Behatzaile baten letrak

AEBetako literatura zirkuituetako izen handia izan zen Elizabeth Hardwick. Kritikari lanak eman zion ospea, eta horrek berak haren sorkuntza lana estali zuen.

The New York Review of Books aldizkari ezagunaren sortzaileetako bat izan zen Elizabeth Hardwick. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

Hiru nobela, Herman Melville idazlearen biografia bat eta aldizkarietan argitaratutako ipuin barreiatu gutxi batzuk. Elizabeth Hardwicken (Lexington, AEB, 1916-New York, 2007) sorkuntza lanak ezin dira bi eskuetako hatzekin zenbatu, baina ia-ia. Haren izenak, ordea, itzal handia izan zuen XX. mendeko AEBetako literaturan, ez horrenbeste fikziozko lanek emandako oihartzunagatik, baizik eta literatur kritikari gisa egindako bideagatik. The New York Review of Books argitalpen ospetsuaren sortzaileetako bat izan zen 1963an, literatur kritikari eskainitako hainbat liburu ere argitaratu zituen, eta, AEBetako kritikaririk ospetsuenetakoa ez ezik, gehien maitatua eta gorrotatua ere bilakatu zen, ez baitzen ibiltzen epelkeriatan. 1959an Harper's Bazaar aldizkarian argitaratutako artikulu batean (Liburu kritikaren gainbehera) honako hau zioen AEBetako kritikari buruz: «Laudorio gozo eta leunak nagusitu dira leku guztietan. Erosotasun unibertsala da nagusi, baina zertxobait lobotomizatua». Testu horrek berak egin zuen ezagun Hardwick letren munduan.

Hala ere, literatur kritikaren arloan eginiko lan horrek estali egin zuen urte luzez haren sorkuntza lana. The Ghostly Lover (1945) eta The Simple Truth (1955) eleberriak figura publiko eta ezaguna bilakatu aurretik argitaratu zituen, eta idazleak berak aitortzen zuen bere burua fikziozko egile gisa deskubritu aurretik idatzi zituela. Baina ez zen hori izan Hardwick sortzailea itzalean utzi zuen arrazoi bakarra. Kritikaren eta literatur ikerketaren munduan sartzearekin bat, bere prestigioa haziz joan zen, eta egileak berak bide hori hautatu zuen publikatzeko. Hainbat saiakera argitaratu zituen (A View of My Own, 1962; Seduction and Betrayal, 1974; Bartleby in Manhattan, 1983; Sight-Readings, 1998), eta idazketa eskolak ere eman zituen Columbiako Unibertsitatean.

1949an Robert Lowell poeta ospetsuarekin ezkondu zen Hardwick, eta horrek berak eraman zuen senarraren ondokoa izatera jende askorentzat, nahiz eta literatur zirkuituetan prestigioa ondo irabazia izan. Lowellekin izan zuen harremana, gainera, gorabehera handikoa izan zen. Poetak buruko gaitz bat zuen, eta, Hardwickek berak gutun batzuetan azaldu zuenez —Cathy Curtisek A Splendid Intelligence: The Life of Elizabeth Hardwick biografian jaso zituen—, hori eta haren adulterioa sufrimendu iturri bilakatu zitzaizkion. Ez hori bakarrik. Lowellekin izan zuen harremanaren ondorioz, Hardwicken talentua ezkutatua izan zen urte luzez, nahiz eta, Curtisek azaldu duenez, «erresistentzia» izan zuen ezaugarri nagusietako bat. «Idazle gisa, beti izan zen ideologiekiko erabat independentea. Bere iritzien baliozkotasunean tematu zen beti, sarritan aurrez ikusezinak zirenak. Idazten zuen hitz bakoitza kontu handiz aukeratzen zuela ziurtatu behar izaten zuen».

Onespenaren unea

Lowell 1977an hil zen, eta bi urte geroago Sleepless Nights nobela argitaratu zuen Hardwickek, literatur kritikaria hori baino gehiago ere bazela erakutsi zuen lana. 64 urte zituen ordurako, urteak zeramatzan beste batzuen liburuei buruz idazten, eta inor gutxik espero zuen haren sorkuntza lanik. Are gutxiago Sleepless Nights bezalako bat, denbora gutxira aitortza izugarria lortu zuena. Hardwicken lana eta bizitza aztertu dutenek azaldu izan dutenez, senarraren heriotzak askatu egin zuen barrenean zeraman idazlea, eta, inolako konpromiso, lotura eta kezkarik gabe, nahi zuena idazteko libre ikusi zuen bere burua.

Azaleko azterketa batek iradoki dezake Sleepless Nights Hardwicken autobiografia mozorrotu bat dela. Nolabaiteko testamentu bat. Lorik egin gabeko gauetan —hortik izenburua—, Elizabeth protagonistak —idazlea bera bezala, Kentuckyn jaioa— bere bizitza errepasatzen du, oroitzapenak, hausnarketak, erretratuak, gutunak, ametsak eta beste gogora ekarriz. Argazkien album bat osatuko balu bezala. Eta lehen parrafotik azaltzen du bere asmoa: «Memoria eraldatuaren ariketa honetan murgilduko naiz, distortsionatua ere badena, eta gaur bizi dudan bizitza biziko dut».

Istorio edo trama jakin bati segitu gabe, eta modu erabat fragmentatuan, jaioterritik Amsterdamera, eta handik New Yorkera egiten du jauzi. Eta berari buruz idatzi baino gehiago, ingurukoa behatzen du Elizabethek. Hitz egiten du Billie Holidayren presentziaz, hitz egiten du jazz klubez, hitz egiten du europar burgesez, hitz egiten du gaixotasunak jandako etxeko langileez, hitz egiten du ageriko arrazoirik gabe beren buruaz beste egiten duten gizonez, eta hitz egiten du errutinan sartuta dauden senar-emazteez. «Hardwicken estiloak —inork imitatu ezin izan duena—, behaketa bat beste bati eranstea eskatzen zuen, pixkanaka leku, pertsona edo gertaera baten irudia eraikitzeko. Kritikari gisa iritzi sendoak zituen arren, haren idazkera zeharkakoa eta adierazkorra da, diskurtsiboa didaktikoa baino gehiago», Curtisen iritziz.

Ipuinen bilduma

Sleepless Nights argitaratu ondoren, jarraitu zuen idazten, baina formatu laburrean batik bat, eta ez zuen bizirik zela beste fikziozko libururik argitaratu. 2010ean The New York Stories liburuan bildu zituzten hark bizitza osoan idatzi zituen hamahiru narrazio —zaharrena 1946koa da, eta azkena 1993koa—. Horietan ere agerikoa da Hardwicken estiloa, esaldia osatzen duten hitz guztiei garrantzi erabatekoa ematen diena, eta, narrazio bat segitzea baino gehiago, gogoetez eta deskribapenez osatutako giro bat proposatzen duena. Liburuaren izenburuak adieraz dezakenaz bestera, narrazio guztiak ez daude New Yorken girotuta, baina protagonistek badaukate nolabaiteko harreman bat hiri horrekin. Gainera, artearen eta kulturarekin lotura estua dute gehienek: aktoreak, historia irakasleak, idazleak, liburu saltzaileak, kritikariak... dira.

Euskarara ez da Hardwicken lanik ekarri. Gaztelaniaz Sleepless Nights (Noches insomnes) eta The New York Stories (Historias de Nueva York) atera ditu Novona argitaletxe katalanak, eta Sleepless Nights frantsesez ere irakur daiteke (Nuits sans sommeil, Buchet Chastel).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.