Foro Sozial Iraunkorrak bizikidetza demokratikoa eraikitzea jarri du helburu

Foro Sozial Iraunkorrak batzar nagusia egin du Agurainen. Gizartearen «inplikazioa» eskatu du bizitza demokratikoa eraikitzea posible izateko

Foro Sozial iraunkorrak batzar nagusia egin zuen atzo. FORO SOZIAL IRAUNKORRA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorreko kideek batzar nagusia egin zuen atzo Agurainen (Araba), eta datozen urteetarako erronkak izan zituzten hizpide. «Bizitza demokratikoa eraikitzea» jo dute lehentasuntzat, eta, adierazi dutenez, hori lortu ahal izateko beharrezkoa da gizarte zibilaren «konpromisoa»: «Ekarpena egin diezaioke indarkeria ziklo baten ondorioei konponbidea jartzea helburu duen bake prozesuari».

Hego Euskal Herriko hamazazpi gizarte eragilek eta 58 norbanakok osatzen dute foroa. Azaldu dute helburua erdiesteko lortu beharreko hiru erronka nagusi daudela: «Orotariko indarkeriak jasandako biktima guztiak beren eskubideen jabe direla ziurtatu behar da; preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea eman behar zaio; eta, memoria inklusibo baterantz aurrera egiteko beharrezkoak diren oinarrizko adostasunak sortu behar dira». Hala, beharrezkotzat jotzen dute haiek hartutako konpromisoa gizartera zabaltzea.

Orain arteko ibilbidea

Foro Sozial Iraunkorra 2016an sortu zen, eta orduz geroztik helburu izan du «gatazkaren ondorioen konponbidea erraztea». Bertako kideen arabera, besteak beste, orain arte errealitatearen analisia egin dute hainbat kontakturen eta hitzaldiren bidez, eta irtenbide posibleak proposatu dituzte «ikuspegi inklusibo batetik». Jakinarazi dutenez, lau urte hauetan eman diren aurrerapausoen ostean erabakia hartu dute bizitza demokratikoa eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.