Sanferminak Iruñean

Gatza eta piperra

Entzierro azkarra egin dute Jandilla ganadutegiko zezenek. 'Incauto' zezena taldeari aurreratu zaio, eta bakarrik egin ditu metro batzuk: korrikalari bat adarkatu du

Gatza eta piperra.
joxerra senar
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Entzierroa korritu aurretik, Jandilla ganadutegia entzun, eta arriskuaren sinonimo da. Nahiz eta aurtengo sanferminetan entzierro denek joera bera izan, hasi aurretik atzokoak bazuen eskema horretatik ateratzeko arriskua. Gatza eta piperra jarri ohi dute maiz Jandillako zezenek, eta, neurri batean, ospeari erantzun zioten. Abiadura (gatza) eta arriskua (piperra) azaldu zuten, eta, bi minutu eta 24 segundoko lasterketaren ostean, adarkatu bat izan zen Udaletxe plazan, aurtengo hirugarrena.

Idiek gidatuta atera ziren ukuiluetatik, eta atzetik, uzkur eta mesfidati, alboetara begira, zezenak. Halaxe joan zen taldea San Domingo aldapan gora, baina, amaiera aldera, Incauto zezenak, bat-batean, abiadura handitu, eta metro batzuk gailendu zitzaien gainerakoei. Izenari ohore eginez, aurrean zuen ibilbideari erreparatu gabe, Udaletxe plazan eskuineko alboan zuen jendea garbitu zuen zezenak, eta, indar biziz, lasterkari bat aurretik eraman zuen.

Une horretan, besoan adarkatu zuen zezenak, baina okerrago izan zitekeen. Adar zorrotzak lepoaldetik gertu-gertu igaro zitzaizkion, baita gerrialdetik ere. Gerrikoa bera adarretan kateatu zitzaion, eta zezenaren abiadura eta indarrak metro batzuk berekin eraman zuen gaztea, harik eta gerrikoa askatu eta aurrera jarraitu zuen arte. Gerrikoa ehun metro aurrerago erori zitzaion zezenari.

Hain zen handia zezenaren abiadura, hori dena gertatu arren gainerakoen aurretik jarraitu zuen. Mercadereseko bihurgunean indar betean sartu zen, eta horma bortizkeria handiz jo zuen, eta bere ondoan korrika zihoan lasterkari bat tartean harrapatu. Zezena erori egin zen, baina orduantxe iritsi ziren gainerakoak. Berehala oreka berreskuratu, eta alboetara begiratu gabe, aurrerantz egin zuen zezenak.

Estafetan beste lasterketa bat korritu zen. Berriro, idiek hartu zuten gidaritza, eta atzetik sei zezenak zihoazen, sakabanatuago. Horrek gauzak zaildu arren, atzealdean, zezenen aurrean eta alboetan korrika egiteko aukera izan zuten ausartenek. Estafeta amaieran, lasterkariak zezenen artean jarri ziren, eta ezinbestean, indar eta arrisku handiz erritmoari eutsi zioten plazaraino. Arriskurik handienetakoa Telefonicako zatiaren bihurgunean izan zen: ohi legez, zezenek harantz jo zuten, eta inguruan zirenak ez zituzten ozta-ozta harrapatu.

Plazara idiak eta lau zezen iritsi ziren elkarrekin, eta begiradaren bat bota ostean, ukuiluetara jo zuten zuzenean. Segundo batzuk atzerago, bi zezen iritsi ziren, eta euretako batek ozta-ozta ez zuen harrapatu kamiseta horia zeraman gizon bat. Gurutze Gorriak 64 lagun artatu zituen, eta sei ospitalera eraman, euretako bat adarkadaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.