Sekretuak eta gezurrak

Herri txiki batean dago girotua, 1970eko hamarkadan, 'Strange Flowers', Donal Ryanen bosgarren nobela. 2020ko eleberri onenaren saria jaso zuen Irlandan.

Bere nobelak Irlandako landa eremuan girotu izan ditu, sarritan, Donal Ryan idazleak. ANTHONY WOODS.
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Donal Ryan idazle irlandarrak (Nenagh, 1977) maite ditu liburu zoriontsuak. Istorio eder eta alaiak kontatzen dituztenak. Berari, ordea, ez zaizkio ateratzen. «Iluntasunerantz jotzen dut etengabe, eta tristurarantz, hori ere existitzen delako. Bizitza pozez eta sufrimenduz betea dago, eta ez du zentzurik artistek sufrimendua ukatzea». Horregatik, haren liburuetan gatazkak eta garai txarrak bizi izan dituztenen ahotsak azaleratzen dira behin eta berriro. The Spinning Heart-en (2012), besteak beste, finantza krisiak Irlandako landa eremuko herri txiki batean izan duen eragina kontatzen du; Johnsey Cunliffe, The Thing About December-eko (2014) pertsonaia nagusia, irlandar nekazarien semea, txantxen eta erasoen biktima da, eta ondo ulertzen ez duen gizarte baten parte ere bada; Siriako gerraren bihotzean atrapatuta gelditu den mediku bat eta haren familia ditu protagonista From a Low and Quiet Sea-k (2018)...

Strange Flowers-ek (2020), zeinak urteko eleberri onenaren aitortza jaso zuen Irlandako literatura sarietan, ez du mira aldatzen, ezta Ryanen nobeletan ohikoa den kokapen geografikoa ere—Irlandako landa eremua—. 1973ko goiz batean, Paddy eta Kit Gladneyk herri txiki batean daramaten bizitza goitik behera irauliko da. Moll alaba nerabea desagertu egingo da. «Alaba desagertu zenean, Paddy Gladneyren begietatik argi guztia desagertu zen; alaitasun guztia urrundu zitzaion bihotzetik», hasten da nobela, eta lerro gutxi batzuetan ematen du bizitza horren nondik norakoen berri Ryanek: «Haren bizitza beti egon zen bakez betea. Mollek alde egin baino lehen, goizero, Paddy bere bizikletaz ibiltzen zen parrokian barrena posta banatzen, eta, arratsaldeetan, arduradun gisa lan egiten zuen etxaldeko ganadua biltzen zuen,eta abereei pentsua botatzen zien, eta haien arteko hesiak, ateak eta hutsuneak aztertzen zituen, eta Kit emaztea, berriz, partekatzen zuten etxe txikia garbi eta ordenatuta edukitzeaz arduratzen zen, eta herriko denda batzuetako kontuak eramaten zituen, eta alaba, alaba bakarra, eskolara joaten zen ikasgaia ikastera. Eta gauero, hirurak elkarrekin, ohera joan aurretik, belaunikatu eta arrosarioa errezatzen zuten».

Alabak Nenagherako goizeko lehen autobusa hartu duela, eta ondoren Dublinera trenez joan dela; hori besterik ez dute jakingo gurasoek. Inork ez daki zergatik alde egin duen eta ezta non sartu den ere. Paddyk eta Kitek segituko dute euren bizitzarekin, ingurukoen esamesak eta galderak behin eta berriro entzungo dituzte, eta desagertu zenetik bost urte igaro direnean, Moll etxera itzuliko da. Galderek, ordea, hor segituko dute; are gehiago Londrestik ezezagun bat, Alexander izeneko gazte beltz bat, herrira Moll aurkitu nahian iritsi ondoren.

Strange Flowers-en planteamenduak thrillerraren ertzak ukitu baditzake ere —irakurleak ezagutzen ez dituen hari ugari biltzen dituelako—, eta, aurrera egin ahala, hari solte horiek lotzen joango den arren, ez da suspensea nobelaren ardatz nagusia. Ryanentzat interesgarriagoa da aldatzen ari den mundu batean bizi diren pertsonaien nahi, beldur eta gabezietan arakatzea, nahiz eta Irlandako herrixka horretan dena doan motelago.

Besteen esperientziak

Idazleak aitortu duenez, aita hil zitzaionean ekin zion nobela idazteari. Lagun minak ziren aita-semeak, eta hilabeteetako idazketa «ez pentsatzeko» prozesu gisa erabili zuen. «Bukatu nuenean, aitaren presentzia nabaritu nuen inguruan, ondo egin nuela esanez».

Strange Flowers-ek kontatzen duena autobiografikoa ez izan arren, Irlandako landa mundu hori, bere ohiturei eusten diena eta ezezagunari beldurra diona, ezaguna du Ryanek. Nahiz eta familiak ez zuen horren antz handirik. «Nerabe bat nintzela, niretzat harrigarria izan zen jabetzea familia guztiak ez zirela nirea bezalakoak. Umetan txorakeriazko manta bat jantzita ibiltzen nintzen. Uste nuen mundua leku zoriontsu handi bat zela, mundu guztia ederra zela, eta familia guztiak nireak bezalakoak zirela». Idazleak uste du oraindik umetako inozentziari eusten diola, eta beste jende batek ezagutzen dituen istorioak iristen zaizkionean, horiek fikzioaren bitartez artikulatzen saiatzen da. «Ez dit eskatzen ahalegin berezirik besteen esperientzietara irekita egoteak».

Iraganari lotuta dagoen Irlandako herri txiki horretako egunerokoan, sekretuak, gezurrak, begirada makurrak, estigmak eta jarrera arrazista leun baina agerikoak nahasten dira. «Uste dut benetan lortu dudala ulertzea nola den erabateko kanpotarra izatea, bizitzan nik ere horrelako zerbait bizi izan dudalako», dio Ryanek. «Benetan ulertzen dut nolakoa izango zen egoera Alexander bezalako gizon [beltz] batentzat garai hartan Tipperary iparraldeko leku batean. Liburuan bizitza errealetik ateratako eszena bat dago, zeinetan Alexander ogia erostera doan eta bertako orojakile batek iruzkin arrazista bat egiten dion».

Arrazakeriaz gain, sexismoaren arrastoak antzematen dira eleberrian, baita klaseen arteko ezberdintasunek eragiten dituzten mendekotasunak ere. «Gaur egun ere, Irlandan gizarte estratifikatu batean bizi gara. Orain dela urte batzuk, ematen zuen bazela aldaketa bat... baina, zoritxarrez, ilusio bat besterik ez zen izan».

Strange Flowers bada maitasun istorio bat ere, bizitzaren mina eta edertasuna erakusten dituena. Askotan pertsonaiak maitasun hori ezkutatzen saiatzen badira ere, haien arteko harremanetan haren txinparta txiki baina esanguratsuak azaleratzen baitira.

Gizon irlandarra

Bere nobeletan bestelako protagonistak izan badira ere, Ryanek arreta bereziarekin begiratzen dio landa eremuko gizon irlandarrari. Itxuraz pertsona lasaiak dira, baina beren sentimenduekin borrokatzen dira askotan, emozioak azaleratzea ez delako haiei dagokien zerbait. «Irlandar erreprimituaren gaineko klixe moduko bat da», aitortu du Ryanek, baina uste du klixe horrek oinarri sendoak ere badituela. «Topikoa da, egia delako. Landa eremuko Irlanda horrelako gizonez beteta dago. Jakina, gizon guztiak ez dira berdinak, baina negarra ezkutatzearena oso zabalduta dago».

Joan den urtean The Queen of Dirt Island bere nobela berria argitaratu zuen Ryanek, zeina amarengan oinarritua dagoen eta emakumeen arteko harremanez hitz egiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.