Pedro Garcia. Alpinista

«Oso gogorra da mendian lagunak galduta etxera itzultzea»

Euskal Herrian zortzimilako gehien igo dituzten alpinistetako bat da Pedro Garcia ordiziarra. Sei dauzka igota: besteak beste, Everest, Cho Oyu eta Shisha Pangma. 40 espedizio baino gehiago osatu ditu, baina oraindik ere Himalaiako eta Karakorumeko zortzimilakoetara itzultzeko ametsa du.

GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Ordizia
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ordizian da hitzordua. Argazkilariaren zain dagoen bitartean, kalean topatzen duen orok agurtzen du Pedro Garcia (Ordizia, Gipuzkoa, 1971). Irribarrea ez du aurpegitik kentzen haiek agurtzerakoan, eta, denek galdetzen diote hurrengo espedizioa nora egin behar duen. Mendiez, alpinistez eta mendizaletasunaz hitz egiten gozatzen du bereziki.

Hilabete pare bat badira Himlung Himal (Nepal, Himalaia, 7.126 metro) mendiaren espediziotik iritsi zarela. Baina gogoan al duzu mendia aitzakia hartuta egin zenuen lehen irteera?

Kuadrillako Igor Galparsororekin izan zen. Ordiziatik Izabaraino [Nafarroa] bizikletan joan ginen lehenik, eta, bertan, Hiru Erregeen Mahaia [Pirinioak, 2.446 metro], Petrechema [Pirinioak, 2.377 metro], Auñamendi [Pirinioak, 2.504 metro], Acherito [Pirinioak, 2.374 metro] eta besteren bat igo genituen. Zoratuta gelditu nintzen mendi haiekin! Dendarik ere ez genuen eraman, eta zakuarekin bakarrik moldatu ginen. 16 edo 17 urte izango genituen. Bi aste pasatu genituen Pirinioetan, eta etxerako itzulera Frantziatik egin genuen. Hurrengo urtean, Hirumilakoen Ibilbidea egin nuen Pirinioetan, eta handik bi urtera, Perura joan nintzen lehenbizikoz.

Pirinioetatik zuzenean Andeetara pasatu zinen Alpeak igaro gabe?

Bai, hala izan zen. Cotopaxi [Andeak, 5.897 metro], Chimborazo [Andeak, 6.263 metro], eta Tungurahua [Andeak, 5.023 metro] igo genituen. Gerora etorri ziren Korzhenevskaia [Pamir mendikatea, 7.105 metro], Satopanth [India, 7.074 metro]... Ondoren, Alpeak ezagutu nituen. Izotzean ibiltzeko ikastaro batzuk ere egin genituen aldi berean, eta orduan hasi ginen konpromiso handiagoa eskatzen zuten ekintzak egiten: Swam korridorea, Perdidoko eta Taillongo Iparrak...

Haiek osatu eta gero iritsi zen lehen zortzimilako batera joateko aukera, 2000. urtean: Cho Oyu (Txina-Nepal, Himalaia, 8.201 metro).

Bai, baina ezin izan ginen gailurrera iritsi! Montañas del mundo izena zuen Valentziako [Herrialde Katalanak] agentzia batekin joan nintzen. Bi katalan izan nituen bidelagun. Korzhenevskaia eta Lenin Peak igotzetik [7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan] eta Satopanth igotzen saiatzetik nentorren. Artean, seimilako batzuk ere igota neuzkan, urte batzuk neramatzan eskarmentua pilatuta, eta zortzimilako batera joateko erabakia hartu nuen. Askok aukeratzen dute Cho Oyu estreinakoz zortzimilakoetan. Ez da mendi teknikoa, baina mendirik altuenetan seigarrena da, eta ez da erraza.

Nola oroitzen duzu espedizio hura?

Nire lehen zortzimilakoa zen, eta izugarrizko errespetua nion. Jende ezezagunarekin nindoan, gainera, eta hotz handiko espedizioa izan zen. Denbora guztian kontu handiz ibili nintzela oroitzen dut. Oso espedizio polita izan zen, eta, kataluniar haiekin batera, eta Cuencatik [Espainia] joandako beste batzuekin, hamar inguru elkartu ginen. Oso giro polita izan genuen, baina altueran bisuts handia izan genuen. 7.900 metrora iritsi ginen, baina, egoera harekin, ezin ginen arriskatu. Egoerara bikain moldatu nintzela ere gogoratzen dut. Hori, behintzat, beti izan dut aldeko.

Zeure kirol ibilbidean, sei zortzimilako osatu dituzu; Cho Oyu bi aldiz, Everest (Nepal, Himalaia, 8.848 metro), Broad Peak (Pakistan, Karakorum, 8.047 metro), Gasherbrum II (Pakistan, Karakorum, 8.035 metro), eta Shisha Pagma (Nepal, Himalaia, 8.027 metro).

Bai, eta, haietaz gain, Manaslun [Nepal, Himalaia, 8.163 metro], Makalun [Nepal, Himalaia, 8.481 metro] eta Gasherbrum I-en ere [Pakistan, Karakorum, 8.080 metro] egon naiz. Orotara, hamar ahaleginetatik seitan egon naiz zortzimilako baten gailurrean; ez da portzentaje txarra.

Igotako zortzimilakoen artean, zeinetaz duzu oroitzapenik onena?

Everestez. Mendian hasi nintzenean, nire betiko ametsa zen han egotea, baina ez nuen inoiz imajinatuko hara joateko aukera izango nuenik. Ordurako zortzimilako batzuk igota nengoen, eta neure buruari esan nion: «eta zergatik ez?» Espedizio bikaina izan zen. Lagun baten errautsak ere eraman nituen, eta izugarria izan zen. Hirugarren kanpalekuraino oxigenorik gabe igo ginen, baina handik gora oxigenoa erabili genuen. Xabier Urraterekin eta Oier Plazaolarekin Cho Oyu igo nuenekoa ere ez dut ahaztuko.

Gaur egun, oso ohikoa da oxigenoaren erabileraren inguruan eztabaidatzea. Zer iritzi duzu horri buruz?

Oxigenoarena eztabaidatzea oso ondo dago, baina zergatik ez du inork soka finkoez eztabaidatzen? Ni beti izan naiz oxigenorik gabe ibiltzekoa. Beste bost zortzimilakoak horrela igo ditut. Baina, Everestek errespetu handia ematen du. Tibet aldetik igo ginen. Oso altuera handia dauka, eta ez da hara joateko aukera asko izaten. Oso garestia da, gainera. Hirugarren kanpalekutik gora [8.300 metro] benetako hotza egiten du, eta nik argi neukan handik gora erabili egingo nuela. Eta eskerrak erabili nuen! Izan genituen arazo guztiak kontuan hartuta, beste mundu batean egongo nintzen bestela, ziur.

Oroitzapenik okerrena ere, agian, Everestekoa duzu?

Agian, bai. Han egin behar izan genuen jaitsiera ez dut inoiz ahaztuko. Oso ondo egokituta geunden espedizio hartan, eta, gailurra zapaldu ostean, oxigenoa kentzea erabaki genuen. 40 minutu pasatu genituen gailurrean, eta, jaisteko, oxigenoa jartzea erabaki genuen berriro. Oso eguraldi txarra zegoen, eta, jaisten hasi orduko, Alfredo Garcia laguna erori egin zen. Hitz egiten hasi nintzaion, baina ez zuen ondo koordinatzen. Zutitu egin zen, baina, aurrerago, berriro lurrera jausi zen. 8.600 metrora geunden, biak bakarrik... Hilko ginela uste nuen!

Bizia bertan galduko zenuela pentsatzen hasita zeunden?

Dena beltz ikusten nuen, baina, nola edo hal,a jaitsiz joan ginen, eta, une batean, soka pasatzeko eskularruak kendu nituen. Gauez iritsi ginen hirugarren kanpalekura, eta denda irekita topatu genuen. Dena elurrez beteta zegoen, suak izoztuta, eta ordurako jada ezin nituen mugitu hatzak. Halako batean, beste espedizio batean zegoen xerpa bat agertu zen. Tratua egin genuen: berari denda eskaini genion, suaren eta ontzi baten truke. Onartu egin zuen! Keinu hark salbatu zuen gure bizitza. Bi ordu pasatu genituen ura edan eta edan. Gutxinaka, kanpaleku nagusira jaisten hasi ginen. Ezin genuen beste gau bat pasatu altuera hartan. Bidean, lau xerpa azaldu ziren geure bila. Ni ondo nengoen jaisten jarraitzeko, eta Alfredori laguntzeko eskatu nien xerpei. Ni arratsaldeko seietan iritsi nintzen beheko kanpalekura. Alfredo, berriz, goizeko hiruretan. Belarriak, sudurra, eskuko hatzak eta oineko behatzak belztuta neuzkan. Denak galduko nituela pentsatzen nuen. Negar saio ederrak egin nituen! Azkenean, eta zorte handiz, eskuko bi hatzetako lehen falangeak eta beste bi hatzetako bi falangeak galdu nituen espedizio hartan.

Merezi al du gailurrak azazkal bat galtzea?

Azazkal bat agian bai, baina hura baino gehiago, ezer ez!

2013an Gasherbrum I mendira egindako espedizioa ere ez omen duzu ahazteko.

Ez; han, dena gaizki atera zen. Hasteko, urte hartan talibanek 11 alpinista hil zituzten Nanga Parbaten; ondoren, Artur Hajzer alpinista handia ere hil zen Gasherbrumen berean; eta K2-n ere, beste bost alpinista... Guri ere ez joatea gomendatu ziguten, baina, azkenean, gehiengo batez joatea erabaki genuen. 11 alpinista geunden espedizioan, eta bi talde egin genituen. Bi taldetan banatu ginen gailurrerako egunetan, eta gu atzetik gindoazen. Beste taldeko hiruk gailurra zapaldu zuten, baina, jaitsieran, erori, eta han gelditu ziren betirako. Oso gogorra da mendian lagunak galduta etxera itzultzea. Kanpaleku nagusian, gainera, haietako baten emazteari deitu behar izan nion albistea emateko. Pentsa, telefonoa hartu, eta esaiozu emakume hari senarra galdu duela. Azkar erantzun zidan: «Eta zu, zergatik zaude bizirik?».

Alpinista batek beti pentsatzen omen du berari inoiz ez zaiola ezer gertatuko. Zuk ere berdin pentsatzen al duzu?

Hori hala da, eta nik ere berdin pentsatzen dut! Badakit arriskua hor dagoela, eta agian istripu bat izan dezakedala, baina gauzak ondo egiten saiatu behar da. Halere, edonoren eskuetan ez dauden gauza asko pasa daitezke mendian. Baina mendiak oso tarte txikia uzten du gauzak gaizki egiteko.

Lehen espedizio hartan bai, baina, gaur egun, ezagutzen ez duzun norbaitekin joango zinateke espedizio batera?

Ez. Jada 40 espedizio inguru eginak ditut, eta, gaur egun, norekin joan nahi dudan erabakitzeko eskubidea dudala iruditzen zait. Azken urteetan oso gertuko jendearekin joaten saiatu naiz gehienbat.

Nola da posible jada sei zortzimilako igoak dituen alpinista batek inoiz babeslerik eduki ez izana?

Agian parrandero samarra izan naizelako edo? [Barrez]. Inoiz ez naiz saiatu babeslerik izaten. Jende askok galdetu dit gauza bera, baina inoiz ez dut balio izan mendira joateko dirurik eskatzeko. Espedizio guztiak nik ordaindu dituk nire poltsikotik, nahiz eta espedizio batean kamiseta batzuk atera genituen.

K2 (Pakistan, Karakorum, 8.610 metro) mendiarekin arantza txiki bat duzu. Saiatzeko asmorik baduzu?

2011n, Everest igo ondoren, hatzek nola erantzuten zuten ikusteko, Muztag Ata [Txina-Pakistan, Karakorum, 7.546 metro] igo nuen. Ondo erantzun zutela ikusita, Cho Oyun eta Shisha Pangman berarekin egona nintzenez, Josep Maria Moya lagunarekin K2 mendira joateko aukeran pentsatzen aritu nintzen. Baina lagunak istripu bat izan zuen Alpeetan eskalatzen, eta gorputzeko atal asko apurtu zituen. Hara benetako lagun batekin joango nintzela argi neukan. Geroztik, arantza hor dago. Oraindik ere gertuko lagunekin talde polit bat osatzeko moduan bageunde, ez nuke denborarik galduko. Dagoeneko 51 urte dauzkat, baina ez dut esperantza galtzen. Oraindik gaztea naiz [barrez]. Makalurekin ere badaukat beste arantzatxo bat.

Begiz jota daukazun beste bat Komunismo mendia da (Tajikistan, Pamir mendikatea, 7.495 metro). Hura da Elurretako Lehoinabarra osatzeko gelditzen zaizun bakarra. Joateko asmoari eusten diozu oraindik?

Etapa bat itxi nahi dut horrekin, eta niretzat benetako poza izango litzateke hura igotzea. Euskal Herrian, Xabier Ormazabal zenak bakarrik osatu du erronka hori, eta polita litzateke bigarrena izatea. Orain dela asko igo nituen lehenbiziko laurak: Lenin Peak, Khan Tengri, Korzhenevskaia eta Pobeda. Lau horietako batzuk bi aldiz ere igota dauzkat. Orduan amaitu behar nituen denak, baina, urte batzuetan, beste espedizio batzuetan murgilduta ibili nintzen. Saiakera bat egina daukat Komunismora, eta gailurretik oso gertu gelditu nintzen. Baina oso eguraldi txarra izan genuen, eta ez ginen gailurrera iritsi. Bertan izan nituen nire lehen izozketak.

Mendizale amorratua zarela ikusten da. Besteen espedizioei erreparatzen diezu?

Bai, noski! Mendiari lotutako denari erreparatzen diot. Lagun asko egin ditut, eta haien espedizioei kasu egiten diet, bai euskaldunenei, bai beste guztienei. Mendia nire bizitza da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.