Haritz Mujika Lasa. Bertsolaria

«Ondo ari nintzela sumatzen nuen; nik egin nahi nuena egitetik oso hurbil»

Igandeko saioa irabazita, Haritz Mujika da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetarako laugarren sailkatua. Hala, Donibane Garazin kantatuko du hurrena, urriaren 29an.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Andoain
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Denbora luzez prestatu eta final-laurdenen aurretik bere burua mimatzea izan du garaipena lortzeko giltza Haritz Mujika bertsolariak (Asteasu, Gipuzkoa, 1995). Baita emaitza eman ere; igandean Gasteizko saioa irabazita zuzenean lortu baitu finalaurrekoetara pasatzea. Oholtza gainean egoten asmatu zuen, eta horrek lagundu zion, hain justu, egin nahi zuena egitetik gertu egoten.

Igandeko saioa irabazita, nola sentitzen zara?

Nekatuta. Igande gauean ohera sartu nintzenean baino nekatuago esnatu nintzen atzo. Saioa ez nuen tentsio handiz bizi izan, baina txapelketak beti sortzen du kezka bat; bai bezperak eta baita egunak berak ere. Horiek denak ondo kudeatu nituen arren, nekea nabaritzen dut. Hala ere, lo gutxi egin izana justifikatzeko arrazoi ona da hau [barrez]. Herriko festak bukatzen direnean errekuperatzeko beharra sentitzen da, ba? Ba, horrelaxe sentitzen naiz.

Eta oholtza gainean zer moduz sentitu zinen?

Ondo. Batez ere, oholtzan egoteko moduarekin egon nahi nuen ondo. Uste dut ondo egon izanaren emaitza izan zela bertsotan egindakoa. Pare bat irristada ere izan nituen tartean, baina ingurukoek esan zidaten ez zirela jabetu eta ondo libratu nituela.

695,5 puntu lortuta izan zinen garaile. Zure saio puntuagarriak amaitzerako, espero zenuen?

Oholtzatik, betiere, saioa distortsionatuta entzuten dugu bertsolariok. Ez ditugu bertsoaldi guztiak entzuten. Batzuetan, deskonektatu egiten dugu geure buruarekin lan egiteko. Nik sumatzen nuen ondo ari nintzela; nik egin nahi nuena egitetik hurbil.

Ganbarako ariketa bukatu nuenean, pentsatu nuen aurrera pasatzeko aukera izan nezakeela, baina ez nekien nola aritu ziren besteak. Xabatek esan zidan ondo ari nintzela, eta gainontzeko kideek ere, ganbarara joan ginenean, gauza bera esan zidaten. Orduan pentsatu nuen: «Hurrengo saio batean kantatzeko aski meritu egiten ari naiz; ea, ba, hala den». Hala izan zen azkenean, eta, bide batez, saioa irabazita.

Manex Agirrerekin batera aritu zinen zortziko txikian. Elkarrekin lau eguneko opor batzuk pasatzera joan eta Manexek oporraldia irakurtzen pasatu zuela jarri zizueten gaitzat. Ariketa horretan bildu zenuen puntu gehien. Bereziki gustatzen zaizun neurri bat da zortziko txikia?

Bereziki beldurra diodan ariketa bat da. Ariketa absurdo bat bihurtzen da, umorez egin behar delako edo hala egitea espero delako. Umorez egitea ez da erraza izaten; norbere gorputzaldiaren arabera izaten da hori. Neure buruari ikusi nizkion ariketa horretan askorik gustatu ez zitzaizkidan zabarkeria batzuk; oin batzuk, joskura batzuk... Baina egia da ideiaz nahiko erraz ikusi nuela.

«Pragara etorri eta/ eskutan Obaba/ Asteasutik hortako/ atera al gara?» kantatu, eta gogotik jo zuen txalo publikoak.

[Barrez]. Bai. Bigarren bertsoa izan zen hori. Erreakzioengatik, ematen du hori gustatu zitzaiola gehien publikoari, baina niri gehiago gustatu zitzaidan, agian, lehenengoa.

«Lehen gutxi egoten ginen/ orain oso gutxi/ azala beste ezer/ ez dizut ikusi». Hori?

Bai. Ez dakit, ideia gehiago gustatu zitzaidan. Denek esan zidaten zortziko txikian tartea atera niela besteei. Azken batean, puntuaketa ez dago gure esku, gure esku dago guk kantatzen duguna.

«Diru kantitate handia eskaini dizute. Onartu egin duzu». Hori izan zen ganbarako gaia. Itxuraz, behintzat, gai zabala.

Bai. Ganbarako ariketari beldurra izan diot urte luzez, eta uste dut galtzen ari natzaiola beldur hori, nahiz eta estualditxoa pasatu. Uste dut gure bertso eskolan bertsoak zehatz botatzen saiatzen garela, eta atzo, gaia oso zabala egin zitzaidan arren, zehatza eta errealista izaten saiatu nintzen; lekura eta egoerara egokituz.

Gasteizko alkatearen larruan jarrita kantatu zenuen. Berehala otu zitzaizun ideia?

Nahiko argi ikusi nuen, bai. Ez zen bereziki kantatzea gustatuko litzaidakeen gai bat, baina, Gasteizen nengoen, eta egokitu egin nahi nuen gaia testuingurura. Ez dut uste ariketa bikaina izan zenik, baina bai, agian, eraginkorra. Gero beste batzuenak entzuten ditut, eta esaten dut: «Jo, ba gustatuko litzaidake horrek bezala egitea». Baina, egin dezakedanarenbarruan, uste dut ondo egin nuela.

Amets Arzallus izango duzu kantukide urriaren 29an, Donibane Garazin; gainerakoen izenak datorren astean jakingo dira. Nola hartuko duzu ordura arteko denbora?

Ariketak aldatuko zaizkigu, eta ariketa horietara ere egokitu beharko dut. Bakoitzak bere modura planteatzen du txapelketa, baina argi ikusten da badagoela bertsolari multzo bat koska bat gainetik dagoena. Ziurrenik, bertsolari horiek orain hasiko dira txapelketa prestatzen, eta posible da haiek freskoago iristea. Horrez gain, hobeak dira [barreak].

Igandeko saiora ondo iritsi ahal izateko, aurrez egin nuen lan, eta, azken aste hauetan, tartea hartu dut neure burua mimatzeko. Orain gauza bera egin nahi dut. Alegia, prest nago lanean hasteko, baina saioaren eguna gerturatu ahala, atseden pixka bat ere hartu nahiko nuke.

Publiko artean zenituen gertukoak. Zer esan zizuten saioa amaitu zenuenean?

Poztu ziren, noski. Gauza ederra da ikustea nolako poza eragiten duen inguruan norberaren lorpenak. Pisu handia du horrek niretzat, eta uste dut zentzua ematen diola txapelketaren aurretik pasatzen den estuasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.