Euskararen bidea are gehiago zabaltzeko

Laudio ikastolak antolatu du aurtengo Araba Euskaraz, eta antolatzaileek azaldu dute aurreikuspenak «gainditu» egin direla. Herriari adierazi nahi zioten «bizirik» daudela, eta uste dute helburua lortu dutela, hala nola euskarari, kulturari eta bertako ekoizleei aukerak emanda. Orain, Argantzonek hartu du lekukoa.

Emanaldia. Hainbat emanaldi egin ziren egun osoan: 3 Kluba Go!azen, esate baterako. MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskararen bideak eta eta beste hainbatenak gehiago zabaltzeko asmoz, herenegun ospatu zuten 2021eko Araba Euskaraz ikastolen aldeko jaialdia, Laudion. Ezohikoa izan bazen ere, bi gune nagusi prestatu zituzten, herrigunea eta parkea, euskararen plaza eta basoa, eta hainbat lagun batu ziren eremu horietan egun osoan, Zabal bideak lelopean. Antolatzaileek azaldu dute aurreikuspenak «gainditu» egin direla, eta balorazio «positiboa» egiten dutela.

10:00etan eman zioten hasiera egunari, irekierarekin. Herritarrak eta ikastolako hezkuntza komunitateko kideak ziren protagonista, eta baita politikariak ere. Ramiro Gonzalez Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusia bertan egon zen, eta euskararen aldeko urratsetan ikastolek eta familiek duten garrantzia azpimarratu zuen: «Etxea eta ikastetxea dira, ordena horretan, hizkuntza bat barneratzeko dauden biderik eraginkorrenak; hein batean, familiak edo ikastolak 'eman' egiten du, eta haurrak, 'jaso'». Hala ere, zehaztu zuen euskarak erronka berriak dituela etorkizunean, eta errealitate horietara egokitu behar dela. «Ilusio bera nabari zaio aurtengo Arabako ikastolen leloari: zabal bideak».

Jon Bengoetxea Laudio ikastolako zuzendaria da, eta helburuez hitz egin du: «Ekonomia bigarren maila batean utzi dugu aurten; horri zegokion helburua galerarik ez izatea zen; guk nahi genuena jendeak parte hartzea zen, euskararen aldeko jai bat egitea eta bertako taldeei eta ekoizleei aukera bat ematea». Haren arabera, herriari esan nahi zioten «bizirik» daudela, eta, nolabait, izurrite batean egonda ere posible dela aurrera egitea. «Euskarari, kulturari eta bertako ekoizleei irtenbide bat eman nahi genien, eta uste dut lortu dugula hori oso-osorik».

Hurrengoa, Argantzonen

Halere, aurtengo Araba Euskaraz ez da egun bakar batean ospatu, aurrez ere ekintza batzuk egin baitituzte. «Esango nuke bi gauzetan izan garela aitzindariak: 10.000 km baietz! egitasmoa egin genuen lehenbizi, euskararen aldeko kilometroak, momentu horretan ez baitzegoen ezer; eta, horri esker, erakutsi genuen halakoak egin zitezkeela, segurtasun neurriak beteta». Ikastolako zuzendariak uste du horrek eragin positiboa duela herriarengan. «Gure familiek erakutsi dute aktiboak direla, eta Laudio euskararen alde dagoela».

Laudio ikastolak izan du aurtengo Araba Euskaraz antolatzeko ardura, eta Bengoetxeak adierazi du orain arte egindako lanaren ostean gerora ere badituztela zenbait erronka eskuartean, batez ere berrikuntza pedagogikoari dagozkienak. Hala ere, erantsi du gainontzean ere jarrera berberarekin jarraituko dutela: «Gure politikarekin aurrera egingo dugu, eta hona etortzen den edozein pertsonak edo eragilek izango du zabalik ikastola».

Lekukoa, beraz, Argantzonen eskuetan dago orain, baina Bengoetxeak azaldu du elkarlana izango dutela oinarri datozen hilabeteetan: «Argantzonek sinbolikoki hartu du lekukoa, Araba Euskaraz-i dagokionez aurten hartu dugun konpromisoetako bat izan baita jaia guztion artean antolatuko dugula». Haren hitzetan, Argantzonek gainontzeko ikastolen laguntza beharko du datorren ikasturteko jaia antolatzeko, administratiboki «Arabatik kanpo» dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.