Koronabirusa. Irati Agirreazkuenaga eta Eduardo Apodaka. EHUko irakasleak eta ikerlariak

«Pandemia hau estres proba bat izan da euskararentzat»

COVID-19aren izurriak modua egin du erakundeen hizkuntz erabilerak eta komunikazio publikoko praktikak «birpentsatzeko», txosten batean jaso dutenez. Oro har, euskara «galtzaile» irten dela ondorioztatu dute.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak komunikazio publikoan jarduten duten Euskal Herriko erakundeen komunikazioan izan duen eragina aztertu du EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak osatutako ikerketa talde batek. Irati Agirreazkuenaga eta Eduardo Apodaka dira COVID-19aren eragina erakundeen komunikazio publikoan ikerketako buruak, eta ondorio argia atera dute: izurria «proba» bat izan da erakundeen komunikazio praktikentzat eta hizkuntzak kudeatzeko moldeentzat.

Praktika Komunitatearen parte diren hemezortzi erakunderen bizipenak aztertu dituzue...

EDUARDO APODAKA: Praktika Komunitatea sortu genuen duela lau bat urte, komunikazioaren, eta, batez ere, hizkuntzen erabilerari buruz jarduteko. Pandemia iritsi eta hilabete batzuetara oso argi ikusi genuen talde horretako kideekin hitz egin behar genuela, pandemiatik eta itxialditik ateratako irakasgaiez hausnartu behar genuelako.

Besteak beste, izurriak komunikazio arduretan jarduten dutenengan utzitako arrasto emozionala aztertu duzue. Zer ondorio nagusi atera dituzue?

IRATI AGIRREAZKUENAGA: Komunikazioan jarduten duten taldeek lan zama handia izan dute, batez ere barne komunikazioari dagokionez. Euskarazko komunikazioari dagokionez, azpimarragarria da inprobisatu egin duten erakundeen kasuan euskara galtzaile irten dela. Gainera, barne komunikazioa oso indartua ez duten erakundeek ikusi dute beren sarea ahulduta zegoela, eta, ondorioz, beren lanari ez zaiola balioa eman. Etsipen puntu bat atzeman dugu kasu horietan. Beste erakunde batzuek, ordea, asko landu dute barne komunikazioa eta elkar zaintza.

Erakundeen lan antolamenduan ere eragina izan du pandemiak, berrantolatu egin behar izan dutelako. Zer gabezia azaleratu dira?

APODAKA:Lan gehienetan, egoera emozionala eta lan giroa landu egiten da harreman informaletan, hau da, lanetik kanpoko harremanetan, baina hori dena desagertu egin da pandemiarekin, eta leku askotan ez da berreskuratu. Hutsune hori betetzea egokitu zaie komunikazio arduradunei, eta horrek karga handiagoa eta estres handiagoa ekarri die. Komunikazio informalean galdu dugun lotura pertsonal eta afektibo hori berreskuratzeko ongi prestatu behar dela ondorioztatu dugu. Erakunde batzuk egoera berrira egokitu, eta berrantolatu egin dira, baina beste batzuk lehengoari eusten saiatu dira, eta zama hori nabaritu dute. Komunikazioan eta euskararen erabileran, gakoa beti izan da egoeraren arabera berrantolatzea.

Osasun krisiarekin batera, komunikazioa ere sartu da krisian?

AGIRREAZKUENAGA: Egoera honek erdigunean jarri ditu lehendik bigarren mailakoak ziren dinamikak, eta komunikazio esparru berriak agertu dira. Erakunde batzuk ongi egokitu dira komunikazio esparru horietara, baina beste batzuk ez. Hizkuntzak komunikazio esparru horietan duen tokia birpentsatzeko balio izan du, besteak beste.

Izurriak proban jarri ditu erakundeen alde asko; horietako bat hizkuntzekiko ikuskera izan da.

AGIRREAZKUENAGA: Hizkuntzaren erabilerari hobeto heldu diote aurrez protokolizatuta edo irizpideak zehaztuta zituzten erakundeek. Egoera berriei egokitzeko erresistentzia gehiago erakutsi dutenen kasuan, berriz, euskara galtzaile izan da.

APODAKA: Bi mundu daudela esan daiteke. Batetik, aurrez euskararen erabilera ongi pentsatuta, landuta eta gogoeta kolektibo bat eginda izan dutenek euskararen erabilerari eutsi diote, eta euskarazko zerbitzua eskaini dute. Kontrara, hori dena ongi adostuta eta landuta egon ez den erakundeetan, eta langileek barneratuta izan ez duten kasuetan, euskara galtzaile izan da; hizkuntzarenkalterako izan da. Pandemia hau estres proba bat izan da euskararen erabilerarentzat. Gure gogoeta honen ondorioetan argi ikusi da hori: boluntarismoa tartean sartu denean, inprobisazioa edo egoeraren araberako erantzunak eman direnean inolako adostasunik gabe, euskara galtzaile atera da.

AGIRREAZKUENAGA: Sarritan, euskara bigarren mailan geratu da, eta haren erabileran atzerapausoak eman dira.

Txostenean diozue erakundeek funtzio sozial bat bete dutela pandemian, beren erreferentzialtasuna handituz eta hedabideekiko harremana estutuz.

APODAKA: Pandemian garbi ikusi da barne zein kanpo komunikazioa ekosistema bat dela, eta harreman publikoen gabeziaren ondotik telekomunikazioen eta sareen hazkunde bat egon dela, batez ere barne komunikazioan. Gainera, erakunde publikoek, neurri batean, komunikabideen beharra izan dute. Erakunde asko ohartu dira lehen garrantzitsuak ziren bitartekariak orain are eta garrantzitsuagoak direla. Erakunde publikoen kasuan, gainera, birdefinitu egin behar izan dituzte beren publikoak.

Osasun krisi hau mugarri bat izan da komunikazio arloan?

AGIRREAZKUENAGA: Bai. Hizkuntzarekiko test bat izan da.

APODAKA: Estres proba bat izan da. Argi dago dispositiboen eta plataformen erabileraren gorakada gurekin geratuko dela. Lan harremanetan ikusi da presentzialtasuna zein garrantzitsua den, eta balio berezi bat emango diogu. Baina sakontasun gehiagorekin aztertu behar da hizkuntzen erregistroetan, diskurtso moduetan edota solaskidetzak lortzeko moduetan zer aldaketa egon diren, esparru horietan denetan okerrak oso nabariak izan direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.