Albistea entzun

Haziak mantendu, ondarea zaintzeko

Euskal Herriko Hazien Sareak 25 urte bete ditu, eta, sortu zenetik, bertako haziak ikertzen, kontserbatzen eta zabaltzen dabil. Bertako ondaretzat jotzen dute material biologiko hori, eta, beraz, uste dute mantendu egin behar direla haziak, gal ez daitezen.
Haziak gordetzeko banku bat du Euskal Herriko Hazien Sareak Olarizun, Gasteizen.
Haziak gordetzeko banku bat du Euskal Herriko Hazien Sareak Olarizun, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko urriak 13

Euskal Herriko Hazien Sareak orain dela 25 urte ekin zion bideari, eta hasierako asmotik apartatu gabe baina ildo berriak irekiz jarraitzen du lanean. Helburu komertzialik ez, soziala du: urteetan tokian bertan landatu izan den guztiaren bioaniztasuna eta horren garrantzia gizartean zabaltzea. Era horretan, urteetan jasotako haziak mantendu ahal izateko, uste baitute bertako ondarearen parte direla. Gasteizko Olarizuko landa eremuan dute egoitza nagusia, baina Euskal Herrian zehar aritzen dira lanean, lurralde guztiak aintzat hartzeko xedearekin.

Joseba Ibargurengoitia hazien sareko partaidea da, eta Basaldea espazioan dago, Gasteizen. Badira beste zenbait kide ere, letxuga, piper, tomate eta bestelako barazkien artean. Gasteizko Udalak abian jarritako eremu bat da, nekazaritza ekologikoa sustatzeko, eta hazien landaketarako guneak ditu sareak bertan. «Bi berotegi ditugu hemen, eta baita Euskal Herriko fruta arbola mintegi bakarra ere», azaldu du Ibargurengoitiak. Maiatzean utzi zizkieten lur horiek, eta bost urtez izango dute erabiltzeko aukera, printzipioz; izan ere, «ziurrenik» aldaketa batzuk gertatuko dira, eta baliteke denbora gehiagoz bertan jarraitu ahal izatea.

Berotegietako baten atarian eman ditu azalpenak, eta lan lerroak izan ditu hizpide, hiru ildo nagusi baititu elkarteak, eta eskutik helduta doaz hiru ildoak gainera: «Ikerketa da lehena; baserrietara joaten gara, eta elkarrizketak egiten dizkiegu baserritarrei; ezagupenak eta jakituriak berreskuratzen ditugu era horretan, eta baita material biologikoa ere, hala nola haziak, kimak eta fruta arbolak». Lortzen duten hori kontserbatzea da bigarren pausoa, eta, horretarako, bi aukera dituzte: «Ex situ teknikarekin, haziak Olarizun [Gasteizen] dugun germoplasma bankuan edo hazi biltegian gordetzen ditugu; hezetasun kontrola egin behar da, eta laborategi bat ere badaukagu». Beste aukera bat ere badute, in situ teknika: «Ortuetara egiten dugu jauzi landaketak egiteko, batez ere Araban; oraintsu hasi gara, eta nekazari, ekoizle bilakatu baikara». Esate baterako, Araban fruta arbolen zortzi ortu erreferentzial dituzte; adibidez, Izkiko parke naturalean.

Egindakoa zabaldu

Ikerkuntza eta kontserbazioa dira, beraz, sarearen lerroetako bi, baina bada garrantzi bera duen beste bat ere, hirugarrena: dibulgazioa. «Egindako lanari balioa eman nahi diogu, eta horretarako egiten ditugu hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak». Esate baterako, Urduñan (Bizkaia) hango fruta arbolen indusketa bat egin zuten 2010ean, eta han ikertutako espezieak biderkatu egin zituzten; gero, bertako ikastetxearekin landaketak egin zituzten lursail publiko batean, eta, iaz zein aurten, horiek emandako sagarrak bildu eta zukua egin dute. «Bertako mota batekin, bertako eskolarekin eta bertan ekoiztutako zukuarekin; prozesu bat ikusten da, eta horri balioa eman behar zaio».

Esku artean dituzten asmoen artetik, proiektu batean egin du azpimarra Ibargurengoitiak: hazien eta fruta arbolen zaindariak. «Horien zeregina, gutxienez, banatutako hazi edo fruta arbola horiek landatzea eta ereitea da, baina, horretarako, ezinbestekoa da bazkidea bihurtzea; alde legala, zoritxarrez, oso korapilatsua da indarrean dauden legeengatik, hemen zein nazioartean».

Ibargurengoitiak zehaztu duenez, lege horiek lurren eta moten «pribatizazioaren aldekoak» dira, eta «multinazionalen, enpresa handien eta lobbyen interesak» daude atzean. Ondorioz, haiek aurkitutako motak ez daude erregistratuta, asko baitira jarritako oztopoak. Beraz, hitzarmen bat dute zaindariekin ere. «Besteak beste, ezin dituzte erregistratu, ezin dira erabilera komertzial baterako erabili, eta ikerketa lanik ere ezingo da egin sarearen baimenik gabe; hobekuntza genetikoak egitea ere ez dago baimenduta».

Hitzarmen horrez gain, sarean ere kode etiko bat dute. Batetik, integritate etikoaren printzipio orokorra jasotzen da; hor daude, esaterako, zintzotasuna, gardentasuna eta informazioa eskuragarri egotea, errespetua eta autoebaluazioa. Parte hartzaileen eta kolaboratzaileen erantzukizun orokorrak ere jasotzen dira: jokabide etikoa izatea, lanean berdinen arteko harremanak sustatzea eta mantentzea, eta praktika eta ezagutza moduak errespetatzea, besteak beste. Horrez gain, badira sarearekin erlazioa duten zenbaiti zuzendutako erantzukizunak ere. Guztira, zazpi taldetan daude banatuta: sarearen parte direnak, hala nola zuzendaritza batzordea, nekazariak eta zaindariak, ikertzaileak, laguntzaile boluntarioak, aholkulariak, prestatzaileak eta bazkideak.

Ehunka espezie

Sarea handituz joan dela azaldu du Ibargurengoitiak, gero eta herri eta lurralde gehiagotan ari direla ikerketak egiten. Azken 25 urteetan 1.500 fruta arbola baino gehiago topatu dituzte, baita bostehun barazki eta zereal mota baino gehiago ere. Euskal Herrian jaso dituzte denak.

Egun, mila bazkide inguruk osatzen dute sarea, eta guztiek parte hartzen ez badute ere, besteak beste, Basaldean dabiltza lanean; astearteetan egiten dituzte auzolanak, eta Ibargurengoitiak nabarmendu du bertan aritzen direnen profila «oso langilea» dela eta «hainbat esparrutan adituak» direla. Asmoa dute, oraingoz, astero bertara joaten jarraitzekoa, «lana egon, badagoelako», eta ohartarazi du bazkideen laguntza ere eskatuko dutela gerora; izan ere, badituzte planak luzera begira. Esate baterako, orain ongarri berdea, alpapa, dute sartuta eremu zabal batean, baina, gerora, zerealen landaketa bat egin nahi dute bertan.

Proiektuarekin aurrera egin ahal izateko, hitzarmenak ere badituzte, instituzioekin, eta bestelako erakundeekin eta elkarteekin. Ibargurengoitiak azaldu du Eusko Jaurlaritzarekin egin ohi dituztela akordioak, nahiz eta momentu honetan halakorik ez izan. Nafarroako Gobernuarekin iaz hasi ziren lanean, eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, elkarteren batekin badute harremana. Horrez gain, mankomunitate zein herri batzuetako udalekin ere egiten dituzte itunak, eta eskoletara ere joaten dira egiten dutenaren berri ematera.

Bide horretan, zuku dastaketak ere egin ohi dituzte, proiektua zabaltzearekin batera; eta tomate kontserbak ere egiten hasi dira, Pobesen (Araba) dagoen Ekotarri enpresarekin, zehazki; zigilu ekologikoa dute. Hala ere, Ibargurengoitiak adierazi du beren produktuen merkaturatzea, printzipioz, bederen, ez dela Hazien Sarearen lehentasunetako bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

«Musikan dena dut egiteko»

Gorka Erostarbe Leunda

Pandemiak apenas utzi dion 'Rueda' azken lana behar bezala aurkezten; Bilboko Euskeria abesbatzaz lagunduta kontzertua emango du etzi, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Haurrak lurperatzen zituzten eremuaren indusketa, Begoñako hilerrian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Autopsia hilerri bati

Jakes Goikoetxea

Begoñako hilerria kendu eta parke bat egingo dute Bilbon. Aurretik, ordea, bertako hezurrak ateratzen, aztertzen eta sailkatzen ari da Aranzadi zientzia elkartea. Hilerriko gainerako elementuak ere aztertzen ari da. 'Begoñako Argia' izena du proiektuak.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kritika egingo dugu, tokikotik globalera»

Urtzi Urkizu

Bilboko Seriesland jaialdian 'Zikings' animaziozko websailaren lehen atala proiektatu dute. Abenduan sarean izango dira ikusgai aurreneko bost atalak. Proiektua «monetizatu» egin nahiko lukete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.