dute 'Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak' mahai inguruan. Orain arteko lorpenak goraipatzearekin batera, etorkizunerako erronkak ere zehaztu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.