Sinboloak, bitxi

Ohikoa izaten da Euskal Herriko sinbolo preziatuak bitxi eran ikustea: eguzki lore bat duten eraztunak, lauburudun belarritakoak, baita Irulegiko Eskuaren itxurako lepokoak ere. Bitxigileek argi dute: euskal sinboloak beste modu batean erakusteko erreminta egokia da bitxigintza.

3. Bitxiak. Pitxipolit bitxiak. NEKANE FLAMARIKE.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Apaingarri bikaina eta balio handikoa, bereziki gorputzean edo jantzietan eramaten dena». Horrela definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak bitxi hitza. Gaur egun, mota guztietako bitxiak ikus daitezke artisau azoketan eta dendetan, eta askotariko prezioz, tamaina, forma eta irudiak dituzte. Ohikoa da euskal kulturaren sinbolo tradizionalak ikustea bitxietan, baina bada sinbolo berriak sortzera ausartu denik, baita gaurkotasunaz baliatuz aurkikuntzei lotutakoak egin dituenik ere.

Eguzkilore bitxitegia 2007. urtean sortu zuten Zuluaga bitxigileek, sektorean esperientzia handikoak. Isidro Zuluaga eta Maria Eugenia Gortazar senar-emazteak Zuluaga bitxi dendaren jabeak ziren, eta Gortazarrek bere senarrari eskatu zion eguzki lore bat zeraman paparreko bat egiteko. Bitxigileak egindako paparrekoa erakusten hasi ziren bezeroei, lorearen esanahia eta historia azalduz, eta bezeroei asko gustatu zitzaien. Arrakasta ikusita, eguzki lorearekin pieza gehiago egitea erabaki zuten, eta, azkenean, izena erregistratu, eta marka propio bat sortzea erabaki zuten.

Igotz eta Ander Zuluaga dira gaur egun Eguzkiloreren arduradunak, gurasoek erretiroa hartu ostean. «Beti aritu gara euskal kulturarekin zerikusia duten ikurren bitxiak egiten», azaldu du Igotz Zuluagak, enpresaren kudeatzaileak. Haren esanetan, amaren nahia izaten zen jendeak euskal sinboloak harro eramatea, eta zabaldu gabe zeuden sinbolo batzuekin lanean hasi ziren.

Ekaingo kobazuloetako (Zestoa, Gipuzkoa) paretetan zeuden irudiak erabilita bitxiak egitea erabaki zuten; zaldia eta bisontea, hain zuzen. Haritz burua ere sortu zuten bitxigileek, haritzaren hostoekin egindako lauburu bat da. «Nire aitaren eta anaiaren sorkuntza bat izen zen», oroitu du Zuluagak.

Hala ere, Eguzkiloreko kudeatzaileak azaldu nahi izan du ez dabiltzala beti eurak ikur berrien bila; bezeroen proposamenak jasotzen dituzte, eta, diseinatzen denbora eman ondoren, bitxiak egiten dituzte: Bizkaia zubia —Portugalete eta Getxo artean, Bizkaian— eta Iruñeko udaletxea, adibidez. «Guk badakigu produktu batzuk gutxiago salduko direla, baina jendearen gustukoak izan daitezen nahi dugu», esan du Zuluagak.

Nekane Flamarikek ere diseinuak bezeroen gustukoak izan daitezen egiten ditu. Bitxigilea da 2008az geroztik, Pitxipolit markaren sortzailea, eta asko disfrutatzen du egiten duen pieza bakoitzarekin. «Bitxigintza, sorkuntza aldetik, oso arte aberatsa da, baliabide asko eskaintzen ditu», esan du. Zilarrezko piezak sortzen ditu, eta margotu egiten ditu, ukitu berezi bat emateko.

Duela hilabete batzuk, Sagarpolit bilduma aurkeztu zuen Flamarikek, Arantza Eguzkitza sagardogilearekin batera. Sagardogintzari buruzko bitxi sorta bat da, eta, nola ez, sagarra du ardatz eraztun, lepoko eta belarritako guztietan. «Nire tailerra sagarrondoz inguratuta dago, eta zer hobe proposatutako proiektuaren ardatza sagarra izatea baino», oroitu du Flamarikek. Bestalde, bitxigileari iruditzen zaio euskal sinboloak beste modu batera erakusteko erreminta egokia dela bitxigintza.

«Euskal ikurrak harrotasunez eramateko modu bat da», azaldu nahi izan du Eneko Unzalu bitxigile bizkaitarrak. Eguzki loreak, lauburuak zein bestelako ikurrak ere egiten ditu, eta kontatu du horrelako piezek beti izaten dutela harrera ona, beti saltzen direla, erritmo handiagoan edo txikiagoan bada ere. Iritzi berekoa da Zuluaga: «Egiten ditugun bitxiak ez dira egun batetik bestera modan egoteari utziko dioten zerbait», aipatu du.

Aurkikuntzen arabera

Duela hilabete, gutxi gorabehera, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren berri eman zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak. Aurkikuntza aparta izan zen euskal herritarrentzat, eta hain sinbolo berri eta bitxia zenez, segituan atera ziren harekin lotutako produktuak.

Mikel Aranburu izan zen azkarrenetako bat; eskuaren lepokoak egiten hasi zen: «Albistea ikusi, eta pentsatu nuen: 'Zein aukera polita lepoko bat egiteko'», kontatu du. Zinkezko xaflak erabiltzen ditu Aranburuk bere lanetarako, eta Irulegiko Eskuaren itxura ikustean, egin zezakeela pentsatu zuen. Astelehen batean argitaratu zen albistea, eta asteazken goizerako egina zuen lehenengo lepokoa. Instagramera igo zuen lehen lepokoaren argazki bat, eta, hortik aurrera, «tsunami» baten antzera jo zuen jendeak eskulangilearengana, baita medioek ere.

Artisaua denari garrantzia

Hamar bat lepoko egin ditzake Aranburuk egunean, bakoitzaren prozesua luzea baita: zinkezko xaflan eskua marraztu eta moztu egiten du, eta, ondoren, margotzen hasten da; pare bat aldiz margotzen du. Letrak idatzi eta lehortu ostean, berniza ematen dio, eta zortzi bat ordu behar dira azken hori lehortu dadin. «Agian badago beste moduren bat bizkorrago egiteko, baina nik horrela egiten dut. Nire leloa beti izan da material birziklatuak erabiltzea eta piezak banan-banan eskuz egitea», azpimarratu du eskulangileak.

Ez da Irulegiko Eskuarekin bitxiak egiten ari den bakarra. Eguzkiloren ere egiten dituzte, bai lepokoak eta baita giltzatakoak ere, eta irabazien zati bat Aranzadi Zientzia Elkartearentzat da. Unzaluk ere egiten ditu, eta, esan duenez, «polita» iruditzen zaio horrelako aurkikuntza bat jendeak soinean eraman ahal izatea.

«Gaur egun jendeak lehenbailehen nahi ditu produktuak, eta nik, esaterako, hamabost egun behar ditut pieza bat egiteko. Zorionez, hori ulertzen duen jendea badago», aipatu du Unzaluk. Gabonetako kanpainetan murgilduta daude bitxigile eta eskulangileak, eta azaldu dute lan handiko asteak direla hauek.

Artisau azoketara joaten dira eskulangile asko, eta Flamarike horietako bat da. Aurten, Donostian izango da, eta uda sasoian ere izan zen Gipuzkoako hiriburuan. «Atzerritar asko izaten dira udan Donostian, eta produktuak ikusi eta 'zuk egiten dituzu?' galderari baietz erantzutean aurpegia aldatzen zaie», azaldu du.

Hernaniko bitxigileak azaldu du euskaldunek sarriago topatu ditzaketela artisau azokak, eta, beraz, azoka horretan zerbait erosten ez badute, agian hurrengoan topatuko dutela uste dutela. Atzerritarren kasua bestelakoa omen da: gustatu zaiena eskuz egina eta bertan egina dela jakitean, bi aldiz pentsatu gabe erosten dute. Unzaluk salatu du artisauen lana pixkanaka galtzen ari den ofizio bat dela, jendeak ez baitu ikasteko asmorik: «Edonork egin dezake, baina ez da lan erraza. Asko praktikatu behar da, baina, hala ere, ikasteko prest dagoen jendea behar dugu honek aurrera jarrai dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.