Armek bahitutako herri bat

Paul Auster idazleak eta Spencer Ostrander argazkilariak suzko armek AEBetan izan duten pisuari eta ondorioei buruzko liburua kaleratu berri dute: 'Bloodbath Nation' .

Paul Auster idazlea. CARLOTA CIUDAD / EFE.
mikel lizarralde
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Inoiz ez naiz suzko arma baten jabe izan». Deklarazio batekin hasten da Bloodbath Nation (Odolak blaitutako nazioa), Paul Auster idazle estatubatuarrak (Newark, 1947) Spencer Ostrander argazkilariarekin (Seattle, 1984) elkarlanean osatutako liburua. Austerren hitzek, baina, baieztapen horrez gain, galderak ere badakartzate segidan. Zergatik ez du armarik izan? Gaztetxoa zela udaleku batzuetan karabina batekin paperezko diana bati tiro egiten gozatu ostean, zergatik ez zuen gerora arma bat eskuratu? Idazleak berak aitortzen duenez, inguruko inork ez zuen bultzatu arma bat izatera. «Ez aitak, ez amak, ez gertuko senideek, inork ez zuen suzko armarik, inork ez zuen inolako zerikusirik hegaztien edo animalien ehizarekin edo kirol tiroarekin , eta inork ez zuen inoiz hitz egin familia babesteko pistola edo fusil bat erosteaz».

Batez ere eleberrigile gisa da ezaguna Auster, eta, New Yorkeko trilogia osatzen duten hiru nobela laburrak 1980ko hamarkadaren erdialdean argitaratu zituenetik, haren belaunaldiko egileen artean gehien irakurri, laudatu eta sarituetako bat bilakatu da, besteak beste, nobela hauei esker: In the Country of Last Things (1987) Moonpalace (1989), Leviathan (1992). Euskaraz ere hainbat libururen bitartez irits daiteke Austerren literatur mundura, Alberdaniak Brooklyngo erokeriak (2006), Bidaiak scriptoriumean zehar (2007), Gizona ilunpean (2008), Ikusezin (2009) eta Sunset Park (2010) eleberriak argitaratuak dituelako —guztiak Oskar Aranak euskaratuak—, eta Txalapartak, berriz, Kristalezko hiria nobelaren komikirako egokitzapena —Paul Karasikek eta David Mazzucchellik egina eta Harkaitz Canok itzulia, 2006—, eta Neguko egunerokoa (2015) —hori ere Aranaren eskutik—.

Azken hori bezala, ez-fikziozko liburua da Bloodbath Nation. Abiapuntua, ordea, erabat ezberdina da. Neguko egunerokoa-n bere buruari begiratu zion Austerrek, denborak baino gehiago, bere interesek eta hausnarketek harilkatutako autobiografia bat osatzeko. Oraingoan, aldiz, «amerikar arima» osatzen duen gai ia ukiezin bati heldu dio, armen jabetzari. Oroitzapen pertsonalak, datuak eta gogoetak nahastuz, idazle estatubatuarrak armek bere herrialdean eragiten duten lilurari erreparatu dio, ez hori ulertzeko nahiarekin, baina bai, ordea, sarritan komunikabideetara sarraski baten irudiarekin iristen den indarkeria hori testuinguruan jartzeko.

Datuak hor daudelako eta agerikoak direlako. Ikerketa berri baten arabera, Ameriketako Estatu Batuetan 393 milioi suzko arma daude —«herrialde osoko haur, emakume eta gizonezko bakoitzeko, bat baino gehiago»—, urtero 40.000 bat estatubatuar hiltzen dira arma horiek erabiltzearen ondorioz —errepide istripuetan adina—, eta 80.000 dira arrazoi berarengatik zaurituak. «Suzko armen eraginez larrialdi zerbitzuetara hamabi hilabetean behin egindako 120.000 dei».

Datuek, baina, ez dute azaltzen zergatia, Austerren iritziz. «Hori da errealitatea», dio liburuan, «baina gertaera horien atzean dauden kopuruak baliagarriak izan daitezkeen arren, ez diote erantzuten galdera bati: zergatik gertatzen dira AEBetan eta ez beste herrialde batzuetan? Eskala eta maiztasun maila horretan egiten diren sarraski eta odol isurketek nazio mailako ekintzak eskatuko lituzkete». Eta gaineratzen du idazleak: «Horrek eskatuko luke Gobernu federalaren, udalen eta estatuen ahalegin bat osasun publikoaren krisia dena kontrolatzeko».

Liburuan, Moonpalace-ren egileak AEBen historiari begiratzen dio, eta, zehazki, bere herrialdearen sorrerari berari, estatubatuarren parte handi bat —eta, halere, berak dioenez, gutxiengo bat—armen kontrola ezartzearen aurka egotearen arrazoiak bilatzeko orduan. «Gure historiaurre kolonialak 180 urte iraun zuen, eta formazio aro kaotiko horren zatirik handiena gatazka armatu amaigabean bizi izan zen».

Garai hartan, eta «Mundu Berriko edozein leku bereganatzeko eskubide jainkotiarraren jabe zirela iritzita», kontinentera iritsi berriek lurraldeak kolonizatzeari ekin zioten, bertan milaka urte zeramatzatenen herrixketara sartu, haiek suntsitu eta txikizioak egiteko kezka handirik gabe. Horretarako, Austerrek azaltzen duenez, 16 urtetik gorako gizonezkoek osatutako miliziak sortzen zituzten, eta pertsona bakoitzak moskete bat eskuratu behar zuen. Gainera, derrigortuta zeuden milizian aritzera, zahartu eta fusil bat eramateko gaitasuna galdu bitartean behintzat. «Kolonoek uste zuten mehatxatuak zeudela, eta etsai komunaren aurka defenditzeko elkartzen ez baziren, arriskuan egongo zen euren hirien eta etxebizitzen etorkizuna, baita sortzen ari zirela imajinatzen zuten Jerusalem Berria ere».

Estatubatuar bakoitzak arma bat izateko eskubidea duela dioen ideia urte haietan finkatu zen, eta 1783an independentzia lortu ostean idatzitako konstituzioaren bigarren zuzenketan jarri zen paper gainean: «Estatu aske baten segurtasunerako ondo antolatutako milizia bat beharrezkoa izanik, ez da urratuko herriak armak edukitzeko eta eramateko duen eskubidea». Esaldi horren interpretazio ezberdinak armak izateko eskubidearen inguruko eztabaida guztietan azaleratu dira azken hamarkadetan, eta AEBetan sarraski bat dagoen aldiro azaltzen dira.

Bloodbath Nation armek AEBetan duten pisuari eta horrek berak herrialdean izan dituen ondorioei buruzko saiakera hutsa izan zitekeen. Baina Austerren beste obra askotan bezala —fikziozkoak nahiz ez-fikziozkoak—, egilearen beraren bizipenek ere zeharkatzen dute liburua. Hala, kontatzen du 1950eko hamarkadan, haur estatubatuar guztiek bezala, jostailuzko pistolekin jolasten hazi zela, telebistan ematen zituzten westernetako cowboyak imitatu nahian. Baina garai hartan jakin zuen, halaber, indarkeria oso gertu egon zitekeela ere. Bere amonak aitona hil zuen Austerren aitak 6 urte besterik ez zuela.

Leku hutsak

Bloodbath Nation-en bildutako zuri-beltzezko argazkietan, berriz, azken bi hamarkadetan AEBetan izan diren sarraskietako lekuak katalogatu ditu Ostranderrek. Leku hutsak dira guztiak: merkatal guneak, kafetegiak,ikastetxeak, elizak, meskitak, sinagogak eta aparkalekuak, besteak beste. Datu hutsak biltzen dituzten argazki oinak besterik ez: lekua, data, hildako eta zauritu kopurua, gaur egungo egoera eta erabilera. Jenderik ez da azaltzen haietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.