Gazteen sareko 'klika'

Zein hizkuntzatan komunikatzen dira gazteak sare sozialetan? Azkenaldian ugaritu egin dira ikerketak: kaleko joeren antzekoak nabari dituzte adituek.

Gazteen sareko 'klika'.
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Gazte denak edo ia denak ibiltzen dira Interneten; erabilera gehienen ardatza izaten da komunikazioa eta kontsumoa, eta, horretarako, sare sozialak erabiltzen dituzte nagusiki: hamarretik bederatzik. Baina zein hizkuntzatan komunikatzen dira gazteak eta, oro har, euskal hiztunak sare sozialetan?

Agurtzane Elordui EHUko irakaslearen arabera, zaila da hori zehaztea, baina haren ustez, eta BERRIAk kontsultatu dituen beste aditu batzuen arabera, adinak bezainbeste baldintzatzen dute hizkuntzaren hautua sare sozialaren izaerak, erabilerak eta zabaltzen eta partekatzen diren edukietako gaiek. «Sare sozialen arabera oso ezberdinak izaten dira praktikak linguistikoak».

Elorduik gogoratu duenez, gazteenen artean Instagram da gehien erabiltzen den plataforma, baina horretan hizkuntzaren hautua ez da hain agerikoa, sare horrek duen mezularitza zerbitzu pribatua delako gehien erabiltzen dutena. Twitter, berriz, «plaza publiko» bat da, eta hor bai azter daitezke zein hizkuntzatan aritzen diren. Hala ere, gazte euskaldunak ez dira horrenbeste ibiltzen hor. «25 urte baino gutxiago dutenak ez gehiegi; eta hortik gorakoen artean, ogibide jakin batzuk dituztenak: kazetariak, irakasleak...».



Twitterren erabiltzen den hizkuntzari buruz, EHUko ikerlariak dio, oro har, sare horretan «formalagoak» direla elkarrizketa gaiak, eta horrek «mugatu» egiten duela gazteen parte hartzea, eta euskararen erabilera. Bestela gertatzen da Instagramen: «Hor askeago sentitzen dira, gaiak arinagoak, pertsonalagoak edo eguneko kontuei buruzkoak direlako-edo». Horrek, baina, erdaren aldeko hautua egitera eraman ditu gazteak. «Instagramen gutxiago erabiltzen dute euskara, eta erabiltzen dutenean, informalagoa izaten da». Konparazio baterako, EHUko irakasleak dio gazteek Twitter eskolarekin identifikatzen dutela, eta Instagram, kalearekin.

Gazteek Instagramen dituzten «askotariko praktikak» —hizkuntzakoak barne— aztertzen ari den talde bateko kidea da Elordui. Hasi berri dute ikerketa, baina aurreikusten du hizkuntzaren hautua oso lotuta egon daitekeela erabiltzaile bakoitzaren «testuinguruarekin» —ingurune euskaldun batekoa izatearekin ala ez, familiarekin— eta «ohiturekin». Eta, hortaz, kaleko erabileran bezala, nagusi izango dela erdarena, eta, oro har, «hibridazioa» gertatuko dela hizkuntzen eta euskalkien artean. Praktika linguistiko horien atzean dauden arrazoiak —ideologikoak eta beste— aztertzea dute xede; uda parterako espero dituzte lehen emaitzak.

Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko irakasleak ere nabari du aldea sare sozialen eta adinen artean —susmoa du generoen artean ere gerta daitekeela, baina ez du ikerketarik esku artean—. Helduek euskara «formalagoa edo zainduagoa» erabiltzen dutela dio. «Idatzizko euskarara jotzen dute». Gazteek, «ahozkora».

Twitterren eta Instagramen artean, argi du Ipiñak lehena dela hizkuntzaren hautua egitera gehien «behartzen» duen sarea, «edo hori modu kontzientean egitera eramaten duena». «Txioek bi norabideko zentzua daukate. Askotan, mezu berarekin zure komunitatearekin komunikatzen ari zara, baina, aldi berean, beste norbaiti, beste erakunde bati... zuzentzen ari zara; Twitterrek badauka berezitasun hori, beste sare sozial batzuek, agian, hain agerikoa ez dutena, eta horrek eramaten zaitu hizkuntzaren hautua birpentsatzera».

Oro har, bat dator Elorduiren hausnarketekin. «Gazteek sare sozialetan erreproduzitzen dituzte kaleko jokaerak: oso kontziente dira nori zuzentzen ari zaizkion». Ipiñak dio gazteek hizkuntza bat edo beste aukeratzean ere pisuzko aldagaiak direla mintzagai dituzten gaiak eta helarazi nahi dituzten emozioak. «Adibidez, gazteen kasuan ikusten ari gara gaztelaniaren erabilera oso lotuta dagoela haserrearekin».

Gaiei buruz, gazteek euskara gehien erabiltzen duten hiru multzo aipatu ditu: eguneroko kontuak; kirolak; eta kultur ekitaldiak. Azken horretan, berezitasun bat azpimarratu du: euskarara jotzen dute sortzailea euskalduna bada; bestela, erdaretara.

Ondorio gisa, Ipiñak dio helduak gehiagotan aritzen direla euskaraz sare sozialetan, eta hori gertatzen dela euren hizketaldiek eta mezuek lotura handiago dutelako «identitateari» buruzko gaiekin. «Gazteen artean ere gertatzen da, baina helduengan gehiago igartzen da hori».

Euskaldunen gaiak

«Twitter da sarerik euskaldunena», ondorioztatu du Joseba Fernandez de Landa ikerlariak, eta, aurreko adituek bezala, berak ere uste du helduek gazteek baino gehiago erabiltzen dutela euskara Interneten. «Zertaz aritzen dira gazte euskaldunak sare sozialetan?», galderari erantzuten saiatu da berriki kaleratu duen lan batean, Eusko Ikaskuntzak bultzatutakoa. Metodologia «berritzaile» baten bidez, lortu du Twitterren euskaraz idatzitako zortzi milioi mezu aztertzea. «Sare horren ezaugarri nagusia da izaera politikoa eta berehalakotasuna», adierazi du ikerlariak.

Atera dituen ondorioen artean bat azpimarratu du: erabiltzaile euskaldunek euskara erabiltzen dutela, batez ere, «euskaldunen gaiei buruz» hitz egiteko, eta horien arabera sortzen dituztela harreman taldeak sare sozialetan.

Baina zeintzuk dira gai horiek? Fernandez de Landaren arabera, euskaraz aritzen diren gazteek beren gertukoekin komunikatzeko erabiltzen dituzte sare sozialak, eta eurentzat interes handien duten gaiak dira aisialdiarekin loturikoak —kirolak, bereziki—, eta «gai politikoekin edota nortasunarekin loturikoak» —hizkuntzari buruzkoak nabarmendu ditu—. Heldu euskaldunen artean, berriz, harremanak egiteko baino gehiago, mezuak zabaltzeko «lanabes» modura erabiltzen dituzte sareak, eta, batez ere, «izaera politikoa edota gizartean pil-pilean dauden gaiei» buruz aritzeko. Orri honetan azaltzen den infografian —Fernandez de Landaren ikerketaren emaitzekin egindakoa— ikus daitezke, besteak beste, gai bakoitzak duen pisua batzuen eta besteen artean, eta zeintzuk diren alor bakoitzean txiolari erreferenteak.

Datu horiek aztertuta, ikerlariak ondorioztatu du euskaraz aritzen diren txiolarien artean —gazte zein helduetan— gai politikoak direla nagusi, eta hor «ezker abertzaleak» daukala «zentralitatea», bai hizketagaietan, bai erreferentziazko txiolarietan: «Ezker abertzalearekin lotura duten erakundeak edota erabiltzaileek horiekin identifikatzen dituzten norbanakoak dira nagusi: haiek dute euskal hiztunak biltzeko gaitasunik handiena», azpimarratu du Fernandez de Landak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.