Paueko Auzitegiak ez du Hendaiako atxikitze zentroa ixtea agindu

Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroa ez dute itxiko. Hala erabaki du Paueko (Okzitania) Auzitegi Administratiboak. Herenegun iragan zen auzi saioa, Atzerritarren Defentsarako Abokatuen Kolektiboak jarritako eskaeraren harira. Abokatuek argudiatu zuten Hendaiako atxikitze zentroak segurtasun neurriak ez dituela betetzen. Batetik, iragan irailaren 19an gertatutako sute denboran, alarmak ez zuen jo, eta larrialdi ateek ez zuten funtzionatu. Bestetik, higiene neurriak betetzeko protokolo nahikorik ez dela salatu zuten. Hortaz, obrak egitea ezinbestekotzat jo zuten abokatuek, eta, anartean, zentroa ixteko eskatu zioten Paueko Auzitegi Administratiboari. Suteen aditu batek azaldu zuen, gainera, iragan igandeko sutearen ondorioz, keak toxikoa izaten jarraitzen duela bertan atxikita daudenentzat eta langileentzat. Horregatik, hain zuzen, behin-behinean ixteko eskaria egin zuen abokatuen kolektiboak. Erabakia jakin bezain laster, Frantziako Estatu Kontseilura joko dutela iragarri zuten.

CIMADE laguntza juridikorako elkarteko langileak, berriz, iragan astetik ez dira atxikitze zentroan egon, egoera ikusita lekutzea erabaki baitzuten. «Bertan atxikiak diren pertsonen segurtasuna bermatua ez deno, ez gara bertara hurbilduko», erran zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.