Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Katalunia. Miriam Nogueras. PDeCATeko presidenteordea

«Guk ez dugu ezer blokeatzen; blokeatuta dago jada Espainia»

JxCren zerrendako hirugarrena da. Beste alderdiei eskatzen die oinarrizko eskubideak defendatzeko. Politika egiteko modua aldatu behar dela iruditzen zaio. Ez dago kezkatuta inkestek diotenarekin.

SUSANNA SAEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Independentzia lortzeko ahaleginean, Miriam Noguerasek (Dosrius, Katalunia, 1980) ez du tresna bakar bat ere baztertzen. «Baina ez dut bat lehenesten». Azken bi legegintzaldietan diputatua izan da Espainiako Kongresuan, eta iazko uztailetik da PDeCATen presidenteordea. Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuaren jokabidearekin bat egiten du guztiz. Pragmatikoak zokoratuta geratu direnetik, convergent-en espazio berriko zutarrietako bat da.

Zein da JxC Junts Per Catalunyaren helburua Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan?

Aurrerapausoak ematen jarraitzea Katalunia estatu independente bat izan dadin. Espainiako Estatuaren parte izanik, eta Kongresuan Kataluniari eragiten dioten erabakiak hartzen direnez, han egon beharra daukagu. Baina esan berri dudanak ez du zentzurik ez badugu egunero gogorarazten Kataluniako Gobernu legitimoa kartzelan edo erbestean dagoela, Auzitegi Gorenean epaitua izaten ari dela matxinadagatik edo desobedientziagatik. Errepresioa eskandalagarria da.

Eta Madrilen nola ematen dira independentziaranzko aurrerapausoak?

Legegintzaldi normal baten lau urteak ere ez dira pasatu, eta Espainiako Estatuan bi gobernu erori dira, zentsura mozio bat gertatu da, aurrekontu batzuk ez dira onartu... hau da, ezegonkortasun bat egon da. Kataluniaren kontra joateak, hari ez entzuteak, bere ordaina dauka Espainiako Estatuarentzat.

Pedro Sanchez PSOEkoa inbestitzeko, hark mahai gainean autodeterminazio eskubidea jartzea da zeuen marra gorrietako bat?

Guztiz. Marra gorriez mintzo gara, baina, azkenean, gure marra gorria oso oinarrizkoa da, alderdi demokrata guztiek defendatu beharko luketena. Oinarrizko eskubideez ari gara, eta gobernu batek, edo pertsona batek, eskatzen digu inbestitu dezagula, eta pertsona horrek 155. artikulua ezarri zuen Katalunian.

Baina ez dirudi PSOEk autodeterminazio eskubidea mahai gainean jarriko duenik...

PSOEren arazoa da. Sanchezek ez badu gehiengorik, edo eskuinek gora egiten badute, gu ez gara horren erantzuleak.

ERCko Gabriel Rufianek adierazi du erreferendum lotesle bat mahai gainean jartzea ez dela Sanchez Moncloara eramateko ezinbesteko baldintza. EAJ ere prest dago Sanchez inbestitzeko.

Txeke zuri asko eman ditugu. Perspektibarekin begiratzen dugunean zer egoeratan gauden, ezin dugu normalitatearen jokoan sartu. Alderdiok hasi beharko genuke herrialdea, ongizatea, geure seme-alaben etorkizuna lehenesten, interes alderdikoien aurretik.

Epe luzeagora begira ari da ERC, eta, inkesten arabera, zuek baino emaitza dezentez hobeak lortuko ditu hauteskundeetan.

2016ko hauteskunde orokorren inkestetan ere oraingoen antzekoak ziren aurreikuspenak, eta, azkenean, emaitzak oso diferenteak izan ziren.

Kataluniako independentismoak zer irabaziko luke Madrilen gobernabidea blokeatuz?

Guk ez dugu ezer blokeatzen; blokeatuta dago jada Espainia. Jendeari ezin zaio esan independentistek blokeatu egiten dutenik. Hori ezin dugu toleratu, ez, ez. Independentistek nahi dute pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatuak izatea. Kito.

Sanchez inbestitzearen alde bozkatu zuen PDeCATek...

Guk eman genuen txeke zuria. Eta zein izan da emaitza? Ez da ezer gertatu.

Baztertu ezin den beste aukera bat da PSOEk eta Ciudadanosek elkarrekin gobernatzea. Jokaleku horretan, zer bide egin ahal izango luke subiranismoak?

Alderdi horietako batek [Ciudadanos] dio 155.a berriro gustura asko ezarriko lukeela. Eta besteak ezetz esaten die gure eskaera guztiei. Beraz, gobernatzeko beste edozein modu bezain kaltegarria izan daiteke; are kaltegarriagoa, denen artean arduratu baitira PSOE honek egindako guztia zuritzeaz. Ahaztu egiten dugula dirudi, baina PPk egindako guztiaren partaide izan da...

Generalitateak elkarrizketak eduki ditu PSOErekin.

Bai, eserita geunden, baina, dena delakoagatik, Kataluniaren kontra joateak etekin elektorala ematen die askori, eta PSOEk berak horrekin bat egin du.

Zeuen alderdi barruan ez da giro. Carles Puigdemonten ildo frontistagoa gailendu zaio posibilismoari. Marta Pascal PDeCATen koordinatzaile nagusia zena pragmatikoagoa zen, eta gogor mintzatu da presidente kargugabetuaren kontra. Ez du baztertzen alderdi berri bat sortzea...

Erabakitzeko organoetan onartu ditugu erabaki guztiak, eta den-dena gehiengo oso nabarmenez onartu dute alderdiaren bazkideek. Beraz, gu ez gara frontistak.

Baina Puigdemontek eta David Bonvehi PDeCATen presidenteak adostutako hauteskundeetarako zerrendan ez dago estrategia posibilistagoaren aldekorik.

Kritiko gisa ageri direnek diote erabaki beharko genukeela zer izan nahi dugun. Baina kontua da hori erabakia dugula. Duela hilabete gutxi, alderdiaren kontseilu nazionala egin genuen, eta bozkatzeko jarri zen ea jendeak nahi zuen PDeCATek alderdi moduan zuen espektro politikoa zabaltzea,JxC markarekin harago joango zen zerbait bultzatzea. Eta, ia-ia aho batez, alde zeudela bozkatu zuten bazkideek. Iazko uztailean egindako biltzar nazionalean estatutu berriak-eta egin ziren, txostenak, eta jada markatzen zuten ildoa. JxCren, Puigdemonten, independentziaren, errepublikaren eta oinarrizko eskubideen defentsaren ildoan gaude.

Pascal aipatu gabe, baina Puigdemontek erantzun du beti hartuko duela politika egiteko konpromisoa, baina ez «betiko politika» egitekoa.

Aspalditik ari gara esaldi hori errepikatzen. Dugun egoera politiko-sozial-ekonomiko-kulturala guztiz ohiz kanpokoa da. Ur ezezagunetan gaude guztiok, eta momentu historikoak bizitzen ari gara, dramatikoak, larriak. Eta hau guztia urte luzez alderdi guztiek egin duten politika erosotik oso urrun dago. Baina oraingo herrialdea ez da duela hamar urtekoa. Politika oso diferentea egitea tokatzen da. Askok esaten digute blokeatzea-eta ez dela politika egitea... Hain zuzen, gauzak modu sendoagoan defendatu behar dira, ezin eztabaidatuzko eran. Hori ere politika egitea da.

Emaitzak espero dituzuenak ez badira ez apirilaren 28ko bozetan, ez udaletarakoetan, jarraitu beharreko estrategia aldatu beharko du JxCk?

Ez dut aurreikusten emaitzak txarrak izango direnik. Baina esango nizuke, gertatzen dena gertatzen dela, apirilaren 28ko emaitzek denoi pentsarazi beharko digutela, alderdi guztioi. Halere, uste dut ez dela susto handiegirik egongo, edo ez dela egongo ezustean harrapatuko gaituen gauzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.