Albistea entzun

Animaliak Gabonetako 'apaingarri'

Behorrak, astoak, oiloak eta gameluak; asko dira Eguberrietan desfilatzera ateratzen dituzten animaliak. Kalejirak edertzeko aitzakian ateratzen dituzte, baina eragile batzuk zapalkuntzarik gabeko bestak antolatzearen alde daude.

<b>Antzarak. </b>Makilka, ihes ez egiteko; antzarak Iruñeko karrikan desfilatzen.
Antzarak. Makilka, ihes ez egiteko; antzarak Iruñeko karrikan desfilatzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Olaia L. Garaialde -

2021eko abenduak 15

Kirrinki-karranka ibiltzen dira gurditik tiraka idiak. Aaa-aaa esaten du astoak Olentzeroren tresnak eramaten dituenean. Meee egiten dute ardiek hirietako karriketan. Piru-piru diote antzarek Gabonetako desfileetan. Iiiiii oihukatzen dute zaldiek Errege Magoak gainean dituztelarik. Oihuak, txaloak, musika eta suziriak. Soinu horiek entzunez eta jendez inguratuta ibiltzen dira gizakiz besteko animaliak Eguberrietako desfileetan. Toki batzuetan erabiltzeari utzi badiote ere, Euskal Herriko toki askotan oraindik erabiltzen dituzte. Batzuk ohituretan eta animalien edertasunean babesten dira; beste batzuek, ordea, zapalkuntzarik gabeko bestak antolatzearen alde egiten dute.

Baionako karriketan asto bat ibiltzen da urtero Olentzeroren gauzak eramaten. «Olentzeroren gailuak eramateko garraio moduko bat da astoa. Gainera, animalia sinpatiko bat da», esan du Guillaume Irigoienek, Baionako Olentzeroren antolakuntzako kideak. Astoez gain beste animalia batzuk erabiltzen direla salatu du Maialen Saguesek, Nor kolektibo antiespezistako bozeramaileak: «Mila dira beste behin zapaltzen ditugun animaliak. Olentzeroren astoan jartzen dugu arreta, eta jarri behar dugu, baina animalia mordoa ateratzen da».

Baionako Olentzeroren gauzak eramaten ditu astoak sokatik tira egiten diotelarik.Isabelle Miquelestorena

Hamalau karroza inguru ateratzen dira urtero Olentzerorekin batera Iruñean. Karroza horietan haurrak joaten dira, eta idiak haietatik tiraka ibiltzen dira karrikan. «Ez dira animalia txikiak; hortaz, ez dute sufritzen, karrozak ez direlako oso astunak», azaldu du Xabier Martinezek, Iruñeko Olentzerozaleen Elkarteko presidenteak. Idiez gain, hala nola, txerriak, zaldiak, oiloak eta antzarak «alokatzen» dituzte. Orotara ia 15.000 euro gastatzen dituzte. Saguesek salatu duenez, «objektu bilakatzen ari dira; badirudi dekorazioa direla, baina norbanakoak dira. Sentitzeko gaitasuna dute, egoera horretan gaizki pasatzen dute, eta, batez ere, ez lukete han egon beharko».

Norbanakoak objektu

Martinezen arabera, desfileetan animaliak erabiltzearen helburua da landa eremua hirira eramatea: «Haurrek animaliak ikusteko egiten dugu; batzuek ez dute inoiz bat bizirik ikusi. Gainera, tradizioa nolakoa zen ezagutzea nahi dugu». Saguesek haurren eta gizakiz besteko animalien artean sortzen diren harremanetan jarri du arreta: «Umeen aurrean animaliak edozertarako erabiltzea normaltzen du; gure mesederako direla, gure menpe bizi direla eta haien funtzioa guri onura ekartzea dela». Desfileen antolatzaileen arabera, animaliak «ederrak» dira. Saguesentzat, «oso friboloa» da: «Gauza estetiko bat dira, eta egoera oso txar bat pasarazten diegu animaliei, polita egin dezaten». Horrez gain, salatu du «justifikaziorik gabekoa» dela.

Iruñean ez ezik, Nafarroako beste tokietan ere animaliak erabiltzen dituzte desfileetan, hala nola, Tuteran eta Lizarran. Martinezen arabera, Iruñeko kalejira eredu da beste batzuentzat: «Iruñeko Olentzero beste Olentzeroek eredutzat duten itsasargia da. Denak daude horri begira».

Donostiako hondartzara iristen dira zaldiak, Errege Magoak gainean dituztelarik.JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Lau kilometrora egon arren, Iruñeko kalejirak ez du Antsoaingoa (Nafarroa) argiztatzen. Urte askotan ardiak eta idiak erabili dituzte, baina azkeneko zazpi urteetan erabiltzeari utzi diote. Pablo Makusok hogei urte daramatza Antsoaingo Olentzeroren kalejira antolatzen, eta kalejiratik animaliak kentzeko borrokan ibili zen: «Animalien zaintzaren inguruan hitz egin nahi nuen, baina oso zaila zen, urte askoko kontua zelako, eta tradizioan oso errotuta zegoelako». Hiru urte eman zituen animaliak kalejiratik kendu nahian, eta prozesua sinplea iruditu arren zaila izan zela azaldu du: «Konfrontazioa eragiten zuen; horregatik, sentsibilizazioaz eta beldurraz baliatu behar izan nuen».

Erresistentzia

Antsoainen idiak erresistentzia adierazten hasi zirela azaldu du Makusok: «Idiak ostikadak ematen hasi ziren, eta horrek ematen zuen beldurra sentsibilizazioarekin nahastu behar izan nuen. Kendu ahal genituen idiak bakarrik, baina nik denak kendu nahi nituen». Idi horien ostikadak ez dira erresistentzia adibide bakarrak; esate baterako, 2016. urtean, gameluak behin baino gehiagotan bota zuen Meltxor lurrera, Donostian. Horrez gain, asko dira tokian bertan gelditu eta aurrera jarraitu nahi izaten ez duten animaliak. «Lasai egon eta esplotatu gabe bizi nahi dute, eta guk, aldiz, jende multzo handi baten aurrean desfile batean jartzen ditugu», azaldu du Saguesek.

Badira gizakiz besteko animaliak erabiltzen ez dituzten beste herri, auzo eta hiri batzuk. «Horrek erakusten du ez dela beharrezko zerbait, eta festak animaliak esplotatu gabe ospatu daitezkeela», aldarrikatu du Saguesek.

Desfileetan ez ezik, plazetan izaten dituzte animaliak ikusgai; esate baterako, dromedarioak ordu asko egoten dira Iruñeko Gazteluko plazan argazkiak ateratzeko edota gainean igotzeko. «Umeei animalien espazio naturala hori dela erakusten diegu, eta animaliak plaza erdian edukitzea normaltzen dugu», salatu du Saguesek. Horrez gain, gizarteak objektu kontsideratzen dituela dio: «Haiekiko enpatia galtzen dugu, ez baititugu norbanako sentitzen».

Baltasar gamelu baten gainean igota, eta gamelua erresistentzia egiten, Iruñean.IÑIGO URIZ / FOKU

Animaliak Gabonetan erabiltzeaz gain urteko gainerako bestetan ere erabiltzen direla salatu du Saguesek: «Gizakiak entretenitzeko esplotatzen dira animaliak. Gabonetako desfileak adibide bat dira, baina beste batzuk ere egiten dira urte osoan». Askekintzak desfile horien adibide ugari salatu zituen Gurean dokumentalean. Horretako, 2014. urtetik 2017. urtera Euskal Herriko bestetan grabatutako irudiak bildu zituzten. «Ez diegunez errespeturik eta ez ditugunez subjektu kontsideratzen, ez dugu birpentsatzen animalien erabilera», adierazi du Saguesek. Hala ere, animalia zapalkuntzarik gabeko desfileak posible direla azaldu du: «Dena eraldatu daiteke animaliak ez erabiltzeko».

Suziririk gabeko bestak

Idiak gurdi batetik tiraka, kirrinka-karranka. Danba, petardo baten hotsa. 2015. urtean, Portugaleten (Bizkaia), petardo batek gurdi batetik tiraka zeuden idiak izutu zituen, eta ihesi atera ziren. Ez da kasu bakan bat: suziriek eta petardoek ondorio latzak eragiten dituzte gizakiz besteko animaliengan eta zenbait pertsonengan. Antsoainen ia suziri guztiak kendu zituztela azaldu du Makusok: «Lehen, pila bat genituen; orain, bat edo bi gehienez. Absurdoa dirudi, baina ez dugu suziririk behar».

Desfileez harago, Gabonetan beste modu askotan erasotzen zaie animaliei, Saguesek salatu duenez: «Ez dira bakarrik plazara ateratzen; animalia asko erailtzen dira Gabonetako afarietan». Horren inguruan hausnartu beharra azpimarratu du. Horrez gain, horren sinbologiaz mintzo da: «Momentu horretan, ematen du onena eta preziatuena animaliak direla mahaian, eta haien balioa. Aberatsaren balioa berriro itzultzen zaigu etxera. Ea nork gehiago erosi eta nork gehiago jan. Hori berrikusi beharko litzateke».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Edorta Agirre. / ©Gorka Rubio, Foku

«Janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak»

Miren Garate, Gipuzkoako Hitza

Janaren inguruan «gero eta desinteres handiagoa» ikusten du Edorta Agirrek, Amantala ta mantela liburuaren egileak. Dioenez, «zelofanez ontziratutako produktuek» hartu dute lehengaien tokia. «Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik».

Sekulako giroa izan zen atzo Ondarroan, eguerditik hasita. ©URTZI URKIZU

'Azule', txingor euritan aurrera

Urtzi Urkizu

Bi urtez derrigorrez eten ostean, Zapato Azule jaia egin dute Ondarroan. Giro aparta izan da kaleetan, Dinamartxakoei ongietorria eman diete eta pentsiodunak omendu dituzte.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Niretzat, bertsoa terapia da; arazoren bat edukiz gero, bertsotan heltzen diot»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

40 urte igaro dira Arabako lehen bertso eskola sortu zutenetik, eta Lopez izan zen sortzaileetako bat. Ordutik, alboan izan du bertsoa, eta, eginiko lana eskertzeko, aurten berari eman diote Arabako bertsolari txapeldunari txapela jartzeko aukera.
Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du <em>Intimidad</em> telesailean. ©DAVID HERRANZ / NETFLIX

'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Urtzi Urkizu

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...