Urretxindorra, bidean lagun

Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak duela bederatzi urte abiarazi zuen Urretxindorra, gazte migratzaileak eta goi mailako ikasketak egiten ari diren ikasleak elkartzen dituen programa. Zortzi bat bikoterekin hasi ziren proiektu pilotuan, eta ia berrogei dira aurten.

Haur bat eta haren mentorea, iazko agur festan. SOS ARRAZAKERIA.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Sorterritik herrialde ezezagun batera joatea ez da pauso erraza, ez helduentzat, ezta haurrentzat ere. Bide hori samurtzeko asmoz, Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak Urretxindorra programa sortu zuen 2014. urtean. 10 eta 14 urte bitarteko haurrentzat da, bizileku eta bizimodu berri bat dutenean ongizate pertsonal, emozional eta soziala lortzen laguntzeko. Horretarako, goi mailako ikasketak egiten dituzten gazteak —bai unibertsitatean eta baita goi mailako ikastetxeetan ere— haurren mentore izateaz arduratzen dira. Astean behin geratzen dira,adostutako ekintzaren bat egiteko.

Lehen aldian, zortzi bat bikote hasi ziren programan, baina, urteek aurrera egin ahala, bikoteen kopuruak nabarmen egin zuen gora. Aurten, oraingoz, 37 bikote ari dira parte hartzen, eta baliteke kopuruak gora egitea. «SOS Arrazakerian identifikatuta geneukan behin adin txikikoen oinarrizko beharrak asetzen zirenean, etxebizitza edo janaria esaterako, ahaztuta geratzen zirela askotan», azaldu du Imanol Legarda programako teknikariak. Katalunian egiten zen mentoretza programa baten harira erabaki zuten Urretxindorra sortzea Gipuzkoan.

Programaren arrakastaren oihartzuna Arabara eta Bizkaira ere zabaldu zen, eta iaz egin zituzten proiektu pilotuak. Araban, Zehar Errefuxiatuekin arduratzen da programaz, eta Bizkaian, Ellacuria fundazioa. Urretxindorrako teknikariak adierazi du hiru elkarteen artean lantalde polita osatu dutela, nolabait esanda, euren mentoreak izateko aukera izan baitute. Gaur egun, hiru elkarteak fase berean daude, aldi berean abiarazi baitzuten programa. Edozein zalantza izanez gero, elkarri laguntzeko prest daude.

Legardaren hitzetan, bai mentoreen eta bai familien parte hartzea guztiz boluntarioa da, eta, normalean, ikastetxeetako orientatzaileek eta gizarte zerbitzuek bideratzen dituzte familiak Urretxindorra programara. «Behar duten haurrengana iristen saiatzen gara; batzuek errepikatu egin nahi izaten dute, baina ez dute hasierako behar bera. Pena izaten da», kontatu du Legardak.

Fernanda Candida bi urtez segidan izan zen mentore, eta, aurten, atseden hartu du. Iaz egokitu zitzaion haurrak arazoak zituen jendearekin harremana egiteko, eta, orain, egoera oso bestelakoa da: «Sarritan topo egiten dut haurrarekin, eta, askotan, kuadrillarekin egoten da», esan du, pozik.

Lehen aldiak

Psikologia ikaslea da Candida, eta unibertsitatean ezagutu zuen Urretxindorra programa. Hala ezagutu ohi dute mentore gehienek. «SOS Arrazakeriako presidentea Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea da, eta harreman estua dugu unibertsitatearekin», esan du Legardak. Hitzaldiak ematera joaten dira unibertsitate eta lanbide heziketako ikastetxeetara.

Uzuri Areanek Easo Politeknikoan ikasten du, eta, SOS Arrazakeriaren proiektuaren berri izan zuenean, «hau da nire proiektua» esan zion alboko lagunari, eta parte hartuko zuela ziurtatu.

Gizarte Langintzako gradua ikasten du Malak Lazaarek Deustuko Unibertsitatean, eta elkarteak euren proiektuak azaltzeko egindako azoka moduko baten bidez izan zuen Urretxindorraren berri: «Nire ideologiarekin bat egiten duen programa bat zela iruditu zitzaidan, eta parte hartzea erabaki nuen. Gainera, ez zuten esperientzia zehatzik eskatzen, eta horrek asko lasaitu ninduen».

Baina bada Urretxindorra bere kabuz ezagutu duenik ere. Programan parte hartzen duen Musikeneko lehen ikaslea da Clara Toro, eta berarekin bat egiten zuen boluntariotza programa baten bila zebilen buru-belarri. «Ez nuen leku batera laguntzera soilik joan nahi; atzetik lanketa bat zuen proiektu baten parte izan nahi nuen», oroitu du musikariak.

Duela bi aste hasi ziren mentoreak eta haurrak elkartzen, harrera festaren ondoren. Ez da erraza hasieratik konfiantzazko harreman bat sortzea gazteekin, eta bakoitzak bere modua du nerabeengana gerturatzeko: «Nik asko hitz egiten dut, ez naiz isiltzen, eta, batzuetan, elkarrizketetatik tira egin behar izaten nuen. Baina, horrela, konfiantzazko pertsona bat zarela ikusten dute haurrek», azaldu du Candidak.

Hala ere, badaude lehenengo harreman hori errazten duten kasualitateak ere. Areanek, bere lehen egunean, Errenteriako (Gipuzkoa) liburutegira eraman zuen haurra, eguraldi txarraren ondorioz. Han kartetan jolasean ari ziren bitartean, Peruri buruzko liburu bat ikusi, eta haurrari erakutsi zion, hangoa baita. «Liburua herrialdeari buruzko marrazkiz josita zegoen, eta bere jaioterriaren inguruko milaka gauza kontatu zizkidan», oroitu du Areanek.

«Nire kasua apur bat konplikatuagoa izan zen», gehitu du Lazaarek. Txinatarra da harekin elkartzen den haurra: ez du asko hitz egiten, ez euskaraz, eta ez gaztelaniaz, mentoreak esan duenez, hitzen bat gaizki esan edo zerbait ondo ez azaltzeko beldur baita. Lehenengoz geratu zirenean haurra amarekin joan zela kontatu du mentoreak, eta amak euskaraz hitz egiteko eskatu ziola, kostata bazen ere ulertuko ziolako: «Oso lagungarria izan zen, horrela nik ere euskara gehiago erabiltzera behartzen baitut neure burua».

Bat egiten duten piezak

Tororen haurra oso irekia da, eta hasieratik konektatu zuten biek. Barre artean kontatu du lehen egunean haurraren aitarekin joan zela eskolara haren bila, eta aitari baino kasu gehiago egin ziola mentoreari, besarkada eta guzti.

Harrera festa oso lagungarria izan zen hiru mentore hasiberrientzat, bai haurrarekin eta bai haien familiekin harremanetan jartzeko. «Joko bat egin genuen. Partaide bakoitzari pieza bat eman genion, eta pieza horrekin bat egiten zuena aurkituta jakingo zuen mentoreak zein haur egokitu zitzaion», azaldu du Legardak. «Oso polita izan zen. Sortuko den harremanari norabide metaforiko hori ematea ideia ona izan zen», oroitu du Lazaarek.

Ez da lan erraza bat egingo duten mentoreak eta haurrak topatzea, eta horretarako lanketa zabala egiten dute SOS Arrazakerian. Elkarrizketak egiten dizkiete mentoreei, haien gustu eta zaletasunen berri izateko, baita haurrekin noiz elkartu daitezkeen jakiteko ere. «Aurten, 30 bikotetik gora izan dira, eta zaila izan da puzzle hori egitea, baina pozik gaude emaitzarekin», gehitu du Legardak.

Bestalde, programako teknikariaren hitzetan, garrantzitsua izaten da mentoreei harreman hori nola itxi behar den erakustea, eta formakuntza ematen diete horretarako. «Ez du esan nahi bi aldeen artean harremanik egon ezin denik, baina, behin amaituta, ez dago gure lantaldea atzean, eta hori nola kudeatu jakin behar dute», argitu du.

Agur esateko garaia iritsi bitartean, ahalik eta ondoena pasatzea besterik ez da geratzen. Candidak gauza sinpleen inguruko ilusioa berreskuratzea lortu zuen mentoretzari esker: «Ni brasildarra naiz, eta, Euskal Herrira etorri nintzenean, zinemara joatea, esaterako, izugarria zen niretzat. Urteek aurrera egin ahala, ilusio hori galdu nuen, eta elkartzen ginean haurren poz aurpegia ikusteak ilusioa berreskuratzen lagundu zidan».

Askotariko planak

Astero, plan ugari egin daitezke, baina hori bai, bi aldeen artean adostuak izan behar dute. Areanek azaldu duenez, haurrari plana hautatzeko aukera eman ahal izateko, hurrengo asterako bi plan posible adosten saiatzen dira asteroko hitzordua amaitzean: bat eguraldi ona egiten badu, eta beste bat eguraldi txarra egiten badu.

«Gaur egun askotariko gizarte batean bizi garenez, ez dago ezer hoberik inguruko jende ezberdina ezagutzea baino», azaldu du Lazaarek jendea programan parte hartzera bultzatzeko. Akademikoki aurrerapausoak ematen laguntzen diola ere aipatu du gazteak, askotariko errealitateei aurre egiten ikasten ari baita.

«Hasieran, mentoretza hitza entzutean, ez nuen horrelako harremanik imajinatzen: harreman guztiz horizontala sortzen da», azpimarratu du Legardak. Horren harira, hau gehitu nahi izan du Torok: «Niretzat, oso garrantzitsua da partekatzea. Ni neu ezin naiteke bizi jaso eta eman gabe, eta haurrarekin eraikitzen ari naizen harreman hori da behar nuena, hain zuzen».

Mentore gisa aritzeko ez dago aparteko baldintzarik: 18 eta 30 urte bitarteko goi mailako edo unibertsitateko ikaslea izatea, astean arratsalde bat libre izatea haur batekin egoteko, eta gogoa eta ilusioa izatea, besterik ez. Nahiz eta aurtengo aldia hasia den, batzuetan mentoreek, lan kontuengatik-edo, programa utzi behar izaten dute, Legardak azaldu duenez, eta beti behar izaten dute jendea badaezpada. Informazioa gehiago nahi izanez gero, www.sosracismogipuzkoa.org webgunea kontsultatu daiteke.

Jende askok parte hartu du bederatzi urte hauetan Urretxindorra egitasmoan, eta programaren koordinatzaileak aipatu nahi izan du programan haur gisa sartutako batzuk mentore rola hartzen hasiak direla jada: «Espero dut hemendik aurrera hori gehiagotan gertatzea, esperientzia hori bizi izan duen batek gehiago lagundu baitezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.