Elgorria zabal ez dadin

Iraganean ohiko eritasuna zen elgorria, egun ez bezala. Gaitzaren kasuak urriak dira orain, kanpotik erituta etorritako pertsonek zabaldutakoak normalki. Osasun agintariek ohartarazia dute birusaren kontra immunizatuta egotearen garrantziaz. Abisu eman dute 1970-1981 aroan jaiotakoen egoeraz.
Elgorriaren kontrako txertoaren dosi bat.
Elgorriaren kontrako txertoaren dosi bat. FERNANDO BIZERRA / EFE

Arantxa Iraola -

2019ko irailak 17
Sasoi batean, ohiko eritasuna izaten zen elgorria, gehienetan haur garaian pasatzen zena. Urriagoak dira kasuak gaur egun, baina ez dago guztiz desagertuta gaixotasuna, eta hedabideetako goiburu ere izaten da zenbaitetan: apirilean, esaterako, jakin zen Baionan xingarraren azokan izandako 40 lagun gaitzarekin kutsatu zirela. 200.000 pertsona batu ziren jai horretan, eta osasun agintariek aitortu zuten jendetzak birusa zabaltzen lagundu zuela. Izan ere, oso erraz hedatzen da. OME Osasunerako Mundu Erakundeak egiten dituen azterketen arabera, Frantzian elgorria gaitz endemikoa da oraindik; Espainiak, berriz, elgorririk gabeko herrialdearen estatusa du. Alda daiteke egoera, ordea, eta, horrexegatik, txertaketaren garrantziaz ohartarazten ari dira osasun agintariak gero eta usuagotan. Lehengo hilaren amaieran bertan, esaterako, Espainiako Osasun Ministerioak ohartarazi zuen komeni dela 1970-1981 artean jaiotakoak txertatuta dauden berrikustea. Izan ere, pentsatzekoa da lehenago jaiotakoen artean gehienek elgorria umetan pasatu zutela, oso zabalduta baitzegoen, eta, ondorioz, horrexek berak ematen die gaitzaren kontrako immunitatea. 1980ko hamarraldian aurrera egin ahala, berriz, orokortzen joan ziren eritasunaren kontrako txertaketa masiboak. Tartean dauden herritarren egoeraz abisatu nahi izan zuen, beraz, horregatik ministerioak .

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariek, adin tarte jakinik aipatu gabe, txertatuta egotearen garrantzia nabarmendu zuten orain aste bi, Bilbon eginiko agerraldi batean. «Garrantzitsua da pertsona bakoitzaren egoera berrikustea», azaldu zuen Txertaketen Aholku Batzordeko presidente Txema Arteagagoitiak. «Familia medikuarengana beste zerbaiten harira doazenean, horren gaineko galdera egin dezakete», esplikatu zuen. Oro har, Osasun Saileko adituek ez dute ikusten elgorria zabaltzeko «arrisku epidemiologikorik», baina adi egon behar dela pentsatzen dute; izan ere, urte askoan ia desagertuta egon ostean, azken bi urteotan berriz agertzen hasi dira hainbat elgorri kasu. Zehazki, hamasei atzeman dituztela onartu dute Osasun Saileko buruek: «Gehienak inportatuak izan dira. Kanpoan bidaiatzen ibilitako pertsonei atzeman zaizkie».

Espainiako Osasun Ministeriotik orain eman duten irizpideaz harago, Osakidetzan pazienteen txertaketaren gaineko «berrikusketan» hainbat urte daramatzatela nabarmendu dute Osasun Saileko arduradunek, eta «sistematikoki» egiten dutela hori. Aitortu dute atzerrian eginiko bidaiaren baten ondorioz elgorriaren gaineko kezka dutenek «arrisku» handiagoa dutela —aski zabalduta dago munduko hainbat tokitan—, eta soilik haiek dutela propio gaiaz aritzeko medikuarengana joateko aparteko presa; gainerakoek, osasun zentrora joatea egokitzen zaien egun batera arte itxaron dezakete. «Gero, betiere, kasuan-kasuan aztertu beharko da zer egin, pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta». Egoeraren gaineko aparteko «larritasunik» gabe, «prebentzio estrategia» baten barruan ulertzen dituzte Osasun Saileko arduradunek alor horretan egin beharreko urratsak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan dihardu Aurelio Barrikartek, Transmisio Bidezko Eritasunen eta Txertaketen atalean, artaren arduradun. Elgorriarekin, beste hainbat eritasunekin bezalaxe, erne ibili behar dela ohartarazi du hark ere. Osasun Ministerioak 1970. urtean jarritako muga ulergarria iruditzen zaio: «Izan ere, aurretik hain zen ohikoa gaixotasuna: herritarren %98 eritzen ziren umetan. Beraz, 1970a baino lehen jaiotako denak immunetzat hartzen dira». 1970etik 1980ko hamarraldiaren hasiera bitartera, berriz, txertaketak hasi ziren, eta eritasunaren presentzia apaltzen hasi zen, baina txertaketak ez ziren guztiz orokortu oraindik. Areago, horien erregistro informatikoa ez zen 2000. hamarraldira arte orokortu.

Ezin jakin

Beraz, ulertzekoa da pertsona askok ez jakitea immunizatuta dauden. «Umetako osasun txartela eskura dutenek han ikusi ahal izango dute txertoa jarri zieten», azaldu du Barrikartek. «Norbaitek agiririk ez badu, zer egin? Gurasoek eritasuna pasatu zuela esaten ez badiote, txertoaren bi dosiak har ditzake orain». Hori da albistearen alde positiboa: inoiz ez da berandu. Txertoa hartzeko adinik ez dago, eta, erratuta ere, ez da deus gertatzen: lehendik txertoa hartutako batek berriro hartuta ere, horrek ez dio ondorio txarrik ekarriko. «Inolako kalterik ezin du egin. Norbait immunea bada, txertoaren birusak inaktibo geratzen dira... Inork zalantza badu, familia medikuarengana jo behar du, eta hark argitu ahalko dio zer egin», esplikatu du Barrikartek. Izan ere, salbuespenak ere badira. «Sistema immunologikoa ahul dutenak eta haurdun dauden emakumeak txertaketetatik kanpo utzi behar dira». Umetxoak, halaber, ezin dira urtea bete aurretik kanpainetan sartu. Beraz, betiere medikuaren kontsultan hartu beharreko erabakia da txertaketaren ingurukoa: «Azken finean, medikuaren indikazio bat izan behar du, hark pazientearen egoera aztertu eta gero hartu beharrekoa».

Pertsona helduen txertaketaren «berrikusketa» aintzat hartzeko moduko xehetasuna bada ere, ororen gainetik, umeen txertaketaren garrantzia nabarmentzen jarraitu behar dela gogoratu du Barrikartek. Bi dositan jarri ohi da elgorriaren txertoa —umetan jartzen dira biak—, eta elgorriaren kontrako «txertaketa estaldura» on bat lortzeko era egokiena da bi dosi horiek jarriko direla ziurtatzea. «Estaldurak, gutxienean, %95ekoa izan behar du, eta, gainera, homogeneoa; era horretan, birusak, heltzen bada ere, ez du lortuko zabaltzerik. Horri deitzen zaio babes kolektiboa». Eta giltzarri da kasu berriak ez agertzeko. «Batez ere, haurren artean: 5, 7, 12 urteko haurrak. Horiek, ez, horiek ez dute inoiz inolako aukerarik izan birus basatiarekin kontaktuan egoteko, eta, birusarekin kontaktuan badaude, gaixotu egin daitezke».

Adi jarraitu behar da

Estaldura «handia» dute orokorrean Hegoaldeko osasun sistemek, bertako arduradunen arabera. Baina bat datoz denak: adi jarraitu behar da. «Izan ere, mundu mailan eritasuna guztiz erauzten ez den bitartean, aski da edozein tokitan txertaketa estaldura apaltzea, berriz gaixotasuna zabaltzen hasteko», onartu du Barrikartek. Txertoa bi dositan ipini beharrak zaildu egiten du, hein batean, estaldura egoki bat bermatzea.

Eta inboluzio kasuak badira. OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak ohartarazi du, hainbat herrialdetan —Erresuma Batua dago, adibidez, horien artean— eritasuna agertu dela berriro, eta uste du txertaketak apaldu izanaren ondorio dela. Frantzian ere elgorri kasuen ugaritzearen gainean ohartarazten ari dira nazioarteko hainbat erakunde. «Eta herritar immunizatuen kopurua apalegia bada, gu ere hel gaitezke egoera horretara», ohartarazi du Barrikartek. «Beti adi egon behar da; horregatik, gure helburua da estaldura maila handia mantentzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna