Bruselak beste bi arau-hauste prozedura hasi ditu Erresuma Batuaren kontra

ander perez zala
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak berehala erantzun dio Erresuma Batuko Gobernuari Ipar Irlandarako Protokoloaren aferan. Londresek itun hori alde bakarrez urratzeko lege proiektua aurkeztu eta bi egunera, Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak atzo azaldu zuen beste bi arau-hauste prozedura abiatu dituztela Erresuma Batuaren kontra, eta iaz hasitakoa berriz aktibatu dutela.

Brusela harago ere joan da, eta, Sefcovicek jakinarazi zuenez, bi hilabeteko epea eman diote Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari atzera egiteko. Hori egin ezean, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegira joko dute, eta baliteke hark isun ekonomikoak ezartzea Londresen aurka. Erresuma Batuko Gobernuak ohar baten bidez erantzun zuen, eta «etsigarritzat» jo zuen Europako Batzordeak bere aurkako lege neurriak hartu izana.

Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri ministroak iragan astelehenean erregistratu eta aurkeztutako lege proiektuak esportazioetan planteatzen du aldaketarik handiena. Proposatutakoaren arabera, Britainia Handitik Ipar Irlandara esportatzean, enpresekaukera edukiko lukete Erresuma Batuko eta EBko arautegien artean hautatzeko. Erreformak planteatzen du, gainera, EBko Justizia Auzitegiari begirale rola kentzea Ipar Irlandako barne merkatuaren funtzionamenduan.

Barne 'muga'

Protokoloan, bi aldeek adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunei dagokienez, eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan; horrek, praktikan, esan nahi du Irlandako itsasoan, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean, kontrolak jartzea.

Protokoloak Ipar Irlandako unionisten haserrea eragin du, argudiatzen baitute muga bat sortu duela Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean, eta, hortaz, zalantzan jartzen dituela herrialdearen lurraldetasuna eta etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.