Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Zinema korearraz bi hitz

Illang: The Wolf Brigade filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Gontzal Agote.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Illang: The Wolf Brigade'



Zuzendaria: Kim Jee-woon. Aktoreak: Gang Dong-won, Han Hyo-joo, Jung Woo-sung, Kim Moo-yul, Han Yeri, Choi Min-ho, Huh Joon-ho. Herrialdea: Hego Korea. Iraupena: 139 minutu.

Pelikula hasi bezain pronto, Netflixen logoa atera eta bi erreakzio gertatu dira —akredituentzako emanaldia zen, soziologikoki aztertzen zinez zaila den gizataldea—: txistu batzuk, eta, horien erantzun gisa, txalo ozenagoak. Garai (kultural) triste hauen isla.

Filma bukatuta, berriz, ez da ez txalorik, ez txisturik izan. Hau San Sebastian da, eta hemen gaizki ikusita dago kortesiazkoa ez den edozer. Baina, ikusitakoak ikusi ondoren, asko gogoz geldituko ziren.

Harridura gaindituta, galderak ere pilatu dira, trumilka. Laburbiltzearren: zerk justifikatzen du film hau Sail Ofizialean egotea? Ba al da hautaketa batzorderik? N hizki gorri ezaguna Zinemaldian egotea zeren ondorioa da? Gaizki ulertutako homologazio baten nahiarena? (Oraingoan ez da komeni Cannesen ispiluari begiratzea). Bestelako akordio komertzialen truke ireki zaie atea Illang: The Wolf Brigade gisako filmei? Algoritmo bat al da zinema? Aniztasuna ala globalizazioa? Zinema korearrak ez al du besterik eskaintzeko?

Erabateko zentzugabekeria da Illang: The Wolf Brigade, ekoizleek gidoilaririk gabe lan egitea erabaki baitzuten efektu berezietan diru gehiago izatearen truke. Mission: Impossible eta Terminator-en parodia izateko ere ez du ematen. Gaizki koreografiatutako tiroketak, prologo lotsagarria, amodio kutreak, sekula bukatzen ez den tortura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.