Prestatutakoa, kozinatu beharrean

Besteak beste, denbora faltak edo erosotasunak bultzatuta, geroz eta gehiago kontsumitzen dira plater prestatuak. Eskaintza zabala dago merkatuan, eta kontsumitzaileek gauza bat izan behar dute kontuan: ahora zer sartu behar duten jakitea, kalitatezko osagaiak lehenetsiz.

BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Entsaladak, pasta, arroza mila eratara, baita arrautza frijituak ere. Horiek guztiak eta beste asko aurkitu daitezke gaur egun; mikrouhin labeetan sartzeko ontzi berezietan, berotu eta jateko prest. Azken urteotan nabarmen igo da plater prestatuen kontsumoa, eta eskaintza zabala dago gaur egun, bai produktuei eta bai produktu horiek ekoizten dituzten enpresei dagokionez. Ameztoi Zarauzko enpresa, esaterako, duela 40 urte hasi zen bezeroentzako platerak egiten, baina ez eskala handian. Amak egindako kroketak bizikletan banatzen zituzten Zarautzen (Gipuzkoa) Iñigo Ameztoik eta anaiek, 1994an plater prestatuen enpresa irekitzea erabaki zuten arte.

Bexamela zuten platerak egiten zituzten gehienbat, baina, urteek eta eskaerek aurrera egin ahala, plater gehiago gehitzen hasi ziren euren katalogora. Gaur egun, dozenaka eta dozenaka plater dituzte, «etxean egindakoak baino hobeak ia», Iñigo Ameztoik, enpresako sortzaileetako batek, esan duen moduan.

Lantegian 49 langile aritzen dira bezeroentzako otorduak prestatzen. Ameztoik aipatu du maitasuna dela euren osagairik garrantzitsuenetako bat:«Edonork bere etxean egingo lukeen bezala egiten ditugu gure platerak, baina 500 litroko kazoletan, besterik ez». Sukalde handi bat direla azpimarratu nahi izan du enpresako ordezkariak. Denda txiki eta supermerkatu handietan saltzen dituzte euren produktuak, baita Internet bidez ere.

Iker Markinez sukaldariak Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Kuko jatetxeko sukaldea Beasaingo erdiguneko lokal bateko sukaldearekin aldatu du orain gutxi. Izan ere, janari prestatuen mundura aldatzea erabaki zuen, «jatetxearen ereduarekin luzaroan jarraitzea ez zelako gauzarik onena». Kaxola deituko da Markinezek bere plater prestatuak salduko dituen denda, eta leku berean kozinatuko ditu produktuak.

Osagaien garrantzia

«Guk nahi dugu gure bezeroei lana erraztea, modu osasuntsu eta jasangarri batean», kontatu du Markinezek. Kalitatea eta tokiko bertako produktuak erabiltzea izango dira Kaxola-ko lan taldearen oinarriak, eta jatetxe batean jan daitezkeen «landutako platerak» eskainiko dituzte.

Sukaldariaren hitzetan, gizarteak bizitzeko erritmo azkarra du, eta jendeak ez du kozinatzeko astirik. «Supermerkatu handietan eskaintza zabala egoten da», azaldu du, «baina erabat industrializatua, kanpotik datozen lehengaiekin». Horregatik, gomendio argia eman du Markinezek: etiketa irakurtzea, bezeroak jakin dezan zer eraman behar duen ahora. Ameztoiren kasuan, Iñigo Ameztoik aipatu du euren osagaien %80 Euskal Herrikoak direla: Nafarroako Erriberako barazkiak edo lantegitik gertu duten baserri bateko esnea, esaterako.

Eli Gallego nutrizionistak ere garrantzia eman die osagaiei: «Produktu horiek kontserbagarri batzuk izan behar dituzte, bestela segituan usteltzen dira; baina hala ere, kontserbagarri batzuk ez dira beharrezkoak produktuarentzat», ohartarazi du.

Glutamato monosodikoa da kontserbagarri horietako bat, zehazki, zaporea gehitzeko produktu bat da. «Niri aipatu izan didate: 'Nik behin eskatu nuen pure plater bat jatetxe batean, eta ez zuen zaporerik'. Hori, potoan datozen pureak jaten dituztelako da, glutamato monosodiko asko eta, beraz, zapore indartsua dutenak», oroitu du Gallegok.

Eta noiztik egon dira plater prestatuak, denda eta supermerkatuetako apaletan? Bada, ez da fenomeno berria; izan ere, duela hamar bat urte txerrikiak saltzen zituzten enpresak plater prestatuak saltzen hasi ziren, euren produktuen soberakinekin. «Ez ziren kalitatezko produktuak, eta bezeroak hori nabaritu zuen», kontatu du Roberto Diegok, Eroskiko Zure Platerak saileko arduradunak. Kalitate oneko platerak ez zirenez, ez ziren bezeroen aukeren artean sartu ere egiten.

Aldaketa «estrukturala»

Baina orain egoera bestelakoa da. Diegoren hitzetan, plater prestatuak soilik lantzen zituzten enpresak sortzen hasi ziren, kalitate oneko produktuak ekoitziz, eta euren bezeroei kalitate oneko produktuak eskaintzeko asmoz. «Orain, jende askok uste du hobeto ateratzen zaiola plater prestatu bat erostea, etxean prestatzea baino», esan du Eroskiko ordezkariak.

Diegok uste du gizarteak egiturazko aldaketa bati aurre egin behar diola: «Jendeak ez du denborarik hartzen kozinatzeko, eta ez du denborarik hartzen, beste gauza batzuk egin nahi dituelako». Janari prestatua erosteak astialdia beste modu batera kudeatzeko aukera ematen du; ez baita hainbeste denborarik hartu behar, ez erosketak egiteko, ezta erositakoa kozinatzeko ere.

Irabazi handiak lortzen ditu janari prestatuen sektoreak. Eroskiko Zure Platerak saileko arduradunak esan du elikagaien sektorea, orokorrean, BPG barne produktu gordinarekin bat eginez igotzen dela, puntu bat gora, puntu bat behera. Plater prestatuetan, igoera hori hogei puntu izaten da, BPGaren aldean.

Plater prestatuak erosten dituzten bezeroen profila askotarikoa da. Eroski supermerkatuei dagokienez, Diegoren hitzetan, adin guztietako bezeroak izaten dituzte: gazteetatik hasi, eta helduetaraino. Ameztoi enpresakoei, esaterako, bi motatako bezeroek erosten dizkiete produktuak: familia gazteek eta bikote helduek. «Erretiratuek geroz eta gehiago erosten dituzte horrelako produktuak, asko errazten baitiete lana», kontatu du Ameztoik.

Bigarren aukera

Berehala jateko ez ezik, bigarren aukera moduan ere erabiltzen dituzte bezeroek plater prestatuak: zer kozinatu ez dutenean, otordu laster bat prestatzeko. «Ez dago arazorik irtenbide horretara jotzen bada, baina beti plater prestatuetara joz gero,jendeak kozinatzen inprobisatzeko gaitasuna galduko du», esan du Gallegok joera horren inguruan.

Supermerkatuak pauso bat haratago doaz plater prestatuen sektorean. In situ sukaldeak sartuko dituzte laster Eroskin, hau da, sukaldeak supermerkatuan bertan; beste supermerkatu kate batzuetan jada ezagunak dira. «Orain, produktua erosi, eta norberak berotzen du bere etxean edo lantokian. Sukalde horiei esker, bezeroak janaria prestatuta eta beroa eramateko aukera izango du», kontatu du Diegok. Merkatu indartsua eta azkar hazten ari dena da. Eroskiko ordezkariak aipatu du, salmentak prezioari lotuta doazela; hau da, zenbat eta merkeago, orduan eta salmenta gehiago.

Sektorera etengabe egokituz joateko behar horretan, enpresa txikiagoek ere badute euren lana. Markinezen ustez, tratu pertsonalizatuan egon daiteke gakoetako bat: «Niri bezero bat etortzen bazait plater bat asko gustatzen zaiola esanez baina, adibidez, ezin duela irinik jan, nik plater hori bera beste modu batera prestatuko nioke, berak ere dastatzeko aukera izan dezan. Hori kate handi batek ezin dizu ziurtatu», aipatu du.

Ameztoik ere aukera ontzat ikusten du bezeroaren arabera plater batzuk egokitzea: kirolarien dieta bereziak, alergiadunentzako produktuak edo jende edadetuarentzat jateko errazagoak izan daitezkeenak dira bezeroari egokitutako plater berezi horietako batzuk.

Nahiz eta estutasunetatik ateratzeko aukera eman, erosotasunera jotzeko joera ematen dute plater prestatuek. Horregatik, Gallegok gomendio bat eman du: bost bat minutu hartzea eta pentsatzea astean zehar zer jan behar den eta noiz. «Horrela, gure erosketak zehaztuta izango ditugu, eta, egun batzuetarako plater prestaturen bat erosten badugu, ez da ezer gertatzen; baina gainerako egunetan guk egindako janaria jango dugula ziurtatuko dugu», aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.