PLANAREN GAKOAK

2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Detekzio goiztiarra. Adimen gaitasun handiko ikasleen premiak goiz detektatzea izanen da planaren oinarrietako bat. Horretarako, ikastetxeek «zorrotz» beteko dituzte garapena zaintzeko neurriak, «bereziki, ikasleen eskolatze prozesuaren hasieran eta Haur Hezkuntzan».

Lankidetza. Hezkuntza sistemak «euskarri sare bat» sortuko du, gaitasun handiko ikasleei eman beharreko arreta «osoa eta bateratua» izatea bermatzeko. Horretarako, oinarrizko gizarte zerbitzuen, adituen eta osasun arloko profesionalen laguntza jasoko dute.

Generoa. Ikerketek behin eta berriro erakutsi dutenez, genero desoreka dago gaitasun handiko ikasleen detekzioan: mutilak baino askoz gutxiago dira identifikatzen diren adimen handiko neskak. Hori dela eta, prozedura berrian «erantzun diferentziala» emanen da, genero aniztasuna aintzat hartuta.

Malgutasuna. Hezkuntza premiei erantzuteko modua «malgua, arina eta berehalakoa» izanen da, eta ikasketa ibilbideak pertsonalizatuko dituzte ikasleen beharren arabera.

Prestakuntza. Estrategia honetan parte hartuko duten eragile guztiek prestakuntza «egokitua eta eguneratua» jasoko dute, Hezkuntza Saileko lantalde eta ikuskaritza zerbitzuen lankidetzari esker. Profesionalak prestatzeko bidean, unibertsitateko adituen edota «beste eragile espezifikoen esku hartzea» ere aurreikusten dute.

Ebaluazio jarraitua. Jaurlaritzak asmoa du planaren bilakaerari hurbiletik jarraitzeko. Ezinbestekotzat du tarteka «neurrien eta prozeduren, ikasleen garapenaren eta ikasleen ongizate mailaren ebaluazioa» egitea.

Mailaz igotzea. Adimen gaitasun handiko ikasleentzat eta euren familientzat aldi konplikatuak izan ohi dira ikasketa ziklo batetik hurrengora igarotzeko prozesuak. Hori dela eta, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara eta handik Bigarren Hezkuntzara pasatzeko garaian, «koordinazio ahalegin berezia» eginen dute ziklo bateko eta besteko eragile eta profesionalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.