Kilometroak jaiak batu du Goierri

Eguraldia lagun ez izan arren, ia osorik eutsi diote Kilometroak jaiaren egitarauari. Lazkao, Beasain eta Ordiziako ikastolek antolatu dute aurten, 'Batera, bagara, bat gara' lelopean. Ibarrako Uzturpe ikastolak antolatuko du hurrengo urteko Gipuzkoako ikastolen festa.

Jolasak. Haurrentzako jolasak eta tailerrak antolatu zituzten. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Sorterrira itzuli da aurten Kilometroak jaia: Goierrira (Gipuzkoa). 1977an egin zuten Gipuzkoako ikastolen aldeko lehen jaia, Lazkaoren eta Beasainen artean. Aurtengoa, berriz, hiru ikastolaren artean antolatu dute, Batera, bagara, bat gara lelopean: Lazkaoko San Benito, Beasaingo Andramendi eta Ordiziako Jakintza. Hain zuzen ere, hiru herri izan arren, komunitate bereko parte direla nabarmendu nahi izan dute. Atzo izan zen jaiegun nagusia, baina egitaraua ez da mugatu atzoko egunera; irailean ere hainbat ekintza antolatu dituzte, hiru ikastolen alde.

Goizean eman zioten hasiera hiru herrietan banatutako egitarauari. DBHko ikasleentzat Euskarajolas zirkuitua antolatu zuten hiru herrietan barrena, eta giza katea ere egin zuten, Lazkaon hasi eta Ordiziaraino, ekitaldi nagusira lekukoa eramateko.

10:00etan egin zuten ekitaldi nagusia, Ordizian, eta hezkuntza sistema berria izan zuten hizpide. Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak eskatu zuen «adostasuna eztabaida zabal eta sakon baten emaitza» izatea. Bide beretik jarraituz, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak etorkizuneko hezkuntza «guztien artean» eraikitzeko deia egin zuen.

Ekitaldi nagusiaz gain, hainbat antzerki, ikuskizun eta jolas antolatu zituzten haurrentzat. Eguraldi txarra izan arren, antolatutako ekintzak toki itxietara bideratu zituzten, eta Go!azen-en ikuskizuna izan zen bertan behera utzitako bakarra. Aurrerago egiten saiatuko direla adierazi dute.

Pozik agertu da Artola parte hartzearekin, bai igandeko eta bai iraileko ekintzetan jendeak parte hartu duelako. «Oso ondo erantzun du jendeak. Egitasmo guztiak beteta egon dira», adierazi du. Oro har, Artolak azaldu du aurtengo Kilometroak-en balorazio «oso ona» egin dutela: «Hiru ikastolek jarri duten lan egiteko gogoa, egin duten ahalegina eta indarra ikaragarria izan da».

Elkarlana zela eta, hiru ikastoletako komunitateak zoriondu ditu, eta eskerrak eman dizkie lagundu dieten udalei ere: «Ez digute inolako trabarik jarri; alderantziz, eskatutako guztia emateko prest egon dira une oro». Babesle, boluntario eta erakundeen lana ere goraipatu du.

Kilometroak hiru herrien artean antolatzeak, zailtasunak baino gehiago, aberastasuna ekarri du haren ustez: «Iritzi desberdinak izateak eta bizipen desberdinetatik abiatzeak aberatsago egiten du jaia». Dena den, onartu du koordinazio lana jende gehiagorekin egiteak mantsoago aritzea ekarri duela, ezinbestean: «Batzuetan ez da nahi bezain arinjoan antolaketa, gehiago izanik motelago doalako koordinazioa. Baina oso lan duina egin dute, patxadaz hartu dutelako».

Egoerak behartuta, ezin izan dute nahi bezalako festa sortu, eta etengabe «oreka bilatzen» aritu direla nabarmendu du: «Erakartze efektua saihestu nahian, dena oso modu kontrolatuan egiten aritu gara». Alde batetik, antolaketarako lan gehiago izan dute, ekintza guztietarako aurrez izena ematea beharrezkoa zelako, eta horrek lan gehiago ekarri duelako: dena ordenatu eta koordinatzea. Baina zailena «oreka emozionala» bilatzea izan dela dio: «Alde batetik, bageneukan indarra, bageneukan ilusioa, eta egin nahi genuen; baina, bestetik, ezin genuen gauzatu nahiko genukeen bezala». Dena den, egoerari ondo erantzuten asmatu dutela adierazi du.

Hurrengoa, Ibarran

Ibarrako (Gipuzkoa) Uzturpe ikastolak jaso du lekukoa datorren urteko Kilometroak antolatzeko. Ibarrara begira, Artolak azaldu du ikastolen jai eredu berria lantzen eta garatzen jarraitzea dela erronka. Izan ere, festa eredua aldatuko zutela erabaki arren, pandemiaren beharretara egokitzen aritu behar izan dute, buru-belarri, jai ereduaren aldaketan nahi baino gutxiago murgilduta: «Egoera honetan ezin izan dugu garatu, ezinezkoa izan delako».

Besteak beste, Kilometroak egunaz gain, urtean zehar hainbat jaialdi txiki egitea pentsatua dute, eta baita antolaketan hainbat ikastolak parte hartzea ere. Aurrera egiteko, Ibarran saiatuko dira ondorio horiei lekua egiten: «Jai ereduaren hausnarketatik atera ziren ondorio horiek hartu, mahai gainean jarri, eta nola bide eman pentsatu behar dugu», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.