Itun berri bat existentziarako

Lehen Mundu Gerraren osteko nihilismoari heriotza barne hartuko zuen bizitzaren aldeko hitzekin erantzun zion Rilkek 'Duinoko elegiak' lanean. Mendea da ordutik.

Rainer Maria Rilke poeta, Alemaniako Zurich hiritik gertu, 1924ko ekainean egindako argazki batean. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Esaldi bat itua jota. Galdera bat, zehazki. «Oihu egingo banu nork entzungo lidake/ aingeruen koruetatik?». 1912ko urtarrileko goiz hotz batean agertu zitzaizkion hitzok Rainer Maria Rilkeri (1875, Praga — 1926, Montreux, Suitza), eta ez zituen berehalakoan atzenduko. Lagun baten gazteluan egun batzuk igarotzen ari zen hitz errenkada heldu zitzaionean, Duinon (Trieste, Italia), kosta Adriatikoan, eta lekuaren izena hartu zuen, hala, han idazten hasi eta hamar urteren buruan Muzoteko gazteluan (Veyras, Suitza) amaitu zuen Duinoko elegiak lanak. Ezegonkor igaro zuen sasoi hura poetak, garaiko giroa bezain ezegonkor. Mendetan lurreko bizitzaz haragoko mundu batean fedea izan zuen jendea ikusten ari zen bere ingurua nola ari zen gelditzen makinen menpe. Egoera existentzial berri eta zaurgarri batera egokitzea ekarri zuen horrek; eta garai hartako poeta askok lantura jo bazuten, beste bide bat hartu eta bizitzaren aldeko laudorioa hobetsi zuen Rilkek. Hamar urtean, hamar elegia idatzi zituen —850 bertso lerrotik gora denera—, bitarte horretan hainbat bizitoki zeharkatuz —Duino, Paris, Munich eta Muzot, batik bat—. XX. mendeko ziklo poetiko garrantzitsuenetako bat osatu zuen harekin Rilkek, eta mendea bete da aurten lana argitara eman zuenetik —1923koa da Orfeori sonetoak ere, poeta alemaniarraren beste lan goratuena—.

40 urteren bueltan zebilen Rilke Duinoko ibilietan elegiak idazteko lehen izpia sumatu zuenean. Mendebaldeko gizartea ageriko aldaketa sakonak bizitzen ari zen, aurrerapen teknologiko eta zientifikoak tarteko, eta 1914an Lehen Mundu Gerra lehertu izanak berretsi baino ez zuen egin ordura arte ezagututako munduaren amaiera bizitzen aritzearen sentipena. Suntsipen giro orokor horren lekuko izan zen poeta, eta ikusi zuen nola garaikide zituen beste autore ugarik nihilismoaren iluna hedatu zuten beren lanetan. Hark, baina, proposamen berri bat jarriko zuen mahai gainean: bizitza ospatzekoa, heriotzaz arduratzeari uko egin gabe.

Izan ere, kristautasunak Europan izandako hegemonia agortuta eta XIX. mendean erlijiotik ateratzea ahalbidetu zuen positibismoa ere atzean utzita, gizakia hauskor ageri zen errealitate gero eta teknifikatuago baten aurrean, zerutik zein lurretik kanporatua. Populazioa masiboki hiltzeko lehen plan industrialak ezagutu izanak, besteak beste, inoiz ez bezala hedatu zuen izaki iragankorrak izatearen kontzientzia. Rilkek, ordea, egoera berri hori amildegitik atera, eta bizitzari adi egoteko motibotzat hartu zuen. 1915ean lagun bati bidalitako gutun batean, zera esan zion: jainkoengana ez zela gehiago parez pare hurbildu behar, ezpada atzetik, haiek kontenplatzen zuten hori bera ikusi ahal izateko, nork bere gorputzetik aurrerantzean, bizitzeko zuen denboratik.

Eta hori hizkuntzaren bitartez zen soilik posible poetarentzat. Garaiko beste autore moderno askoren kontrako norabidean, harentzat poesiak segitzen zuen izaten bizirik egoteak dakarren guztiaren alde kantatzeko aukera bat —«azken poeta liriko handia» deitzen dute batzuek—. Mundua hitzen bidez izendatu ahal izateak urruntzen du gizakia amildegitik, eta bihurtzen ditu hura inguratzen duten gauzak betiereko, Rilkeren arabera. «Agian, etxea, zubia, iturburua, atea, fruta arbola, leihoa, asko jota zutabea, dorrea eta abar esateko etorri gara», idatzi zuen, esaterako, bederatzigarren elegian. Edo hala, elegiak burutu aurretik idatzitako beste olerki batean: «Esan nahi dut: zerua, esan: zelaia,/ eta ahotik kentzen didan espirituak berak/ bidera dezala eternitatera».

Ikusezinaren erleak

Ikuskera berri horrek eraldaketa oso bat ekarri zuen, elegiek eurek ere islatzen dutena. Lehen sei testuetan garai hartako ezkortasunari izkin egiteko bideak ibili ostean —maitaleak, animaliak, haurrak eta beste ageri dira—, ospakizun airea indartuz doa azkenengoetan. Lehen-lehen lerroko oihua «ahots emantzipatu» bilakatuz doa, eta bizitzaren eta heriotzaren arteko aurkaritza oro ahots berean berdinduz, azkenerako: «Eta guk, buruan geneukanok zoriontasun/ goranzkoa, sentituko genuke emozio hori,/ ia atsekabetzen gaituena,/ zerbait zoriontsua erortzen denean».

Efimeroa den horretan aingura botatzeko proposamena egin zuen poetak, hala. Elegiak argitaratu eta bi urtera, 1925ean, «ikusezinaren erleak» kontzeptua erabili zuen beste gutun batean, bere ustez gizakiak hartu behar zuen jarrera hori ilustratzeko. «Gure egitekoa da behin-behinekoa den lur hau albait sakonen eta apasionatuen grabatzea, modu ikusezin batean suspertu dadin ondoren gugan». Duinoko elegiek, hain justu, egoteko modu hori «finkatzen» eta kontzientzia hori «ospatzen» dutela esan ohi zuen egileak.

Obraren mendeurrena dela eta, berrargitalpenak eta testu berriak ugaritu dira azken hilabeteetan —poetaren eskutitzekin, poema itzuli berriekin eta Andreu Jaumeren hitzaurrearekin kaleratu du gaztelaniazko berrargitalpena Lumen etxeak, besteak beste—. Kasu guztietan, ideia bat azpimarratu dute sustatzaileek: Rilkeren hitzek orduko gizarteari bezain zuzen hitz egiten diotela gaurkoari, gizateriak bizimodu teknifikatu batean sakondu eta transzendentziaren zentzua atzendu dituen XXI. mende bizkorrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.