Etenik gabeko sua

Kolonbiako Gobernua herrialdeko hainbat eskualde militarizatzen ari da; paramilitarrak indartuta bueltatu dira; koka sekula baino gehiago landatzen da; eta FARCeko talde batek armak hartu ditu berriro. Bakea ez da iritsi oraindik Catatumbora.
Catatumboko lurrak. Nekazarientzat behar zuten laguntzak multinazionalen esku geratzen ari dira.
Catatumboko lurrak. Nekazarientzat behar zuten laguntzak multinazionalen esku geratzen ari dira. DAVID F. SABADELL

Zuriñe Rodríguez Lara -

2019ko urriak 18
Ivan Duque presidenteak —haren esanetan— «gerrilla Venezuelan jarduten dela» frogatuko lukeen txostena aurkeztu du NBE Nazio Batuen Erakundean, ELNren hainbat argazkirekin batera. Presidentearen fake news berria da, Nicolas Maduroren gobernuarekin daukan tentsioa hauspotzeko. Alabaina, argazki horiek benetakoak dir,a eta, besteak beste, Catatumboko inguruetan ateratakoak dira, Kolonbiako gunerik gorienetako batean. Maria Ciro hango ekintzaile batek azaldu duenez, «ez dugu sekula bakea ezagutu, egunero bakearen alde borrokatzen bagara ere».

Jadanik hiru urte igaro dira bake akordioa sinatu zenetik, «baina ezin dugu hitz egin gatazka-osteaz», nabarmendu du Cirok. Izan ere, hitzartutakoaren %23 bakarrik bete da, 700 lider baino gehiago hil dituzte, eta FARCeko fakzio batek berriro hartu ditu armak. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak baieztatu duenez, bost gatazka armatu daude indarrean Kolonbian, eta egoerak okerrera egin duela ohartarazi du. Gladys Rojas aktibistak dioen moduan, larritze horrek «eragin zuzena du komunitateengan».

Duque presidentetzara iristeak segurtasun politika aldatzea eragin zuen. Hala dio Jose Lazarielek, Bolivar departamentuko hegoaldeko Micoahumano herriko polizia inspektoreak. Beste gune gori bat da Kolonbiako gatazkan. «Armadako militar gehiago paseatzen dira gure komunitateetan, eta azkenaldian salaketa ugari jaso ditut armadako kideen gehiegikeriengatik eta mehatxuengatik», jakinarazi du Lazarielek.

Eskualde horretan —200.000 bizilagun inguru ditu— hamaika base militar aurreikusi dituzte. «Ez dugu inoiz izan horrelako militarizazio maila handirik », erantsi du Gladys Rojasek, «herritarren lurretan kokatzen ari dira, eta lekualdatzera behartzen dituzte». Egoerari aurre egiteko, komunitateak antolatu egin dira, eta Catatumboko zenbait gunetan giza babeslekuak ere sortu dituzte.

Ezinezkoa da jakitea zehazki zenbat soldadu dauden eskualdean, gobernuak ez dituelako datuak ematen. «10.000 dira, guztiak behar-beharrezkoak», Bolivarreko armadako arduradun gisa jarduten den Jairo Leguizamonen arabera. Prokuradoriak, gobernua kontrolatzeaz arduratzen den organo burujabeak, 20.000 soldadu daudela kalkulatu du. Horiei gainerako gune gorietan hedatutakoak gehitu behar zaizkie; Catatumbon, Caucan, Nariñon eta Chocon.

Duqueren planak jada hedatutako tropen sendotze azkarra eta borrokarako pentsatutako armada aurreikusi ditu. Planak eguneroko errealitate bihurtzen du su-etenik gabeko gerran murgildutako bizitzaren ideia. Catatumbo da egoera horren erakusgarri: armadako soldadu saldoek ematen diote ongietorria lurraldean sartu nahi duen pertsona orori.

«Arazoa larriagoa da», azpimarratu du Rojasek. Kezka nagusia armadak hartu duen ikuspegi zibiko-militarra dela dio. «Pailazoz janzten dira, eta umeekin jolastera datoz, gizatiarragoak direla erakutsi nahian», azaldu du Lazarielek. «Gizarte lanak ere egiten dituzte, azpiegituraren bat konpondu eta herri lanak egiteko lizitatu, esaterako». «Estatuaren desagertzea erabateko da», salatu du Rojasek.

Paramilitarren birziklatzea

Muturreko militarizazio egoerari paramilitarismoaren itzulera gehitu behar zaio. «Sendotuta azaltzen ari da forma berrien bitartez, baina betikoaren birziklatzea da», Alejo Echeverri kazetari kolonbiarraren esanetan. Gladys Rojasen iritziz, orain ez dute egitura zehatzik eta talde ezberdinetan sakabanatuta daude: Gaitanistas, Rastrojos, Aguilas Negras... «Baina betikoa egiten jarraitzen dute, ez direlako inoiz guztiz desmobilizatu».

Isaula Paula Peñak bere bi anaiak galdu zituen 2000ko hamarkadan, paramilitarren goraldian: «Egoera hain izan zen krudela, non gizartea, gaur egun, oraindik shock egoeran baitago. Horrek beren itzulera etetera eraman ditu hainbat biztanle».

Duqueren gobernuak izen berri bat ematearen aldeko apustua egin du: Bacrim (banda kriminalak). Delinkuentzia arruntaren baitan sailkatu ditu, «arreta desbideratzeko trikimailu gisa».

Gizarteko liderren hilketak, narkotrafikoa, legez kanpoko meatzaritza eta pertsonen salerosketa dira talde horien ohiko jarduerak. Hori dela eta, emakumeen erakundeek, arduratuta, ohartarazi dute jada ondorio lazgarriak eragin dituela paramilitarismoa berpizteak: txirotzea eta emakumeen kontrako indarkeriaren eta emakumeen salerosketaren hazkundea. Azken ondorio horrek kezkatzen du bereziki Yolanda Becerra, Organizacion Femenina Popular taldeko kidea: «Venezuelako migratzaileen egoera zaurgarriaz aprobetxaten ari dira, eta herriko plazan zozkatzen dituzte. Prostituziorako eta haien taldeetarako errekrutatzeko nahi dituzte».

Koka eta multinazionalak

Bake akordioak, beste gai batzuen artean, legez kanpoko ekonomien egoera konpontzea aurreikusten zuen, koka salerosketarekin zerikusia zutenak bereziki. Koka sailak bestelako proiektu ekonomikoekin ordezkatzean oinarritzen zen egitasmoa, modu horretan nekazariak indartuz eta koka salerosketa bukatuz.

Catatumboko paisaiak, ordea, asmoa fikzio hutsa izan zela erakusten du. Kokaren berdetasuna gailentzen da kafe, juka eta kakao soroen gainetik. Bake akordioak sinatu eta gero, koka landaketek 209.000 hektarea hartzen dituzte, inoiz baino gehiago. Gladys Rojasek ohartarazi duen moduan, «desagertzea ez da iristen, eta, gertatzekotan, behartuta izango litzateke, eta horrek inoiz ez bezalako giza krisia ekarriko luke». Koka landaketak desagerraraztea ez dela konponbidea gehitu du Darisonek, giza eskubideak defendatzen dituen Cisca elkarteko kideak. Izan ere, «koka porrot egindako nekazaritza politikaren ondorio zuzena da».

Eskala handiko narkotrafikoak baldintza ezin hobeak aurkitu ditu egoera berrian, eta Sinaloako kartela zenbait lurraldetara sartu egin da eta bertan ezarri. Hala baieztatu du Catatumboko Tarra udalerriko alkateak: «Kartela jada antolatuta dago eskualdean. Nik neuk karteleko buruak aurkitu ditut tabernan».

Multinazionalen ezarpena da gatazkak gehien zigortutako lurretan gora egin duen beste fenomeno bat bake akordioa sinatu zenetik. «Bakearekin lotutako inbertsioa ez da nekazarientzat, gure baliabideak ustiatzera etorri diren enpresa handietara bideratu dute», azaldu du Yorgen Acosta lider sozialak. Horren adibiderik argienetakoa da Catatumbon bertan ibaian enpresa hidroelektriko bat eraikitzea aurreikusi dutela, baita eskualdeko ikatza eta mineral baliotsuak ateratzea ahalbidetuko duen lau erraileko errepidea ere.

Gerrilla gatazka

Bolborategi horren erdian, FARCeko fakzio batek armak berriro hartzeko asmoa iragarri du, ekuazioan armatutako talde berri bat sartuz eta matxinatuen ikuspegia eraldatuz. FARCeko disidentziak lanean ari dela ikusarazi du eskualdeetan. Hormetako pintaketek eta herritarren artean banatutako paskinek erakusten dute benetan itzuli direla.

Gaur egun ELN da gerrilla indartsuena. Nolakoa izango da bi talde matxinatuen harremana? Galderak ez dauka erantzunik. Rojasen iritziz, «elkarlanean aritu daitezke beste aktore batzuk geldiarazteko, baina lehenago edo geroago elkarrekin lehiatuko dira eskualdearen kontrola eskuratzeko». «Horrek herrian indarkeria errotzen jarraituko du», gaineratu du Isaura Paulak.

Matxinatuen hirugarren talde batek osatzen du joko taula korapilatsua, EPLk. ELNren kontra borrokan ari da Catatumbon, eta frogek erakusten dute harremanak dituela paramilitarrekin.

Gainerako gerrillek legez kanpoko ekonomiekin dituzten harremanek bizimodua moldatzen jarraitzen dute bakea ezagutzen ez duten lurraldeetan. Hori guztia Ivan Duque presidenteak gerraren aldeko apustua lehenetsi duen Kolonbia batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna