Carlos Santana. Igerilaria

«1954tik ez diot igeri egiteari utzi»

Getaria-Zarautz zeharkaldiaren edizio guztietan parte hartu duen igerilari bakarra da Santana. Aurten, 82 urterekin, konpainia onean parte hartuko du, bere seme Carlosekin.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Joseba Arratibel Ladron.
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun

Carlos Santanak (Donostia, 1940) urteak daramatza igerian, baina hori ez da aitzakia igeri egiteari uzteko. Parte hartzen duen zeharkaldietan gailendu egiten da beteranoena izaten delako maiz. Getaria-Zarautz zeharkaldian, aurten 50. aldiz parte hartuko du. Zeharkaldiko edizio guztiak egin dituen igerilari bakarra da; hortaz, zeharkaldiko ikur garrantzitsua bilakatu da, eta igandean omendua izango da horregatik.

Nondik datorkizu igeri egiteko zaletasuna?

Familiatik ez, nire gurasoak 1938an iritsi ziren Gaztelatik, eta ez dira sekula Kontxako hondartzan bainatu. Ni, ordea, umetan hondartzara joaten nintzen jolastera, eta, igeri egiten ez banekien ere, uretan sartzen nintzen eta igeri egiten saiatzen nintzen. Santa Klara uhartean izan nintzen lehenengo aldiz, 12 urte nituela. Bertan eman nituen nire lehen pausoak igeriketan, hogei metrora zegoen txalupa batera igerian joanda.

14 urterekin, 1954an, lehen aldiz parte hartu zenuen zeharkaldi batean, Urumea ibaian, hain zuzen ere. Nola izan zen hori?

Garai hartan ez zegoen urpekaritzako betaurrekorik, begi irekiekin joan ginen, eta hori zikinkeriaz beteta zegoen. Enpresa handi guztiak ibaiaren ondoan zeuden, eta kutsatzen zuten guztia ibaira botatzen zuten. Frantziako pasealekura iritsi ginenean, goitik behera zikinkeriaz beteta geunden, meatzariak ginela zirudien.

Nola ikusten duzu Getaria-Zarautz zeharkaldiaren bilakaera?

Getaria-Zarautz lehen zeharkaldia 1968an egin zen. Bilakaera oso handia izan da, baina, igeriketaren bilakaera gisa. Lehen, lau ginen badian igeri egiten genuenak, igerilekurik ez zegoelako. Igerilari gutxi haiek Hamaika Bat taldean hasi ginen igerian; esan bezala, badian igeri egiten genuen, eta gero hemendik zeuden bi-hiru zeharkaldietan parte hartzen genuen. Lehen zeharkaldi horietan, hamabost igerilari inguruk parte hartzen genuen; bilbotarren bat, frantziarren bat eta badian igerian genbiltzan lau xelebre.

Zer sentitzen da Getaria-Zarautz zeharkaldian gehien aurkeztu den pertsona izatean?

Poztasun handia; izan ere, nik egin diren 49 zeharkaldietan igeri egin dut, pandemiagatik egin ezin izan diren azken biak kenduta, eta hau 50.a da. Gustura ari naiz entrenatzen, eta ondo sentitzen naiz. Egunero, Atleticora joaten naiz igeri egitera, ordubetetik gora, nik neuk prestatutako ibilbide bat egiten dut. Gaur egun, 82 urterekin, hori egiten dut oraindik, eta oso ondo sentitzen naiz.

Getaria-Zarautz zeharkaldian ez ezik, beste batzuetan ere parte hartzen duzu?

Hilaren 16an, Ondarroan egin den zeharkaldian parte hartu dut. Igeriketak eboluzio handia jasan du, geroz eta jende gehiago ikusten da zeharkaldietan parte hartzen, lehen igerilekurik ez zegoelako izan daiteke. Lehen igerileku estalia hemen egin zen, Donostian, orain termak dauden lekuan, Kontxako La Perlan. Inauguraziorako proba batzuk egon ziren. Proben artean, nik 1.500 metro egiten nituen igerian, garai hartan ez nekien igerileku bat nolakoa zen. Kloroa bota zutenek baldeetan bota zuten, nola bota behar zen jakin gabe. Gainera, ordu hartan ez zegoen betaurrekorik; igerian nenbilela, arnasa hartzean, burua altxatu, eta dena lausotuta ikusten nuen. Bukatutakoan, nire emaztearengana joan nintzen, garai haietan artean ere nire neska laguna, beste bi ahizpekin zegoen, eta nik ez nuen bereizten zein zen nire neska, begietan neukan kloroarengatik. Orain, betaurreko onak daude, baina lehenengoak oso onak izan arren, gomazkoak ziren, eta beti sartzen zitzaizun ura. Hobe izaten zen betaurrekorik gabe joatea, betaurrekoetan ura eramatea baino. Gero silikonazko betaurrekoak atera zituzten, begietara oso ondo egokitzen direnak, eta horietan ez zaizu urik sartzen.

Nola prestatzen da bat horrelako zeharbideetara aurkezteko, entrenamenduei, elikadurari eta abarri dagokienez?

Elikadura, beti berdin egiten dut. Ezeren ardurarik gabe, emazteak etxean jartzen didan guztia jaten dut. Goizean goiz gosaldu, eta, ondoren, entrenatzera joaten naiz badiara; etxera iristean, jateko prestatuta dagoena jaten dut, inongo kezkarik gabe. Apetitu ona beti dago. Entrenatzeko orduan, egunero entrenatzen nabil, 1954tik ez diot igeri egiteari utzi, lehen zeharkaldia egin nuenetik. Uste dut hori dela gakoa, ez uztea. Betidanik gustatu izan zait kirola; korrika egitea, bizikleta... Aldiz, ez naiz inoiz edale edo erretzaile izan.

Nola eragin zizun itxialdiak?

Egia esan, ezin izan nintzen bainatzera joan, baina ahal nuen onena egin nuen, hemen etxean gelatxo batean kirola egin nuen egunero: bizikleta, luzaketak... egin nituen. Ateratzeko aukera izan nuen bezain laster igeri egitera joan nintzen. Nahiz eta hasieran Atletico San Sebastianen arropa ezin zen utzi, Kontxako hondartzara joaten nintzen, arropa hondarretan uzten nuen eta igeri egitera joaten nintzen. Atletico San Sebastian ireki zen arte, hilabete batzuk behar izan ziren horretarako.

Inoiz parte hartu al duzu zure seme-alabekin, ilobekin...?

Lehen zeharkaldia uztailaren 25ean, Santiago egunean, egiten zen beti. Lehen edizioa egin zenean, goizaldean nire emaztea gure bigarren semeaz erditu zen; Carlos da hura ere, ni bezala. Nire emaztea eta semea ondo zeudela bermatu ostean, zeharkaldia egitera joan nintzen. Zeharkaldia amaitu bezain laster, ospitalera itzuli nintzen berehala. Igande honetan, lehenengo zeharkaldian jaio zen seme horrek nirekin batera parte hartuko du Getaria-Zarautz zeharkaldian lehen aldiz.

Erretiratzea urrun ikusten duzu oraindik?

Denbora daukadan bitartean eta jainkoak osasuna ematen didan bitartean, nik igerian jarraituko dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.