Europako Parlamenturako hauteskundeak. Ondorena

Oreka politiko berrien menpe

28 estatu kideetako agintariak gaur elkartuko dira EBko kargu garrantzitsuenak negoziatzen hasi eta aliantzak osatzeko. Salvini eta Le Pen eskuin muturra batzen saiatuko dira, talde berri batean
Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek negoziazio gogorrak izango dituzte aurretik asteotan. Gaur hasiko dituzte negoziazioak, afari batean.
Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek negoziazio gogorrak izango dituzte aurretik asteotan. Gaur hasiko dituzte negoziazioak, afari batean. ROBERT GHEMENT / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko maiatzak 28
Europako Batasunak (EB) gobernu berria izango du urritik aurrera, eta estatu kideak gaur hasiko dira horren osaera negoziatzen. Testuinguru berri baten aurrean daude 28 agintariak: Europako Parlamentua inoiz baino zatituago dago, eta gobernabidea eta egonkortasuna bermatzea gero eta zailagoa bilakatu da. Lehenengoz, demokristauen eta sozialdemokraten batura ez da gehiengo osora iristen, eta liberalek eta alderdi berdeek nabarmen egin dute gora, eskuin muturraren gorakada mugatuz. Egoera horretan, Europako Batzordeko presidente karguan Jean-Claude Junckerren ordezkoa hautatzeko negoziazioak korapilatsuak izango dira, oreka politikoak, lehentasunak eta aliantzak aldatuko baitira.

Europako Alderdi Popularrak (EAP) lortu du babesik handiena (180 europarlamentari), eta haren atzetik geratu da Sozialista Europarren Alderdia (SEA), 145 diputaturekin; berrogeina ordezkari galdu dituzte 2014ko emaitzekin konparatuz gero, eta beste alderdiengana jo beharko dute azken hamarkadetako statu quo-ari eutsi nahi badiote. Zeregin horretan, Europaren Aldeko Liberalen eta Demokraten Aliantzak (ALDE) eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sortuko duten talde politiko berriak zeresan handia izango du, 109 europarlamentari (+42) lortu baititu ganberan; Europako Alderdi Berdearengana jotzeko aukera ere izango du bipartidismoak, zilegitasuna areagotzea helburu. 69 ordezkari izango dituzte, 2014an baino hemeretzi gehiago.

Juncker 2014an izendatu zuten batzordeko presidente, spitzenkandidat (hautagai nagusia) figura politikoa erabilita. Historikoki, 1958tik, estatu kideetako estatuburuek eta gobernuburuek hautatu dute Europako Batzordeko presidentea, baina 2014ko hauteskundeetan beste sistema bat erabili zuten; talde politiko bakoitzak bere zerrendaburua hautatu zuen, eta agintariek horren eta emaitzen araberako hautua egin zuten. Berez, aurten ere sistema hori erabiltzekoak dira, eta Manfred Weber EAPren zerrendaburua litzateke hautagai nagusia, haren alderdiak jaso duelako babesik handiena; EBko erakundeak eta sistema horrekin kritiko agertu diren agintariek, ordea, ez dute esperientzia errepikatu nahi. Desadostasun horiek talka handiko asteak aurreikusten dituzte, are gehiago kontuan hartuta europarlamentua inoiz baino zatituago dagoela, eta gehiengo osoa bermatzea zailagoa izango dela.



Frantziaren eta Alemaniaren arteko aliantzak zehaztu ditu azken hamarkadotan EBren agenda eta lehentasunak, baina Macron boterera iritsi zenetik bi estatuen arteko harremana okertu egin da; ez da txarra, baina ez da onena. Eta datozen asteotan Frantziako presidentearen eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arteko distantzia are gehiago handitu liteke, Merkelek spitzenkandidat sistema defendatzen duelako —Weber haren alderdiaren zerrendan aurkeztu da—, eta Macron eta liberalen talde berria horren aurka daudelako.

Baina badira beste ahots batzuk ere: Espainiak bi herrialde horien arteko aliantza agortutzat du, eta uste du beste herrialde batzuek presentzia handiagoa izan behar dutela talde komunitarioan; finean, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak herrialdearen pisua eta eragina handitu nahi du.

Horretarako, pisuzko argudio bat du: SEA osatzen duten alderdien artean PSOEk du ordezkaritzarik handiena, hogei eurodiputaturekin. Josep Borrell Espainiako jarduneko Atzerri ministroak eta europarlamentari hautatuak esana du «estatu gehiago beharrezkoak» direla «liderraren lana egiteko». Sanchez Macronekin batzartu zen atzo, eta gauza bera egingo du gaur Merkelekin.

Lanpostu preziatuenak

Bost kargu garrantzitsu daude jokoan gaur hasiko diren negoziazioetan: Europako Batzordeko presidentetza, Europar Kontseilukoa, Europako Parlamentukoa, Europako Banku Zentralekoa eta EBren atzerri politikarako buruzagiarena. Igande gauean, Weberrek iradoki zuen ez zuela ezkerreko eta eskuineko «muturrekoekin» itunik egingo, eta liberalei eta sozialdemokratei dei egin zien «indarrak batzeko»; ekologistak ere kontuan hartuko lituzkeela gaineratu zuen, «emaitzak ikusita, haiek ere» badirelako herenegungo bozen «garaileak». Philippe Lamberts EABren buruzagiak igande gauean adierazi zuen berdeak «ezinbestekoak» izango direla «gehiengo egonkor bat osatzeko».

Ikusteko dago, beraz, Macronek zer-nolako jarrera izango duen datozen asteetan, nahiago baitu frantses bat izatea batzordeko hurrengo presidentea. Askoren ahotan dago Michel Barnier EBren brexit-erako negoziatzaile burua; hura hautatzeko, ordea, spitzenkandidat sistema ez lukete errespetatu beharko —ez daude hori egitera behartuta, Barnier ez baita bozetara aurkeztu. Eta, gainera, brexit-aren negoziazioekin zer gertatuko litzatekeen argitu beharko lukete, Erresuma Batua oraindik ez baita atera talde komunitariotik. ALDEk honako hau adierazi zuen igande gauean: «Europako Parlamentuko botere balantza berriak dei egiten dio batzordeko presidente izateko hautagai bati, bere alderditik kanpo gehiengo sendoak eraikitzeko gai dena. Gure talde berria prest dago familia politikoen babesa bildu dezaketen hautagai guztiak aztertzeko». Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko buruzagia litzateke beste aukeretako bat, baita Margrethe Vestager EBko Lehia komisarioa ere.

Halere, Frans Timmermans SEAren zerrendaburuak eta Europako Batzordeko presidenteordeak beste formula bat du buruan: «Macrondik [Alexis] Tsipraseraino doan aliantza bat» proposatu zuen kanpainan; hau da, liberalen, sozialdemokraten, berdeen eta ezkertiarren taldeek osaturiko koalizio bat. Herenegun gauean ere koalizio «progresista bat» osatzeko nahia adierazi zuen, baina zenbakiek zaildu egin dute zeregin hori: berdeek eta liberalek gora egin duten arren, sozialdemokratek eta alderdi ezkertiarrek behera egin dute, azken horiek 52tik 39 ordezkarira jaitsita.

Eskuin muturra

Eskuin muturraren eta euroeszeptikoen estrategia ere datozen asteetan zehaztuko da. Matteo Salvini Legaren buruzagi eta Italiako lehen ministrordeak talde berean bildu nahi ditu, eta, kanpainan sostengua eman dioten alderdien emaitza kontuan hartuta, Herrien eta Nazioen Europako Aliantzak (HNEA) 70 europarlamentari inguru izango ditu. Erronka zera da: ganberan 172 ordezkari euroeszeptiko daudela, eta denek ez dutela HNEAn sartzeko asmoa.

Horien emaitzak espero baino txarragoak izan dira, eta euroeszeptikoen olatuak itxaron egin beharko du. Egun, hiru talde parlamentariotan daude banatuta: Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten Aliantzan (EKEA), Askatasunen eta Demokraziaren Europan (ANE) eta Askatasunaren eta Nazioen Europan (ANE). Horregatik, ahots bakarra izateko, Salvinik talde berean nahi ditu denak, ganberako hirugarren indarra bilakatzeko.

Besteak beste, ikusteko dago Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen Fidesz alderdiak zer erabaki hartuko duen: EAPn jarraitzea ala HNEAn sartzea. Atzo adierazi zuenez, batzordeko presidente kargurako soilik babestuko du «immigrazioari galga ezartzen dion» hautagaia hamahiru ordezkari ditu Fideszek—.

Salvinik ere nahi du Polonian boterean dagoen Legea eta Justizia (PiS) haren talde berrira batzea; albiste ona izango litzateke harentzat, PiSek 23 europarlamentari izango baititu. Eragin handiagoa eta ikusgarritasun handiagoa izango dute, baina ez dira boterera iritsiko, eta euren botoak ez dira kontuan hartzeko modukoak izango gehiengoak negoziatzeko orduan.

'Brexit'-ari begira

Legaren buruzagiak Nigel Farageren Brexit Alderdiari ere proposatu dio HNEAn sartzea, baina Faragek oraingoz ez dio baiezkorik eman. Europarlamentuan ordezkaritzarik handiena izango duen indar politikoa da Brexit Alderdia, Merkelen Batasun Kristau-Demokratarekin (CDU) batera —29 diputatu—.

Erresuma Batuko bipartidismoa hautsi dute igandeko bozek, eta hautesleek EBn geratzearen eta handik ateratzearen aldekoen arteko hautu argia erakutsi dute. Zigorraren botoa gailendu da: Brexit Alderdiaren atzean geratu dira Liberal Demokratak, hamasei europarlamentarirekin, eta hirugarren postuan laboristak, hamarrekin. Boterean dagoen Alderdi Kontserbadoreak bosgarren postuan amaitu zuen, hemeretzi ordezkaritik laura jaitsita.

Brexit-aren aurkako diskurtsoa gailendu zen Eskozian: Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) jokoan zeuden sei karguetatik hiru izango ditu, eta liberal demokratek laugarrena. Ipar Irlandan joera berdina izan dute: hiru ordezkarietatik bana jaso dute Sinn Feinek eta Aliantza Alderdiak, eta azkena DUP unionistarentzat izan da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna