begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Bilbo, gaueko irudien agertoki

2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Kurt Weillek, Elisabeth Hauptmanek eta Bertolt Brechtek gustuko, begiko, belarriko izan zuten Bilbao hitzaren soinua, doinua, errima. Inork ez daki Bilbo hiria ezagutzen zuten. Ziurrenik ez. Ez dio inporta. Primeran egokitzen zitzaion izena Weillek idatzitako eta Hauptmanek musikaturiko 1929ko Happy End komedia musikalari eman nahi zioten tonuari. Bertan entzungo ziren abestiak Bertoltek izkiriatu behar zituen.

Gangsterrez gainezka den Chicagoren antza duen hirian kokatzen da komedia beltz-alaitsu-gazi hori. Horra hor, lehiakideak garbitu, akabatu ondoren itzaletako enperadorea bihurtuko den Bill Cracker. Bere inperio berrian gobernatzen dituen taberna zulo guztietan alkohola barra-barra edango dute bezeroek, nahiz eta garaian Lege Lehorra indarrean izan... Nola deitu zion Brechtek hiri horri? Bilbao! Zergatik? Ondo moldatzen zelako letrarekin. Baieztatu beharrean bazaudete, irakur, abes ezazue: «Bills Ballhaus in Bilbao/ War das schönste auf dem ganzen Kontinent./ Dort gab's für einen Dollar Krach und Wonne, [...]// Alter Bilbaomond!/ Wo noch die Liebe lohnt.../ 'S ist toll mit'm Text!/ Lang, lang ist's her! [...]// Bills Ballhaus in Bilbao... [...]/ Heute ist es renoviert so auf dezent// Ich weiß ja nicht, ob Ihnen so was grad gefällt, doch:/ Es war das Schönste/ Auf der Welt [...]/ Alter Bilbaomoond».

Leitu, kantatu ezazue orain ingelesez: «Bill's beer hall in Bilbao, Bilbao, Bilbao,/ Was the most fantastic place I've ever known./ For just a dollar you'd get all you wanted,/ All you wanted, all you wanted [...]// That ol' Bilbao./ Down were we used to go./ Da da da da da... [...]// Bill's beer hall in Bilbao, Bilbao, Bilbao,/ Now they've cleaned it up and made it middle class/ With potted palms and aspree. [...]// That ol' Bilbao moon./ Love never laid me low./ That ol' Bilbao./ Why does it hurt me so?/ I don't know if it would have brought you joy or grief but/ It was fantastic./ It was fantastic./ Beyond belief».

Irudika ezazue orain euskaraz, —Oskorriren Antzinako bitxikeria ineditoak diskoa edo Joseba Tapiak 2006an kaleraturiko Real Politik hura izan itzazue kantu-lagun—: «Bill-en borda Bilbaon/ onena zen kontinente osoan!/ Dolar baten truke gozo dantzan/ edo muturka borroka zoroan./ Sartu ote zinen sekula batzoki hartan?/ Ez dut uste aspertuko zinenik han!// Aulkian putzu bat brandy,/ pista erdian belarra handi,/ gorri sabaian Iretargi.../ Eta musika?/ Hura bai musika!/ Beti zen yarritako dirura! [...]// Bill-en borda Bilbaon [...]/ Ti-ro-ka!/ Beldurrik ez?/ Heldu borroka!// Bilbaoko Iretargi! [...]// Bill-en borda Bilbaon,/ gaur ez da borda baizik aretoa:/ dantzaleku zatar arrunt garbi/ kafe-antzoki baten antzerakoa./ Jatortasun usain eta neonezko argi,/ tenplau sartuko zinateke hemen./ Hemen!/ Pistan ez da belarrik,/ brandyak ez dauka indarrik,/ huts egin digu Iretargik... [...])// Bilbaoko Iretargi!/ Zeu zaitut lekuko/ nik maite nuela... [...]/ Iretargi xahar... Iretargi gorri!/ Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina/ munduan zenik ederrena!».

Agian, ziurrenik, ez Kurt, ez Elisabeth, ez Bertolt, ez ziren Bilbo-Bilbaotik inoiz pasatu, baina 1929 hartan Berlingo kabaret guztietan Der Bilbao Song kantatzen zen ozen demonio. Eta gero New Yorken. Eta Chicagon. Eta Londreseko zein Liverpooleko pubetan...

Errima gorde ez duen atari hirueledun luze honekin sarrera nahi izan diot egin gaur bertan Netflix plataforman estreinatuko den El Silencio izeneko telesailari, Patria eta El Príncipe bezalako proposamen indartsuen sortzailea den Donostiako Aitor Gabilondok eta Máquina edo Autómata zuzendu baino askoz lehenago El Día de la Bestia-n parte hartu zuen Madrilgo Gabe Ibañezek plazaratutako atrebentzia, balentria.

Baina zertan dira elkarren antzeko Brecht, Hauptman, Weill, Gabilondo, Ibañez eta El Silencio-ren hirugarren filmatzailea den Esteban Crespo? Bada, Bilborekiko miresmenean.

Denek sumatu zuten Bilbo-Bilbao paisaia ikaragarria, agertoki markaz kanpokoa, eszenatoki paregabekoa zela, dela itzalen artean gertatzen diren istorioak kontatzeko.

Beste asko ohartu izan dira Bizkaiko hiriaren indar metalezkoaz, titaniozkoaz. Aspaldiko indar belztua, Labe Garaietako keak bildua, Euskaldunako borrokek tindatua, lehen; zerurantz altxatzen diren edo infernurako bidea hartzen duten arkitektura-ingeniaritzaren egitura horien urguilu fantastikoa, gaur.

Sumatu zuten aspaldian Eloy de la Iglesiak, Enrique Urbizuk, Pedro Oleak. Karraka taldeak eta Egillorrek. Antzeman Koldo Serrak ere. Eta El doble más quince-ren autoreak, Mikel Ruedak.

Gaur estreinatuko den telesailaren lehen eszenan bertan jakingo duzue Bilbo dela fantastic beyond belief... kontinente osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.