Pastor
DARWIN ETA GU

Erizain gaiztoak

2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Goierritik datorren trenean nerabe bat dago, maskara kirurgiko urdina eskuetan, hura tolestu eta tolestu jolasean. Ozen mintzatzen ari da lagunekin, gandorra aterata. «Zergatik ez duzu maskara janzten?», esan dio gizon batek, kanpotar doinua nabari. «Ezin dut, ito egiten naiz». Eta burumakur segitu du Donostiaraino, isilik. 16 urteko machito bat maskara kirurgiko fin ziztrin batekin ito? Ez dakit, bada...

Birusaren kontrako neurriei buruzko eztabaida areagotu du Ordiziako agerraldiak. Batez ere, maskararen erabilera dela eta. Arau horiek gu kontrolatu eta mendean hartzeko tresnak omen dira. Adin jakin bat dutenei zuzendutako galdera: nolakoa zen mundua duela 30 edo 40 urte? Nolakoak ziren orduko boterearen egiturak, indar-korrelazioa, giza harremanak, balizko alternatibak gauzatzeko aukerak? Nolakoa da egungo mundua?

Birusa hemen genuen Txina urrunean pangolin delako horrek motxila hartu eta tipi-tapa Donejakue bideari ekin aurretik. Askoz lehenagotik. Erraietaraino sartu ziguten eta erraietan dugu: indibidualismo egoistaren birusa, konformismo koldarraren birusa, kontsumismo itsuaren birusa. Birus horiek kolpatu eta moldatu gaituzte azken hamarkadotan. Akaso uste dugu botereak jadanik COVID-19aren beharra duela gu mendean hartzeko? Benetan?

Lan eta ekoizpen arloan ez ezik, aisialdian ere makurrarazi gaituzte. Begiratu nola gabiltzan kalean, autobusean, metroan, burua telefonotik altxatu ezinik. Eta orain koronabirusaren bidez geure erlazio eta komunikazio super sakonak suntsitu nahi dizkigute (kar, kar, kar). Zuckerberg jendarme unibertsalari geure poz eta miseriak oparitu dizkiogu, 2.500 milioi laguneko talde baten kideak izateko. Hark badaki zer joera hedatu eta mezu hori nori, nora, nola eta noiz zuzendu. Ez du polizia trajerik janzten, kamiseta xume bat baino. Trenean maskara jartzeko eskatzen digun etorkina da polizia, bera da zapaltzaile bakarra. Horixe.

Maskararik ez, Ni ez zapaldu gero! dira herritar batzuen leloak. Gipuzkoako erizainek arduraz jokatzeko eta maskara erabiltzeko esan digute aste honetan. Hara! Erizainak ere zapaltzaileak ditugu, mundua kontrolatu egin nahi dute. Zeinen gaiztoak diren. Hiru hilabetean txalo egin diegu eta begira nola ordaintzen diguten geure heroiek. Ezkutuko botere horren peoiak ziren, eta gu jakin gabe. Baina maskara erori zaie, guri maskarak janzteko eskatu digutenean.

Bai, gehiegikeria batzuk egin dira eta egiten ari dira krisiaz baliatuta, ezin ukatu. Alta, hortik mundu mailako konspirazioa dela pentsatzeraino... Konspirazioa, izatekotan, bestea izan zen, guk hain modu gozoan irentsi genuena. Orain burua altxatzen dugu, errebelde plantan. Eta duda egiten dut kasketa moduko matxinada horrek ez ote duen eskuindar libertario puntu bat, hainbeste gorrotatzen ditugun estatubatuar zuri faxista horien jarreratik oso urrun ez dagoena.

Koronabirusa. Hurrengoan, kontratu umiliagarri bat sinatzen dugunean ezer ere esatera ausartu gabe, kanporatuko gaituzten beldur; auto dirdiratsuago bat erosten laguntzeko aparteko orduak beltzean ordaintzea onartzen dugunean; protesta egin duen lankide baten alde egiten ez dugunean, arrazoi duela jakin arren; beste bat barne promozioan argi eta garbi nagusitzen zaigunean, eta isilean epaimahaira jotzen dugunean geure planak zapuztu dituen garaile zuzenaren kontrako jokaldi zikina egiteko asmoz... Hurrengoan, geure nagusiari zapataren zola miazkatzen diogunean —beste gauza bat ez esateagatik—, badakigu: COVID-19ari bota ahal diogu horren guztiaren errua.

Oso artzain onak omen gara euskaldunok. Oso ardi onak ere bai, batzuetan, baina badirudi beste artaldeetako abereak baino ez ditugula ikusten. Arazoa izan daiteke artalde batean egotea, baina bada zerbait larriagorik: artalde batean egotea —edo batean baino gehiagotan, kontuz!— eta horretaz ez konturatzea. Eta horregatik munduko pertsona jator, libre, alternatibo, apurtzaile eta iraultzaileenak garela sinestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.