KRITIKA. Musika
Akordeoia orkestra klasikoan
Bilboko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Erik Nielsen. Bakarlaria: Iñaki Alberdi. Egitaraua: Luis de Pablo konpositorearen 'Amicitia' estreinaldia eta Igor Stravinski. Non: Bilboko Euskalduna Jauregian. Noiz: Martxoaren 9an.Bilboko Orkestra Sinfonikoak Luis de Pabloren estreinaldia eskaini digu: hau da, Amicitia edo Adiskidantza izenburuko lana, baina bitxikeria batekin, tituluaren bigarren zatian zehazten denez, Akordeoi eta orkestrarako asmatu baitu pieza. Izan ere, akordeoia ez da orkestra klasikoaren parte izaten, oraindik instrumentu gaztea eta herrikoia delako, besteak beste. Hainbat ahalegin egin dira akordeoia maila klasikoan sartzeko; hala-hola, hor daude Argentinako bandoneoiarekin egindako lan erakargarria, edo abangoardiako konpositoreek eginiko konposizioak. Gubaidulinak, Erkorekak, Lazkanok, Stokhausen-ek eta abarrek egindakoak, tartean. Eta, ildo horretan, bultzatzaile handia izan dugu Iñaki Alberdi, zeina akordeoilari bikaina den, eta baita lan honen sustatzailea ere, Luis De Pablorekin batera, hasieratik.
Adiskidantza lana hiru zatitan banatzen da, eta latinezko hitzekin izendatu du haietako bakoitza, bi musikarien arteko partaidetza nola edo hala itxuratuz: Moto perpetuo, Imago eta Velox. Oinarri politonal batean, bitarteekin jolasean dabil maisua, eta bakarlariarekin konbinatzen ditu tinbreak, orkestra-masa etengabeko jarioan dabilen bitartean. Hainbat tinbre dabiltza airean apenas erritmo bakar batez, eta armoniaren ordez, dentsitatea ematen dio horrek. Maisuak, kontuan izan du akordeoiak orkestraren aurrean daukan potentzia, eta bi elementuetan oinarritu du protagonismoa. Akordeoiaren ibilbidea orkestra barruan ematen da batzuetan, salbu eta ez bada cadenzan edo bakarlari modura egiten dituen uneetan. Gustatu zaigu asmakizuna eta bakarlariaren joaldi orbangabea; azken finean, kontuan hartzeko moduko lana baita hori, esparru klasikoan ere akordeoiaren presentzia bermatu ahal izateko, eta, bestalde, interes handikoa da konposizioa ere. Azkenean, publikoaren txaloak eskertzeko, Iñaki Alberdik Jesus Guridiren Nostalgia jo, eta, opari modura, kontrol handiz haizeratu zigun haren musikaltasuna, fraseoa eta dinamika.
Kontzertuaren lehenengo zati atonalaren atarian Igor Stravinskiren Haize instrumentuetarako sinfonia entzun dugu, 1947ko bertsioan oinarrituta. Izatez, Claude Debussyren memorian eginiko hiletazko pieza da, lengoaia atonal garratzean egindakoa. Gure orkestrak Erik Nielsen-en zuzendaritzapean egoki zabaldu zuen lanaren karilloi efektua eta korala.
Kontzertuaren bigarren zatian, berriz, publikoaren lasaitasunerako, Igor Stravinskiren Petruxka balleterako musikarekin 1911ko bertsiora itzuli ginen, jatorrizko bertsiora, zeina, kasu honetan, idazkera tonalean eginda baitago. Gizaki izateko ahaleginak egiten dituen panpinaren istorioa azaltzen du piezak, eta, deabruzko arpegioen artean txertatzen ditu fanfarreak eta gatazka, panpinaren azken sasi-heriotzarekin bukatzeko. Konpositoreak Errusiako eta Frantziako hainbat abesti herrikoi hartzen ditu, eta orkestrak maisutasunez landu zuen konposizio hori, Erik Nielsen zuzendari orojakilearen eskuetan, eta honako instrumentuen primerako parte-hartzearekin: pianoaren eskalak gora eta behera, oboearen kantua eta tronpetaren deia. Azken honen bi sasi-hutsen salbuespenarekin.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.