Ekintzetatik hitzetara

Egungo krisi eta aldaketa ikusirik, desobedientziari buruzko liburu bat kaleratu dute, desobedientziaren erabilgarritasuna eta gaurkotasuna aldarrikatzeko: gogoetekin, gomendioekin, ekintza ezagunen protagonistekin, baita hainbat ekintza mota egiteko azalpen zehatzekin ere.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2021eko urtarrilak 12

Kontrazalean dago irakurlearentzat oharra: «Ez da ohiko liburua eskuetan daukazuna». Azalean, sukaldariz jantzitako emakume bat, buruko eta guzti, ezpainak morez margotuta, eta, deigarriena, buru estalki beltza jantzita. Izenak ere atentzioa ematen du: Mundua eraldatuz gozatzeko errezeta liburua. Izenean ez da ageri, baina desobedientziari buruzko liburu bat da.

Mamia eta mamia emateko modua ere nabarmentzekoak dira, kalitateagatik. Desobedientziari buruzko eskuliburu bat da, desobedientziari buruzko gogoetekin; desobedientzia ekintzak egin aurretik aintzat hartu beharreko edo landu beharreko gaiekin; desobedientzia ekintza ezagunen egileei egindako elkarrizketekin; Euskal Herrian eta munduan egin diren desobedientzia ekintzen bideoen QR kodeekin; eta, deigarria, desobedientzia ekintzak egiteko jarraibideekin, errezetekin, urratsez urrats, eta irudiekin azalduta.

Errezeten artean daude nola okupatu eraikin bat, nola ireki autobus geltokietako iragarkiak, nola blokeatu kutxazain bat, nola indargabetu bideozaintza kamerak, nola hondatu makineria astuna, nola kateatu bidoiak erabiliz, nola zintzilikatu altuera handiko lekuetatik, nola babestu poliziek botatako negar gasetik...

Euskal Herriaren historia garaikidea desobedientzia historia bat ere bada. Ekintzak zerrendatzen hasiz gero, zerrenda oso luzea egin daiteke, ekintza historikoekin eta berriagoekin, handiekin eta txikiekin, jende asko inplikatu dutenekin eta talde txikiek egin dituztenekin, arrakastatsuak izan direnekin eta hasierako helburuak lortu ez dituztenekin...

«Desobedientzia politikan parte hartzeko modu bat da», liburuaren egileen iritziz, «erakargarria eta sinesgarria». Ez dute politika konbentzionalean «gehiegi» sinisten, ez behintzat haren bidez «bakarrik edo nagusiki» lortuko denik gizartearen eraldaketa eta Euskal Herriaren arazoak konpontzea. «Erresistentziarik gabe, ez dago soluziorik».

Egileetako batzuek ondo ezagutzen dute politika konbentzionala esaten diotena, urte askotako eskarmentua baitute bertan, desobedientzia zibilean bezainbeste. Erabakiak erakundeetan bai, baina erakundeak herri dinamikaren atzetik joan behar dutela diote, «agenda herritarrek ezarri behar dute». Ohar bat ere bai: erakundeek ere egin dezakete desobedientzia.

Lan kolektibo bat da liburua. Ez dute publikoki agertu nahi. «Liburua bera desobedientzia ekintza bat da». Ez da ageri ez egilerik, ez argitaletxerik. Ikur bat baino ez sinadura gisa: Otsagabiko (Nafarroa) inauterietako maskara bat, berdea eta gorria, zenbait desobedientzia ekintzatan erabilia.

Arriskua

«Kaleratu aurretik ondo pentsatu dugu, eta arriskatu gara». Gerta daiteke agintariren batek liburuaren kontrako neurriak hartzea: «Gizarte demokratiko batean ez luke inolako ondoriorik izango, baina hemen, noren eskuetan erortzen denaren arabera, nahi dutena bihur dezakete».

«Liburu honen atzean dagoen garrantzitsuena da errealitate bat daukagula aurrean, eta ezin dugula beste aldera begiratu, aurre egin behar diogula», azaldu dute. Norberaren konpromisotik abiatuta: «Geure buruari galdetu behar diogu: zer egin behar dut errealitate honen aurrean? Ez dago eraldaketa sozial orokorrik norberaren konpromisorik gabe».

Lehen urratsa sustraitutako ohiturak aldatzea izan daiteke, kontsumo ereduei lotutakoak, esaterako: dendari txikiei erostea, kooperatibei, euskaraz egiten dutenei, euskaraz etiketatzen dutenei... «Edota lehen hitza euskaraz egitea bezain gauza sinplea». «Ezin gara sistematik erabat atera», onartu dute, «baina desobeditu ditzakegu hainbat eredu».

Horretarako, egoerari buruzko kontzientzia behar da: «Kontzientzia daukazun momentu horretatik aurrera, erabakitzen duzu ea zer egin dezakezun, eta orduan parte aktibo bihurtzen zara». Pertsona da bere borrokaren protagonista, «eta uste dugu desobedientziak legitimazio handia ematen diola desobedientzia praktikatzen duenari».

Aldaketaren garaia

Abiapuntua pertsona da, baina pertsonak, bakarrik, ezin du aldaketa eragin: «Baina pertsona horrek bezala beste milaka lagunek egingo balute, orduan beste dimentsio bat hartzen du. Kolektibo bihurtzen denean, eraginkor bihurtzen da. Hori guztia saretzen bada, sekulako eragina du».

COVID-19 izurrite betean kaleratu dute liburua, nahita. Uste baitute izurriteak leherrarazi egin dituela lehen ere bazeuden krisiak (ekonomikoa, klimarena, zerbitzu publikoena...), eta agerian utzi duela «aurreko ereduaren porrota». Izurrite garaian zabaldu da izurritea, eta gero ezin dela itzuli lehengo eredura. «Jende gehienak badaki zein den egoera, eta hori aldatu behar dugu, bide alai baten bidez, gozatuz, eta gure eredu propioa eraikiz».

Ez dute zalantzarik egoera horretan erantzun soziala etorriko dela: «Gehiengoa ez dago ados indarrean dagoen ereduarekin. Aldaketaren premia inoiz baino nabariagoa da; baina gehiengoak ez daki hori nola aldatu, eta eskaintzen zaizkion bitarteko klasikoek, alderdi politikoek-eta, ematen dute ematen dutena».

Ez dira, ordea, garairik onenak desobedientziarako. Halako jarreren eta ekintzen apaltze bat gertatu da. «Baina gizarteko sektore sozial nagusia kaltetuta dago, ez dago gustura bizi duen egoerarekin». Lan baldintza kaskarrak dituelako, lanik ez duelako, gizartea matxista delako, erdalduna delako, zerbitzu publikoak gero eta ahulagoak direlako...

Hori guztia ikusita, eta Euskal Herriko desobedientzia tradizioa eta historia aintzat hartuta, uste dute aldaketa posible eta beharrezkoa dela, desobedientziaren bidez, «herri honek azkeneko 50 urteetan izan duen historia eta erresistentzia egon badagoelako, hori ez delako desagertu».

Desobedientziaren apaltze horretan eragina izan dute Espainiako eta Frantziako Gobernuek mobilizazioen kontra onartutako neurri berriek. Eleak-Libre mugimenduaren arabera, Hego Euskal Herrian 28.000 isun baino gehiago jarri dituzte bost urtean mozal legea-n oinarrituta. Egunean, hamabost baino gehiago dira.

«Guk ez dugu esaten bide hori erraza denik». Liburuan bertan, etengabe diote ekintzak egin aurretik aurreikusi egin behar direla izan ditzaketen ondorioak. «Baina gizarte kontzientziatu batean gero eta zailagoa izango da desobedientzia zigortzea».

Tentsio falta ere badagoela uste dute, eta Euskal Herrian «normalizazioa» gertatzen ari dela, «zentzu txarrean». «Errealitatea hori da, eta ezin da ukatu», osatu dute baieztapena, «baina, era berean, sortzen ari den gizarte ereduak gero eta sektore gehiago kaltetzen ditu».

Desmobilizazioa aipatu arren, ezin dira ahaztu gaur egungo mobilizazio indartsuak, emakumeen eskubideen, ingurumenaren eta pentsiodunen eskubideen aldekoak, esaterako. «Txinparta sortzen denean, sua pizten da, eta indarra hartzen du. Txinparta horiek desobedientziatik etorriko dira».

Kritikak alderdi politikoei

Alderdi politikoei ere leporatzen diete herri mobilizazioak eta desobedientzia gutxiestea: «Herri honetan badago indarra, baina politika konbentzionalean daudenek ez dituzte bide hauek jorratu nahi».

Borroka edo salaketa molde konbentzionalak baztertzen dituzte: manifestazioak, prentsaurrekoak... «Jendeak ez du gehiegi sinisten horretan, ez du emoziorik eragiten». Alternatiba? Desobedientzia, «motibazioan oinarritutako dinamika». «Ez da oso legezkoa», onartu dute, «baina deigarria izango da, eta, gainera, modu inteligentean eta biolentziarik erabili gabe egiten baduzu, eraginkorra da».

Baztertu egin dituzte desobedientzia modu biolentoak. Bi muga daude liburuan bildutako eta azaldutako ekintza zuzenetan: pertsonen kontrako biolentziarik eta surik ez erabiltzea.

Zer falta da jendea mobilizatzeko? «Pertzepzio subjektiboa aldatzea». Borroka eginda, gauzak alda daitezkeela sinistea. Garrantzitsua da irabazitako borroken berri izatea, «bat irabazteak beste asko elikatzen baititu, eta pertzepzio subjektibo hori aldatzen baitu».

Ez dago borroka txikirik, «su txikiek dinamika pizten dute, mugimendu guztiak poliki-poliki saretzen dira, eta hori oso aberasgarria da». Eta ez dago konpromiso txikirik: «Borroka honek konpromiso maila guztiak onartu beharko baititu, naturalki».

Liburuak badu memoria historikotik eta transmisiotik, Euskal Herrian egin diren hainbat ekintzaren berri ematen duelako, «askoz ere egoera okerragoan egindakoak, gatazka oso korapilatuta zegoenean eta borroka armatua aktibatuta zegoenean».

Bost ekintza nabarmendu dituzte, protagonistekin hitz eginda: horien artean daude Itoizko solidarioena, Iruñeko arrantzale bizardunena eta Ipar Euskal Herriko demoena. «Eta lehen egin zena etorkizunean ere egin daiteke, gogoa baldin badago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

1 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Hotzak lana ematen du

Ainize Madariaga

Elurteek eta hotzak berezi egin dute aurtengo negua. Eski irakasleen, elurra kentzeko makinetako txoferren eta Abodiko mendiguneko eta Iratiko txaletetako langileen egunerokoa hotzak baldintzatuak dira, hotzetik eta hotzari esker.
‘Nire Motxilatik’ fikziozko kronika Bidaia eta Mendi Kroniken irabazle

Eraztun batekin hasi zen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Maddi Aiestaranek irabazi du BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Nepalera egindako fikziozko bidaia baten kronika egin du. Alpeetako zeharkaldi bat irabazi du, Cervino ingurukoa.

Hiru ordu inguruko elkarrizketa egiten dute ikus-entzunezko formatuan. Irudian, Mikel Muñoari egindako elkarrizketa. ©LABRIT ONDAREA

Betirako denen memorian

Olatz Enzunza Mallona

Belaunaldien arteko transmisioa ez galtzeko, tresna digitala sortu du Labrit Ondareak. Sei urteko lanketa prozesua behar izan dute. Mikel Muñoa da erabiltzaileetako bat.

BDS Koopeko kide batzuk, Irunen. ©GARI GARAIALDE

Eraldaketaren bozgorailu

Jakes Goikoetxea

Antxeta irratiak ekonomia sozial eta eraldatzaileari buruzko saio bat egiten du bi astean behin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jakes Goikoetxea

Informazio osagarria