Irribarreak herenegun eta atzo

Milaka lagunek parte hartu dute Ibarrako Kilometroak jaian. Antolatzaileak pozik daude, bertaratuek gozatu egin dutelako, gazteek botila festarik gabe ere ondo pasatu dutelako, eta ikastolen jaiaren eredu berriak arrakasta izan duelako. Orereta ikastolari eman diote 2023ko lekukoa.

1. Jendetza. Milaka lagun joan ziren herenegun Ibarrara. GORKA RUBIO / FOKU.
jakes goikoetxea
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ibarrako (Gipuzkoa) Uzturpe ikastolako arduradunek, txantxetan, esaten dute aurten bi ikasturte hasiera izango dituztela: bata, ohikoa, irailekoa; bestea, ezohikoa, aste honetakoa, herenegungo Kilometroen ostekoa. Biharamun eta ikasturte hasiera gozoa aste honetakoa, igandeko jaiaren arrakastaren ondoren.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

«Zapore oso gozoa geratu zaigu», zioen atzo, bezperako trasteak jasotzen zituen bitartean, Aitor Bengoa Uzturpe ikastolako zuzendariak. Sentsazio hori izan zuten, jaia bukatu zenean, gainerakoek ondo pasatzeko lanean aritu ziren boluntarioek eta arduradunek. «Giro oso polita izan zen egunean zehar; jendeak lasai gozatu ahal izan zuen; parte hartze handia izan zen; gastronomia eskaintza oso zabala; eguraldi ederra...».

Eredu berriaren irizpideekin bat egindako lehen Kilometroak —Gipuzkoako ikastolen festa— izan dira Ibarrakoak: ekitaldien eskaintza Kilometroen egunean pilatu beharrean, urte guztian banatzea; jai eredu desberdina osatzea, parte hartzaileagoa; ibilbiderik gabeko Kilometroak eguna; eta herri bakoitzak bere nortasunari eta neurriari egokitutako jaia.

Herenegun arrakasta izan zuen. «Hala ere», Bengoaren iritziz, «horrek ez du esan nahi beste leku batzuetan Ibarran egin dena egingo denik». Eredua malgua baita. «Ibarra eta Uzturpe ikastola txikiak dira. Gure ahalmenaren arabera antolatutako jaia izan da, gure neurrira egindakoa».

Jaiaren «familia giroa» nabarmendu zuen ikastolako zuzendariak. Uste du adin eta mota ezberdinetako jendea elkartu zela Ibarran, eta bakoitzak aurkitu ahal izan zuela ondo pasatzeko modua.

Baita gazteek ere. Gazteak ziren eta gazteak dira halako jai bat antolatzeko orduan kezka nagusietako bat. Urtez urte, Kilometroetako arduradunek kezka azaldu dute, gazteek jaia alkohol kontsumoarekin lotu izan dutelako, eta joera hori aldatzen saiatu izan dira. Kilometroek Kilolitro ezizena ere hartu zuten, gazteen kaleko edanagatik.

Ibarrako Kilometroak antolatzean, aintzat hartu dute gai hori, bai egitarauaren diseinuan, bai musika eskaintzan: «Egitaraua oso modu zehatzean prestatu genuen. Asko zaindu dugu zer musika mota eskaini, zer talde jarri, eta non eta zer ordutan. Ez genuen nahi gazteak gune jakin batean pilatzea». Horretarako, egitarauak gune batetik bestera mugitzera bultzatzen zuen, nolabait.

«Gazteak ez ziren gune batean alkoholaren inguruan pilatu, eta kontzertuetan gozatzen ikusi genituen», Bengoaren arabera. «Horrek sekulako poza ematen digu. Asmatu dugula esan genezake». Ikastoletako gazteek Erronka ere izan zuten: hainbat probaz osatutako talde lehiaketa. Hirurehun gaztek parte hartu zuten, eta Uzturpe ikastolak irabazi zuen.

Une berezi bat aukeratzekotan, eguerdian gune guztietan batera eta bisitari guztiek elkarrekin Txoria txori abestu zutenekoa aukeratu du. «Hunkigarria izan zen».

Kilometroen urtearen bukaera izan zen herenegungoa Ibarran. Hainbat ekitaldi antolatu baitituzte urte osoan, eta atzokoa izan zen bukaerako festa.

Urte osoko lanak Uzturpe ikastolaren inguruko komunitatea trinkotu du. Ekitaldiak eta herenegungo jaia antolatzeko, jende askok lan egin behar izan du; auzolan erraldoia izan da: herenegun, ia zortziehun boluntario, horietako batzuk Gipuzkoako beste ikastola batzuetakoak. «Badakigu harreman berri asko sortu direla, eta lehen soilik aurpegiz elkar ezagutzen zuen jendearen artean harreman berriak sortu dira, elkarrekin ordu asko pasatu baitituzte». Bengoak uste du hori ona dela ikastolarentzat, «Kilometroak bukatu baitira, baina harremanak hor geratuko baitira». Uzturpe ikastolako zuzendariak uste du herrira iritsi direla.

Amaitu dira Ibarrako Kilometroak. Duela urte batzuk, jende kopurua izaten zen jaiaren arrakastaren neurgailu garrantzitsuenetakoa. Uzturpe ikastolako zuzendariak ez daki herenegun zenbat jende joan zen Ibarrara. Kalkulatu gabe daukate oraindik. «Baina», zehaztu zuenez, «milaka lagun gora edo behera, ez dugu balorazioa aldatuko». Kalitatea izan da urte osoko lehentasuna. «Herenegun ere bai. Ez genuen nahi ahalik eta jende gehien etortzea, etortzen zenak egun ederra pasatzea baizik».

Errenteriako Orereta ikastolak antolatuko ditu 2023ko Kilometroak. Herenegun jaso zuten lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.