Sabino Legarda-Ereñorenak dira argazkiak, eta Inazio Galdonarenak dira aldarriak. «Trenean ezagutu genuen elkar, eta, Inaziok trena ixtearen kontra gose greba egin zuenean ere, nik atera nituen argazkiak. Beti esaten nion egin behar genuela zerbait elkarrekin, eta hauxe izan da emaitza», azaldu du Legarda-Ereñok.

Emanaldi bat, alegia, non nahasten dituzten Urolako trenari eta trenetik ateratako argazkiak, eta Galdonaren oroitzapenak: «Ia 40 urte egin nituen lanean trenetan: Urolakoan, Topoan, Zumaian, Zarautzen, Bilbon, Gernikan, Bermeon... Denean ibilitakoa naiz. Aita zena ere Urolako treneko langilea izan zen: urte batzuetan, Azpeitian aritu zen trenak konpontzen, eta beste urte batzuetan, trenak gidatzen. Elkarrekin ere lan egin genuen, biok txapela gorria jantzita. Ni txartel zulatzailea nintzen». Eta txapel gorria hartuta agertu da Galdona. Nora? Urretxuko (Gipuzkoa) Gure trena tabernara, nora bestela.
Zahar etxe batean egin zuten estreinaldia: Argixaon. Boluntario lanetan aritzen da bertan Legarda-Ereño: «Proposatu nien proiekzio bat egitea, jarri genituen kartelak, ordenatu genuen materiala... eta halaxe hasi ginen. Izan gara Zumarragan, Urretxun, Legazpin, Azpeitian, Azkoitian... esperientzia ederra izan da. Zahar etxeetan, batek baino gehiagok ezagutu du bere burua argazkietan, edo senitarteko edo lagunen bat. Inplikatu egiten dira, eta oso gustura ateratzen dira».

Duela 40 urte baino gehiago ateratako argazkiak dira. Olympus markako kamerarekin, eta Agfa, Kodak eta Fuji pelikulak erabilita. Legarda-Ereñok albo batera utzita dauka aspaldian argazkilaritza —liburu bat ari da idazten orain bere oroitzapenekin—, baina Legazpiko Hots eta Ene Bada aldizkarietan argazkilari aritutakoa da —euskara hutsezko lehenengoetakoak izan ziren bi horiek—. «Trena eta inguruak magikoak iruditzen zitzaizkidan: baserriak, errekak, mendiak... Bidaia magikoa zen tren hartan egiten zenuena: bazeukan halako mistizismo bat. Hori nahi nuen harrapatu argazkietan. Eta jendeak ere horrela jaso du».

Trenbide estuko burdinbidea zen Urolako trena, eta Zumarraga eta Zumaia (Gipuzkoa) lotzen zituen Urola errekak sortutako haranean barrena. 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuten: garai hartako aurreneko trenbide elektrikoa. 1986ko uztailaren 16an egin zuen azken bidaia, eta 1988ko otsailaren 5ean itxi zuten behin betiko. Alferrikakoak izan ziren bilerak, itxialdiak, manifestuak, manifestazioak eta gose grebak. «Gure trena zen»: esaldi bakarrean laburbildu du Inazio Galdonak orduko eta oraingo sentipena. Bera izan zen borroka haren ikurretako bat: «Gauzak benetan nola gertatu ziren azalduz joaten naiz emanaldietan».

Itxiera bera, testuingurua, arrazoiak eta erabakien zergatiak. Nola itxi zuten «jeltzaleek eta sozialistek» Urolako trena: «Hiru urte iraun zuen eztabaidak —1985etik 1988ra—. Herri guztietan egin ziren agerraldiak, eta ia denak agertu ziren trenaren alde. Agintari jeltzaleak zeuden kontra». Testuingurua zen hori, eta gertaera bat hurrena: «1986an gertatu zen EAJren eta EAren arteko zatiketa. Hauteskundeak egin ziren urte hartan, eta horrek ere baldintzatu zuen gertatu zena: hauteskunde garaia zenez, Jaurlaritzan jeltzaleak zeudenez, eta trenaren aurka bakarrik gelditu zirenez, erabaki zuten Urolako burdinbideari eustea, eta berritzea». Baina horren atzean ei zegoenak asaldatzen du oraindik ere Galdona: «Herritarrentzat beharrezkoa zela esanez eutsi zioten, baina jakinda itxi egingo zutela. Madarikatuak».

26 eguneko gose greba
Hauteskundeen ostean, izan ere, burdinbidea berritzeko lanak bertan behera utzi zituzten. Enrique Antolin sozialista zen orduan Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburua. «Los agitadores del valle (Haraneko aztoratzaileak) esaten zigun», gogoratu du Galdonak. 1988ko otsailaren 2an hartu zuten erabakia, eta 5ean argitaratu: Urolako trena ixtea. «Gure trena kendu zigutelako eta horretarako gezurra, iruzurra, ustelkeria eta maltzurkeria erabili zituztelako, 26 eguneko gose greba egin nuen Urretxuko udaletxean». Eta, geroztik, urtero bidaltzen die eskutitz bana agintariei, ordutik hona trenaren erabilerak eta erabilerarik ezak izan duten bilakaeraren inguruan: Jaurlaritzako lehendakariari, Gipuzkoako ahaldun nagusiari, Urolako udalei eta Euskotreneko zuzendariari. «Hor segitzen dut, borrokan».

Borrokan, eta kritiko: «Politikariak itxuratik bizi dira. Urola kendu ziguten horiek Kontxaraino eramango dute Topoa. 40 urteren ostean, trena erabili behar dela esaten hasi dira. Madarikatuak. Dena da itxura. Haientzat aurrerapena da burdinbideak itxi eta errepideak eraikitzea. Eta jendea autoak erostera behartzea. Garraiobide kolektiboen kontra daude, eta hirugarren mailako herrialde batean bizi gara».

Legarda-Ereñok ere itxiera du hizpide: «Astakeria bat izan zen. Gaur egun turismorako ere oso baliagarria litzatekeen ondarea galdu zen: geltokiak, haien diseinua...». Eta Urolako trena. Bidaia bat iraganera emanaldiak ere jarri nahi du bere aletxoa ondare horretan. Burdinbidearen Euskal Museoan gordeko dituzte Legarda-Ereñoren argazkiak, Azpeitian (Gipuzkoa), eta emanaldiek ere izango dute segida. Bihar, 19:00etan, Zestoako (Gipuzkoa) kultur etxean ariko dira.