Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Biolinaren memoria

The Song of Names filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'The Song of Names'



Zuzendaria: François Girard. Aktoreak: Tim Roth, Clive Owen, Catherine McCormack, Jonah Hauer King, Magdalena Cielecka. Herrialdea: Kanada - Erresuma Batua - Hungaria. Iraupena:111 minutu.

Dovidl Poloniakoa da. Bigarren Mundu Gerraren hastapenetan, haren gurasoek, datorren hondamendia aurreikusirik, erabakiko dute semea Londresko familia dirudun batek tutoretzapean uztea.

Martinen gurasoak musikazale amorratuak dira, eta ez dute inolako arazo ekonomikorik. Dovidlek biolinarekin erakusten duen dohainari esker, etxean hartuko dute semeordetzat. Martin eta Dovidl adin bertsukoak dira, eta bien artean harreman estua gauzatuko da, nahiz eta biolin jolearen harropuzkeriak dezentetan harremana tenkatuko duen.

Juduek Holokaustoan bizitakoa azalduko du filmak; erlijioa, komunitate sentimendua eta erbestealdia landuko ditu. Urte luzez iraungo du Martinen eta Dovidlen arteko harremanak, baita harreman horrek, hainbat gertakari direla medio, biziko dituen nondik norakoak.

Argi daukat pelikulak bere publikoa izango duela, orokorrean ondo eginiko filma baita; aktore ezagunak ditu, eta azaltzen duen garai historikoa ezaguna da. Baina tamalgarria iruditzen zait zuzendariak istorioa azaltzeko hautatu duen bidea. Modu nahiko nahaspilatsuan azalduko zaigu trama, eta zaila egingo zaigu filma ikusi ondoren sintesi motz batean laburtzea. Badirudi oinarrizko istorioa galdu eta gero berriro itzuli egiten dela gidoiaren apetak jarraitzeagatik. Horrez gain, pelikulak aurrera egin ahala, traba bakoitzaren ondoan, harrigarriki, aztarna argigarri nabarmenak kokatuko ditu, ikuslea ergel modura tratatuz.

Istorioaren konplexutasunarekin bezala, tranpatia da errealizazioarekin ere. Kasu honetan, argi ikusi ahal izango dugu, aktoreen lana ona izan arren eta aktore onekin lan eginda ere, haien lana batere sinesgarritasunik gabekoa suerta daitekeela, sakontasunik gabea; eta aktorea malkotan ikustea ere iraingarria suertatzea, artifizio guztiak agerian geratu direlako ikuslearen emozioa pizteko.

Esan bezala, bere publikoa izango du filmak; ni ez nau bereganatu, baina horrek ez du esan nahi alde interesgarririk ez duenik. Pelikulak bere federa bihurtu nahi izan nau, baina, gehienez, ni bihurritzea besterik ez du lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.