Albistea entzun

Javier Landeta. Euskal Futbol Federazioko presidentea

«Ofizialtasunaren partida ez da bakarrik kirol alorrean jokatzen»

Euskadiko Futbol Federazioa gertu dago helegitea aurkezteko FIFAk eta UEFAk ofizialtasuna ukatzeko hartutako erabakiaren aurka, Javier Landeta presidenteak aditzera eman duenez. «Urrats txikiak baina eraginkorrak eman behar ditugu».
ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2021eko abenduak 26

Martxoan hartu zuen Euskadiko Futbol Federazioko presidente kargua Javier Landetak (Leioa, Bizkaia, 1959), eta geroztik lurraldeen arteko batasunaren, berdintasunaren eta ofizialtasunaren gaietan dihardu buru-belarri. Baita gizonezkoen taldeko hautatzaile berria lortu nahian ere. «Pazientzia» eskatu du.

Bederatzi hilabete igaro dira jada federazioaren gidaritza hartu zenuenetik. Nolako balantzea egiten duzu?

Gainerako entitateak bezalaxe, gu ere jo gaitu koronabirusak eragindako izurriak, bai zuzenean eta bai zeharka. Martxoan kargua hartu nuenean, kirol ikuspegitik, helburu nagusia zen denboraldia ahalik eta ondoena amaitzea. Apurka-apurka, gauzak egunean jartzen aritu gara federazioak inguratzen dituen hainbat alorretan; administrazio arloan, besteak beste. Uda heldu zenean, batzordeetako presidenteak izendatu genituen, eta, federazioaren eguneroko jardueraren ezagutza nahikoa dugula kontuan hartuta, irailetik bilerak modu erregularrean egiten ari gara. Sasoi berriarekin batera, azpibatzordeak osatzen ari gara zuzendaritza batzordearen barruan. Ez nuke esango abiadura egongorrean doazenik, baina lanean ari dira. Hiru urteko agintaldia falta zaigu, eta konfiantza osoa daukat batzordeek praktikan jarriko dutela hauteskundeetara eraman genuen programa. Horretan pauso sendoak eman nahi ditugu.

Aurrera begira, federazioak zertan hobetu behar du?

Euskal futbolaren koordinatzailea eta erregulatzailea izatea nahi dugu. Herrialdeetako federazioekin eta eragileekin ongi artikulatuta, euskal futbola hobetu nahi dugu. Urrats eta helburu komunak adostea dagokigu, eta uste dut lortuko dugula.

Genero berdintasunean nolako urratsak egin dituzue?

Genero berdintasuna gai transbertsala da. Lehen esan dudan moduan, konfiantza osoa daukat batzordeko kideengan; hain zuzen, berdintasuneko batzordea eratu dugu. Federazioko zuzendaritza kargua hartu genuenean, euskal selekzioaren lehendabiziko partida emakumezkoen taldeak jokatu zuen. Zortea izan genuen. Euskal futbol osorako berdintasun plan bat diseinatu nahi dugu. Badakigu Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako federazioek berdintasun planak dituztela. Argi esan nahi dut euskal federaziokoek ez ditugula inolaz ere gutxietsi nahi, alderantziz baizik. Elkarren osagarri izatea nahi dugu. Bestalde, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin hitz egiteko zain gaude. Lehen hurbilketarako urratsa egin dugu. Ilusioz gaude, eta gauzak profesionaltasun osoz egin nahi ditugu, ahalik eta lasterrena praktikara eramateko.

Gizonezkoen euskal selekzioak ez du jokatuko Gabonetan. Zer dela eta?

Gure asmoa argia zen: ahalik eta talderik indartsuena osatzea aurkari indartsu gogor baten kontra jokatzeko, ahalik eta zale gehien bilduko lituzkeen zelai batean. Uste genuen aste honetako egun batean jokatzea posible izango zela, baina Espainiako Ligak egutegian egindako aldaketagatik ezinezkoa izan zaigu gauzatzea. Partida hurrengo astean egitea pentsatu genuen arren, baldintzak ez ziren beteko. Nahigabetuta nago, eta ez nuen espero. Denbora luzez lan handia egin dugu aipatu ditudan hiru osagai horiek batzeko. Gaur, Gabonetako partidaz hitz egitea gustatuko zitzaidan.

Partida jokatzeko gehiago egin ziteken, zure ustez?

Ez dut uste. Gure eskuetan zegoen guztia egin dugu. Euskal Herriko bost taldetako presidenteekin hitz egin dut, eta, egia esan, bostak euskal selekzioaren partida jokatzearen alde agertu dira. Abenduak aste bat gehiago izango balu, posible izango zen, baina 31 egun ditu.

Orain federazioaren helburu nagusia da aipatutako hiru aldagai horiek martxoan betetzea. Posible ikusten duzu?

Posible egin behar dugu, eta hala ikusten dut nik. Gabonetan jokatzeko ilusio handia nuenez, berriz ere ilusio bera berpiztu zait. Martxoa berehala dugu, eta lanean serio dihardugu, eta uste dut lortuko dugula.

Noiz eta noren aurka jokatuko du euskal selekzioak?

Oraindik data jakinik ez dugu jarri. Dakiguna zera da, martxoaren 24 eta 29 artean izango litzatekeela, FIFAren datetan. Aurkariari dagokionez, berriz heldu behar diogu. Mundu osoko hainbat selekziorekin hitz egiten ari gara, eta aukerarik onena bilatzen saiatzen. Egun horietan ligako eta Europako lehiaketak jokatuko ez direnez, iruditzen zait orain baino errazagoa izango dela martxoan partida jokatzea. Selekzio indartsu bat izatea gustatuko litzaiguke. Apala balitz, eta gizartean erakargarritasunik ez balu izango, agian porrota izango litzateke. Eta halakorik ez dugu nahi. Euskal herritarrak gure selekzioaz harro sentitzea nahi dugu, denon taldea izan dadin.

Eta selekzioko emakumezkoen taldeak partidarik izango al du urte hasieran?

Gizonezkoen taldeaz gain, asmoa genuen emakumezkoen taldeak ere Gabonetako egun batean jokatzea. Bi taldeak ditugu buruan. Argi eta garbi esan nahi dut lanean ari garela emakumezkoen taldeak gizonezkoen egun bertsuetan joka dezan. Egingo ez bagenu, neure buruari ez nioke barkatuko.

Maiatzean, Javier Clementek euskal selekzioko entrenatzaile izateari utzi zion, Libiara joateko. Haren erabakia zer moduz hartu zenuen?

Javierrek esan zidan Libiako selekzioak eskaintza egin ziola, eta ziurrenik onartu egingo zuela. Orduan, beste hautatzaile bat bilatzeari ekin genion. Oraindik ez dugu, eta kanpotik begiratuta ematen du presarik ez daukagula, baina, egia esan, hautatzaile onena lotzeko lanean ari gara, eta zeregin hori ez dugu inolaz ere bazterrean utzi. Guztia batuta doa. Selekzioaren irudia gehienbat jokalariek islatzen dute, baina baita hautatzaileak ere.

Ez duzu uste hautatzailerik ez izateak euskal selekzioaren egitasmoa apaldu dezakeenik?

Zapuztu dezake, baina argi eta garbi hautatzaile bat lortzeko buru-belarri ari gara lanean. Ahalik eta lasterrena edukitzea gustatuko litzaidake, baina presaren presaz aritzea ez da mesedegarria, ezta erraza ere. Dagoen merkatua halakoa da.

Hautatzaileak zer ezaugarri eduki behar ditu?

Hasteko, gogoa handia eta gizarte osoa ilusioz betetzeko gaitasuna izan behar du. Niri entrenatzaile gaztea, euskalduna, karismatikoa, eta bai jokalariekin bai klubekin gertutasuna duena izatea gustatuko litzaidake. Gure selekzioaren ordezkari izan behar du.

Bi izen dabiltza bolo-bolo: Joseba Etxeberria eta Jagoba Arrasate; Elgoibarkoa gehiago, Berriatukoa baino. Zer aurreratu dezakezu?

Zuzendaritza batzordea hainbat entrenatzaileren izenak ditu esku artean. Albistea daukagunean, horren berri emango dugu. Beste guztia, berriz, zurrumurruak dira. Guztiek egiten dituzte kinielak.

Zuzendaritzaren helburua da ofizialtasuna adostasunez lortzea. Zer fasetan dago?

Gertu gaude helegitea aurkezteko FIFAk eta UEFAk ofizialtasuna ukatzeko hartutako erabakiaren aurka. Gai hori dagokien organo eskudunek aztertzea nahi dugu. Federazioko talde juridikoak zuzentasun eta zehaztasun osoz idatzi du, eta egun gutxi barru, oharra sinatu, eta bi erakundeetara bidaliko dugu. Hortik aurrera, itxarotea dagokigu.

Erantzunik edota adostasunik ez badago, zein izango da bide orria?

Ikusi beharko dugu. Ez dakit zer-nolako bide juridikoak hartu ditzakegun. Egoera horretara heltzen bagara, federazioak dituen aholkulari juridikoekin aztertu beharko dugu. Funtsean, lanean jarraitzea besterik ez zaigu tokatzen. Bien bitartean, kirol ikuspegitik euskal selekzioaren izaera eta irudia indartzen jarraituko dugu.

Eusko Jaurlaritzak nolako jarrera dauka ofizialtasunaren gaiarekin?

Jaurlaritzak erantzun beharko lioke galdera horri. Nik Euskadiko Futbol Federazioaren izenean bakarrik hitz egin diezazuket.

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak aspaldi itxi zion atea ofizialtasunari. Harekin hitz egin duzu?

Askotan hitz egiten dut harekin. Azken batean, Euskadiko Federazioak Espainiakoarekin hitz egin beharra dauka, eta hitz egin behar da, guztiekin, gainera.

Nola konbentzituko zenuke Rubiales?

Gaur-gaurkoz, ez dakigu nola konbentzitu. Aztertu beharko genuke. Edonola ere, hauteskunde kanpainan esan genuen moduan, ofizialtasunaren partida ez da kirol arloan soilik jokatzen, esparru gehiago ere badaude eta: erakundeena eta maila politikoa. Ofizialtasunaren bidean urratsak egiteko, garrantzitsua da guztion artean kohesioa izatea. Kirol arloan, gure eskuetan dagoen guztia ematea dagokigu.

Kataluniako selekzioa ere egoera bertsuan dago. Ez litzateke hobe bi federazioek eskaera batera egitea erakundeei presio handiagoa eragiteko?

Kataluniako Federazioak horretarako nahia izan behar du. Guk gure lanean jarraituko dugu, baina gure ekinaldira zenbat eta federazio gehiago batu, orduan eta hobe. Bakoitzak bere borondatea erakutsi beharra dauka.

Ofizialtasuna lortzeko eperik ezarri al duzue?

Uste dut epeak ezartzea oso ondo egon daitekeela topa egiteko. Egin behar duguna zera da, urratsak txikiak baina eraginkorrak egitea, ahalik eta urrunena iristeko. Batzuetan, etsigarria da epe laburrean fruiturik ez jasotzea, esparru sozial eta politikoan gertatzen den moduan.

Asmoak jokalarien babesa du?

Nik dakidanagatik, ofizialtasunak baditu jokalarien babesa eta konpromisoa. Argi esan nahi dut federazioak ere baduela horretarako konpromisoa. Hori bai, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako jokalariak hartzen ditut kontuan; guztiak dira euskal selekzioaren parte.

Zer esango zenieke euskal selekzioak jokatzen dituen partidak folklorikotzat hartzen dituztenei?

Era guztietako iritziak daude, eta nik guztiak errespetatzen ditut. Jokatuko balu, oso pozik egongo nintzateke, pauso bat aurrera emango genukeelako euskal selekzioaren prestigioan, ofizialtasunaren bidean, herriaren ilusioan... Partidak ezaugarri folklorikoa duela? Ados. Hori bai, guztiari mesede egingo lioke, eta ez kalte.

Federazioaren batzarretan Bizkaiko futbolak dauka indarrik handiena. Hori aldatzeko asmoa duzue?

Estatutuen batzorde bat eratua dago, eta berritzen ari gara. Ni ahalik eta jende onenarekin inguratzen ahalegintzen naiz, eta gero jendeak, batzordearen barruan, autonomo moduan lan egitea gustatzen zait.

Lortu al da lurraldeen arteko batasuna?

Herrialdeetako federazioekin elkarlanean ari gara, eta, bakoitzak bere ikuspegia mahai gainean jarrita, oso aberasgarria eta ezinbestekoa dela iruditzen zait, euskal futbola indartzeko.

Eta Nafarroa eta Iparraldearekin?

Nafarroako Futbol Federazioko presidentearekin harreman oso ona daukat, eta hainbat alorretan gertutasun handia dugu. Iparraldekoaren kasuan, berriz, egitasmo polit bat dugu esku artean, eta berriro heldu nahi diogu gaiari, nahiz eta Iparraldeko hiru lurraldeak Akitaniako eskualdearen barruan egon. Iparraldearekin zubi lana egiteko interes handia dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iker Muniain Iñaki Williamsen bizkar gainera igota, gaueko lehen golaren ospakizunean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Mendekua urtebetera hartu dute

Beñat Mujika Telleria

Nagusitasunez lortu du Athleticek garaipena. Laugarren urtez jarraian izango dira Kopako finalerdietan
 ©RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING / SPRINTCYCLING

«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Eñaut Agirrebengoa

Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».
Unai Laso eta Jon Ander Peña joaneko partidan. ©JON URBE/FOKU

Laso-Imaz eta Peña II-Eskiroz arituko dira gaur, Hendaian

Berria

Lasok eta Imazek lau garaipen daramatzate jarraian, eta Eskirozek bigarrenez hartuko du Mariezkurrenaren tokia
Mikel Vesga penaltiz gauzatutako gola ospatzen, zuri-gorrien hirugarrena ©Biel Aliño / EFE

Kopako finalerdietara sailkatzea lortu du Athleticek, beste behin

Beñat Mujika Telleria

Zuri-gorriak 1-3 nagusitu dira Mestallan. Partida osoa jokatu gabe,baina lanari etekina aterata lortu du Athleticek finalerdietara sailkatzea, laugarren urtez jarraian.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.