Albistea entzun

Urrezko ezteiak Getaria-Zarautzen

Asteburu honetan izango da Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia. Aurten, gainera, 50 urte beteko ditu, eta, lau igeriketa proba egiteaz gain, jendea ere omenduko dute; esaterako, Carlos Santana, 50 urtez igeri egin duen igerilari bakarra.

Igerilariak lehian, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian.
Igerilariak lehian, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. GETARIA-ZARAUTZ ITSAS ZEHARKALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Joseba Arratibel Ladron -

2022ko uztailak 21

Uda eta hondartza giroa nabarmendu da azken egunetan. Ohiko erritualei jarraituz, hondartzara joan eta bainu bat hartzea askoren erabakia izan da. Asteburu honetan ere asko joango dira hondartzara igeri egitera, baina lehiatzeko asmotan, zehazki, Getaria-Zarautz zeharkaldian. Euskal Herriko igeriketako probarik garrantzitsuenetakoa bilakatu da, eta Europako bosgarrena. Aurten, gainera, 50 urte beteko ditu. Asteburu honetan izango da, eta lau probak osatuko dute: Zarautz-Mollari-Zarautz, Getaria-Zarautz eta Getaria-Zarautz haur kategoria (laburra eta luzea).

Ikusi gehiago: Carlos Santana, igerilaria: «1954tik ez diot igeri egiteari utzi»

Igande goizean, Getariako portutik abiatuta Zarauzko hondartzaraino, 2.850 metro igerian egingo dituzte igerilariek proba nagusian, 11:30ean. Pablo Cazalis zeharkaldiaren antolatzaileetako bat da. Aipatu du denbora tarteekin egingo dituztela irteerak, jende pilaketak murrizteko; izan ere, 3.100 parte hartzaile aurreikusi dituzte. Horren aurretik, gazteenak lehiatuko dira, Getaria-Zarautz haur kategoriako laburrean (400 m) 2010-2011n jaiotakoak, Zarauzko portutik Munoa plazaraino. Ondoren, haur kategoriako luzean (800 m) 2008-2009koak lehiatuko dira, Zarauzko hondartzatik hasita, itsasoan barrena triangelu itxurako bat igerian eginez, eta buelta hondartzara. Larunbat goizean, ordea, Zarautz-Mollari-Zarautz egingo da, 5.000 metro egin beharko dituzte igerian.

Cazalisek azaldu du igeriketan dabiltzan umeak ere parte hartzeko nahia zutela, baina gutxieneko adina 15 urte zela. Orduan, Getaria-Zarautz haur kategoria sortu zuten, bi adin tarte eta bi luzerarekin. Bestalde, zeharkaldia ia 3.000 metroko proba bat da; beraz, badu bere maila. «Minimorik ez dugu eskatzen, eta sekula ez dugu inor kanpoan utziko; denak helmugara heldu arte itxaroten dugu», adierazi du Cazalisek. Hala ere, «itsasoak errespetu bat eskatzen du, bertan ezin baita deskantsatu; hortaz, prestakuntza maila bat behar izaten da». Lehiatzera ohituak dauden igerilari asko joaten direla esan du Cazalisek, eta haiek gehiago nahi izaten dutela. Horregatik prestatu zuten proba luzea. Hasieran, Zarauztik Getariara joan-etorria zen; aurreko urtean, berriz, Mollarriko harriraino egin zuten joan-etorria. «Duela hiru urtekoak baino arrakasta handiagoa izan zuen, eta, hortaz, mantentzea erabaki dugu».

Zeharkaldiaren eboluzioa

Cazalis duela zazpi urte hasi zen zeharkaldian lanean, baina lehen edizioa 1968. urtean egin zen, eta «ordutik gauzak asko aldatu dira». Ez zen Euskal Herrian itsasoan egiten zen lehen ur proba izan, baina herri mailan horrelako ekintza bat antolatu izanak bazuen bere garrantzia. Cachi-Bachi elkarte gastronomikoa izan zen zeharkaldiaren antolatzailea hainbat hamarkadatan. «Garai hartan, lagun arteko lehia bat besterik ez zen; egun, ordea, igeriketa probarik handienetako bat da». Getariako portutik Zarauzko porturaino egiten zen zeharkaldia, baina, parte hartzaileen hazkundearekin, Zarauzko portuan amaitu beharrean, zeharkaldia hondartzan amaitzea erabaki zuten. Cachi-Bachi elkartearen ondoren, Getariako Manuel Aranguren eta Zarauzko Edorta Badiolak osatutako talde batek antolatu zuen zeharkaldia. Egun, Zarautz Balea igeriketa kirol kluba da zeharkaldiaren sustatzaile eta antolatzailea. Cazalisek azaldu du egun 100 boluntariotik gora daudela antolatzen.

Orain arte lortutako ospea ikusita, askok ezarria diote ezizena egitasmoari: igerilarien Behobia-Donostia.

Dokumentala

50 urte horien harira, antolatzaileek dokumental bat atera nahi izan dute, dokumentalaren xedea parte hartzaileak omentzea eta zeharkaldiaren garapena nolakoa izan den azaltzea da. Txundigarria iruditzen zaie jendeak hainbeste urtez parte hartzen jarraitzea. Galdera bat egiten zioten beren buruari: «Nola da posible jendea hain fidela izatea?». Horregatik, erabaki zuten partaide guztiei beraien lekua ematea eta omentzea. «Azken finean, beraiengatik eta beraientzako egiten dugu dokumentala».

Dokumentala aurrera ateratzeko, lehen edizioen inguruko datu askoren falta sumatu zuten. Horregatik, eskaera bat egin zuten, posta bidez informazioa, argazkiak, artikuluak, eta abar eskatzeko. «Oso eskertuta gaude jasotako guztiarekin, irudi eta historia oso polit eta hunkigarriak topatu ditugu».

Dokumentalaz gain, oroigarri bat ere eman nahi diete antolatzaileek parte hartzailerik fidelenei, lehen igeriketarako erabiltzen ziren telazko txapelekin. «20-30 pertsona inguru dira 25 urtez Getaria-Zarautz zeharkaldia egin dutenak, haiei esker mantentzen da proba hau, eta guretzako gozamen bat da jendearen konpromezua hain handia izatea». Fideltasun horren adibide garbia azaldu du Cazalisek: Carlos Santanak aurten 50. urtea izango du zeharkaldian. Edizio guztietan parte hartu duen igerilari bakarra da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxo gero eta japoniarragoa

Amaia Igartua Aristondo

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.
Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. ©GUIILAUME FAUVEAU

Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Ane Insausti Barandiaran

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...